Tag Archives: Evans

Erabakita

Aurtengo Tourra epai zain gelditu da eta emandako arrazoien eta erakutsitako frogen arabera Wigginsek irabaziko du. Ez dago beste aukerarik. Hala juzgatuko luke herri epai mahaiak, zaleek alegia, denok ikusi baitugu mendateetan eta erlojupekoetan jazo dena. Eta hala ebatziko du lehiaketako epaile bakarrak ere, errepideak.

Wigginsek ukabildaka jo du mahai gainean eta gauzak berak nahi bezala utzi ditu. Uxatu ditu kazetari xaxatilariek sortu nahi zuten eztabaida, alegia lidertza kontuetan Froomekin sesiorik izango ote zuen. Ez da liskarrik izango. Froome Dauphinen baino indartsuago dago eta berak bakarrik hartu lezake estu Wiggins mendateetan, baina atzokoa ikusita otzan aritu beharko du liderraren mesedetan eta aurrez ezarritako egitasmoari men egin beharko dio, alegia taldea sortu zutenetik izan duten asmoari: Wigginsekin Tourra irabaztea.

Aurkariak aldiz depresiotik gertu egongo dira. Ez dute esango baina etsipenaren bisita izango zuten atzo. Wiggins historiaren zerura bidean dela ohartu dira, argi eta garbi, eta Skyk utzitako apurrekin konformatuko beharko dutela. Apur hori podiumeko hirugarren postua izan bide da eta horrek bakarrik pizten du ikusmina oraintxe bertan. Dema horretan, hori bai, ziklista asko arituko dira, Evans, Nibali, Menchov, Haimar Zubeldia (beste behin) eta Van den Broeck ere bai. Buru pittin batekin korritzen badute Wiggins eta Froomen jabetza izango dira lehen bi postuak. Hori bai, iazko Vueltan baino hobeto moldatuko al dira!

Evans eta Wiggins prest

Giroa amaituta mundu guztia Tourrari begira dago. Atzera kontaketa hasi da. Egin beharreko prestaketa lanik handiena eginda dago, eta orain lasterketak korrituz gorputza doitzea falta da, puntu puntuan jartzea. Dauphine da horretarako proba aproposa. Suitzako itzulia ere bai.

Tourrean protagonista izan bide diren asko eta asko, ia gehienak, Dauphinen dabiltza. Evans, Wiggins, Andy Schleck, Samuel Sanchez, Menchov, Vinokourov, Voeckler, Van den Broeck eta abar. Bi etapa baino ez dira jokatu eta ezin da ondorio handirik atera baina zerbaiten zantzuak hasi dira agertzen. Lehenbizikoa Bradley Wiggins eta Cadel Evans bide onetik dabiltzala. Andy Schleck ez, ez du ematen.

Cadel Evansek irabazi du Dauphineko lehen etapa.Wiggins bigarren sailkatu zen aitzin etapan baina eguraldiak izan zuen garrantziarik izan ez balu bera gailenduko zen, seguru. Garbi dago aurten batere ertzik gabeko denboraldia daramala, nahi ahala dabil, iaz Cadel Evans bezala. Australiarrak aldiz ez du iazko itxurarik eman orain arte. Nazioarteko kriteriumeko garaipena salbu, erdipurdiko ziklistaren pare ibili da aurten, baina gaur itzuli dela erakutsi du, eta ez dela babalorea bezala geldituko Wiggins ondo dabilela-eta. Etapa berak irabazi du eta lau segunduko aldea atera dio tropelari. Odolkiak ordainetan itzuli dizkio Wigginsi, hark bezperan bost atera zizkion-eta.
Arestian esan bezala hausnarketa sakonik ezin da egin oraindik, eta ez naiz Dauphineko erakustaldiak defendatzen hasiko datuek eta errealiteak erakusten baitute Dauphinen ondoegi ibiltzea ez dela komeni gero Tourra bete betean egiteko, baina Evans eta Wiggins prest direla ikusten da.

Ezin horrelakorik esango dugu Andy Schleckerengatik. Tourrean ondo ibili beharko luketenen artean bera eta Samuel Sanchez izan ziren txarrenak aitzin etapan: 29 segundoko atzerapena izan zuen luxenburgearrak; 30 espainiarrak. Gaur are okerrago, biak ala biak. Samuel Sanchez erori eta minez helmugaratu da 24 minutu pasako atzerapenarekin. Asturiarrak badu aitzakia. Andy Schleck ordea, hirugarren mailako muino batean gelditu da tropelari segi ezinda. Panorama ederra dauka osteguneko 53 kilometroko erlojupekoan. Eta asko hobetzen ez badu baita Tourrean ere.