Xabier Usabiaga: ‘Ulergaitza, bidegabea eta berantiarra’

Inork ez zuen espero. Alberto Contadorrari bi urteko zigorra ezarri diote dopinagatik. Egun tristea da ziklismoarentzat. Hala esan dute denek, baita UCI-k ere. Eta inor ez da poztu, ez Andy Schleck, ofizialki 2010eko Tourreko garailea, ez-eta Michele Scarponi ere, aurrerantzen 2011ko Giroko garaile gisa agertuko dena.

Alberto Contador
Alberto Contador

Erabakia bidegabea da epai mahaiak berak onartu duelako ezin izan dutela dopina frogatutzat eman. Orduan, zergatik zigortu dute? Pentsatzen dut kopuru hutsala izanagatik, bere gernuan Clembuterola aurkitu zutelako zigortuko zutela. Baina, topatutako kopuru nimiño hori dopina al da?. Jo dezagun dopinaren definiziora: “Errendimendua hobetzen duen edozein sustantzia edo metodo artifizial”. Prozesu luzeegi honetan argi eta garbi frogatu da kopuru horrek ez duela inolako onurarik eragiten errendimenduan. Orduan, dopina al da? Definizioa hitzez hitz aintzat hartuta, ez. Eta hori horrela izanik, pentsaten nuen errugabe jotzeaz gain zaharkituta dagoen dopin arautegia eguneratzeko balioko zuela kasu honek. Hau da, egungo atzemate sistemek, onurarik eragiten ez duten kopuruak ere atzematen dituzte, beraz, kualitatea baino kuantitatea jo beharko litzateke positibotzat, hots, hobekuntza hasten den kopurutik gora. Bada, alferrik izan da, arautegia eguneratzeko aukerari bizkar eman zaio.

Erabakia ulergaitza da, izan badirelako errugabe jo dituzten aurrekariak, Contadorri atzeman zioten kopurua baino handiagoa atzemandakoak gainera. Eta ulergaitza da 2012ko Abuztuan korritzen hasteko baimena ematea ere. Zer dela-eta hori? Contador 7 hilabetez bakarrik egon zen korritu gabe, 2010eko Abuztutik iazko Otsailera. Geroztik arazorik gabe korritu du, beraz, ez du inolako zigorrik bete. Zertara dator orduan garai horretan lortu dituen emaitzak baliogabetzea bainan zigorra bete izan balu bezala kontatzea? Eta prozesuak 2012ko Abuzturarte iraun izan balu? Berehala hasi al zitekeen korritzen? Kasu horretan zein zigor beteko zuen? Ulergaitza da. Uste dut Abuztuan korritzeko aukera ematearekin berez bidegabea den erabakia zuritu nahi izan dutela, arindu.

Eta berantiarra da ez delako bidezkoa horrelako prozesuek hain luze jotzea. Errugabea bada, gerora etor litezkeen ondorioei beldurrik gabe korritu behar du txirrindulariak. Errudun bada, ezin du korritu, hori merezi du lehiaren gardentasunak eta kirolaren sinesgarritasunak. Badakit oso zaila izango dela prozesu konplikatu hauen ebazpena azkartzea. Batzuetan erakundeek behar izaten dute denbora, beste batzuetan kirolariek eskatzen dituzte luzapenak argudioak behar bezala janzteko, baina baterako zein besterako epeak laburtuz gero, azken erabakia lehenago helduko litzateke. Nola edo hala, behar beharrezkoa da prozesuak azkartzea.

Contador aurki itzuliko da eta garaipenak lehen bezala lortuko ditu, asko eta garrantzitsuak. Bere lorpen bakoitzak lotsagarri utziko du bere kontra hartu den ebazpen bidegabe hau.

6 thoughts on “Xabier Usabiaga: ‘Ulergaitza, bidegabea eta berantiarra’

  1. isabel urretabizkaia

    Ez zaitut ikusi Contadorrekin egin duzun defentsa beste kasuetan egiten, astarloza, Di Luca, Basso, Vinokourov…., agian egin duzu eta ni ez naiz jabetu. Dopinaren kontzeptua eguneratu behar dela, erabat ados, baina norberaren defentsa besteei errua botatzen oinarritu, oso “made in spanish” egina dela iruditzen zait. Zientzian, matematikan, txirrundalitzan, nanodatuak bere garrantzia daukate, denentzat berdin, eta arauek aldatu behar badira ere, ez dadila izan “inor” tartean egonda. isabel urretabizkaia

    Reply
  2. Josu

    Zigorra bada uler dezaket 2010ko Tourra kentzea baina ez beste garaipenak, libre izan bada korritzeko eta ondo irabazi badu zergatik kendu? Valverderena ere ez nuen ulertu.
    Eta gero definizio honekin geratu naiz; “Errendimendua hobetzen duen edozein sustantzia edo metodo artifizial” Definizioa hori bada, nik ulertzen dudana sustantzia legez kanpokoa bada positibo dela kantitatea haundia izan edo ez.

    Reply
  3. Pingback: Nazkatuta

  4. Pingback: Nazkatuta

  5. Juanan

    Frogatuta dago debekatutako sustantzia azaldu dela Contadorren gorputzean. Berari zegokion berak nahita hartu ez duela frogatzea. Saiatu da, baina okerreko bidea aukeratu dute: Irungo txekor haragiak ez zuen aitzaikarik. Bide hori aukeratu izanak zer pentsatu ematen dit. Hori zen Contadorren helduleko bakarra, baina eskuetatik ihes egin dio. Araudia eskuetan, zigortu beste konturik ez zuten eta hala egin dute. Araudia zaharkituta dagoela eta aldatu behar dela? Konforme, baina kirolariak unean uneko arauen baitan jokatu behar du eta Clembuterolaren inguruko UCIren araudia argia da. Contadorrek ez du frogatu Clembuterola zergatik azaldu den bere gorputzean. Frogatu izan balu, onik aterako zen. Aurki, Mexikoko futbol selekzioko bost kideren inguruko epaia emango dute. Clembuterolarekin eman zuten positibo, eta hango haragia jateagtik iza dela argudiatu dute federazioko kideek. Mexikoko araudia hemengo berbera da 2007tik, baina agintariak jakitun dira abeltzain askok eta askok ez dutela araudia errespetatzen eta Clembuterolaz kutsatutako haragia jaten ari direla. Futbolari hauek onik ateratzen badira, hori frogatu ahal izan dutelako izango da, Contadorrek lortu ez duena.

    “Errendimendua hobetzen duen edozein sustantzia edo metodo artifizial” diozu Contadorren gernuan azaldu den kopuruari gutxi iritzita. Ez dut uste hori hitzez hitz horrela denik. Sustantzia azaltze hutsa, kopuru txikia izanagatik, zigortzeko nahiko arrazoi bada. Bi urte, arauak dioenez.

    Reply
  6. Pingback: Nazkatuta | Slump doktorearen zaintiratua

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *