Tag Archives: Valverde

Indartsuena izan gabe

Alberto Contadorrek indartsuena izan gabe irabazi du Espainiako itzulia. Hori txapeldun handi handien esku bakarrik dago. Beste guztiek ehuneko ehunean egotea ezinbestekoa dute gailentzeko, eta horretaz gain euren esku ez dauden beste gertaera batzuek bat egitea ere bai. Alberto Contadorren modukoak ordea menderagaitzak dira bete betean daudenean, baina ez daudenean ere irabazi dezakete. Hori da euren bereizgarrietako bat.

Tropeleko gizonik indartsuena Joaquin Rodriguez izan da, horretan ez dago zalantzarik, baina merezitako saririk gabe gelditu da. Egia da hortaz askotan erabili izan den esaldi biribila; itzuli handietan ezin da egun bakar batean ere hutsik egin. Mundu guztiak daki non galdu zuen karrera, baina zergatia jakitea zailagoa da. Nik uste bi arazo izan zituela: batetik gaitasun eza, eta haren ondorioz, erabaki okerra. Garbi dago mendaterik gogorrenetan indartsuena izan denak, bigarren mailako batean mendean izan dituenei jarraitu ezin badie, ahulezia duela. Hori garbi dago. Baina zergatik? Ez da kasualitatea txakalaldia atseden egunaren biharamonean izatea. Bezperan ez zuen entrenatu, eta gorptuza nagitu egingo zitzaion seguruenera. Askotan gertatu izan da historian.

Eta bigarrenik liderrari ez zitzaion iruditu Alberto Contadorren erasoa inora joango zenik, beraz, horra bigarren akatsa. Zetorkiona irudikatu izan balu, beste erabaki batzuk hartu behar zituen nola edo hala, baina ez zion arazoari aurrea hartu. Normalean, egia esan, ez da ezer askorik gertatzen, baina egun hartan bai.

Gertatu zena Alberto Contadorrengatik jazo zen. Ezinezkoan sinestu zuelako. Ohiko usteari, alegia erasoa jotzea, alferrik dela iritzi izan balio Puritok emango zukeen Vuelta, baina Contadorrek aproba egin zuen egun hartan ere. Kemenak eman zion garaipena, kirol maila ez baitzen aparta izan. Ez egun hartan eta ez karrera osoan. Contadorrik onena ez da ikusi.

Hura izan zen egunik seinalatuena. Vuelta bikaina izan da, inoiz gutxitan ikusi dira sailkapen nagusiko gizonak hain sarri orpoz-orpoko lehian eta horretarako ez da gainera mutur muturreko ibilbiderik behar izan. Hori eta faboritoen parekotasuna izan dira arrakastaren giltzarri. Beste antolatzaileek aintzat hartu beharko luketen ibilbidea izan du itzuliak.

Baina izan da ifrentzurik ere. Gizonik indartsuenen lehiatu beharrak eta Degenkolb esprinterraren nagusitasunak (5 etapa), papurrak baino ez ditu utzi besteentzat. 10 taldek baino ez dute lortu garaipenen bat. Gutxi da, erdia baino gehiago eskutsik joan dira-eta.

Oso itzuli, lehiatua, ikusgarria, erakargarria, eta bizia izan da, txirrindularitzak ihesi zihoazen zaleak bereganatu dituena. Baina batez ere, ziklismoak bere funtsaren goia jo zuen egunagatik izango da gogoan. Fuente Dera bidean Alberto Contadorrek irabazi eta Joaquin Rodriguezek karrera galdu zuen egunagatik geldituko da historian.

Buru hainbat aburu

Ez dakit zergatik aritzen garen sarritan irtenbiderik ez duenari irtenbiea topatzen. Gizakion akatsa izango da. Beste bat, beste askoren artean. Tourreko lehen asteko eztabaida nagusia eroriak nola sahiestu izan zen. Baina ez dago irtenbiderik. Ez biribilgune, ez errepide estu eta ez beste arrazoirik, eroriak ziklistek eurek eragiten dituzte inork amore ez emateko griñagatik eta denentzat lekurik ez dagoen tokian sartzen ahalegintzeagatik.

Espainiako Vueltako gaurko etapak antzeko gaia jarri du mahai gainean. Zer egin behar da liderra edota beste gizon garrantzitsuren bat erortzen denean? Erantzunik gabeko galdera da, buru hainbat aburuko gaia. Erori bakoitza desberdina da, bai egoeragatik, bai protagonista edota ondorioengatik ere. Nik uste denok onartzen dugula ez dela ez dotorea ez bidezkoa besteren zorigaiztotik onurarik ateratzea jokoan ezer ez dagoenean. Etapa hasierako erori batetik, esaterako. Baina oso bestelako kontua da karrera garaipenera bideratuta dagoenean. Atzokoa, adibidez. Sahietseko haizearen arriskuaz oharturik, Sky taldea haizebabesa antolatzen hasi zen, eta tupustean txirrindulari asko lurrera joan ziren. Gehienak Movistarrekoak, liderra tartean. Baina Sky taldearen estrategia abian zen ordurako, beraz ez dut arrazoirik ikusten ekin zioten lanari uko egiteko. Hala egingo al zuten eurek Valdezcarayn gora Froome edo Contador edo beste inor erori izan balitz?. Ez dut uste, eta ez lukete egin behar gainera.

Eroriak batzuetan ziklisten baldarkeri edo arreta ezagatik gertatzen dira, edo kasualitateengatik besterik gabe, beraz hala onartu behar dira. Ziklismoak mesede gutxi izango luke zoritxarreko bakoitzean txirrindulariek esfortzuari bizkar eman eta erruki eske hasiko balira.

Xabier Usabiaga: ‘Alejandro Valverde itzuli da’

Ivan Basso, Danilo Di Luca, Alexandre Vinokourov eta Alejandro Valverdek parekotasun asko dituzte. Hasteko ziklista handiak dira, oso handiak. Bigarrenik, denak erori ziren dopinaren atzaparretan. Hirugarrenik, laurek larrutik ordaindu behar izan dute hutsa, kasurik gehienetan bi urteko zigorra. Eta denak itzuli dira, nola itzuli ere, baina inor ez bueltatu Alejandro Valverde bezala. Bere lehen karreran bertako etapa nagusia irabazteaz bat itzulia bera eramateko mehatxu egiten dio liderrari, Simon Gerransi.

alejandrovalverde
Alejandro Valverde

Datuak begiratzen dituen edonor ohartu daiteke Vinokouroven eta Valverderen itzulera oso antzekoa izan dela, baina Valverderen garaipenak meritu gehiago duela esango nuke Pro Tourreko lasterketan gailendu delako. Kazastandarra 2009ko abuztuaren 4an berragertu zen Frantziako kriterium batean. Handik gutxira irabazi zuen lehen proba, abuztuaren 11an, L’Aingo Tourreko erlojupekoa.

Valverde Down Underren estreinatu berria da eta bosgarren egunean etapa nagusia irabazi du bere benetako nortasuna modurik onenean erakutsiz. Garaipen hori, berezkotik asko izan arren, disziplinaren adierazgarri da, hots, arrakastaren bi zutabe nagusiak izan ditu. Movistarreko ziklistak kolpe bakar batez uxatu ditu ezkorrek zituzten zalantzak. Baikorrak eta haren zaleak garaipena ospatzen ariko dira.

Valverdek lasterketarik onenak irabazteko gaitasuna duela erakutsi du garaipen horrekin. Itzuli da, inork ezin du zalantzarik txikiena izan. Iaz, beraren eta Philippe Gilberten arteko orpoz orpokoaren mina izan zuten zale askok. Murtziarrak lehia horretarako prest dagoela erakutsi du.

Xabier Usabiaga: ‘Akats berdina’

Ia bi urtez zain egon ostean Alejandro Valverde txirrindulari profesioanl gisa aurkeztu berri da. Albiste ona da ziklismoarentzat. Dopinagatik bi urteko zigorra bete ostean berriro bere talentua erakusteko moduan da zale askoren pozerako. Bere aurkezpena euforia giroan egin zen.

Alejandro Valverde

Alejandro Valverde

Ez nuen zuzenean ikusteko aukerarik izan, baina irakurri eta entzun ahal izan dudanez euforia hori protagonistetara ere zabaldu zen. Tourra irabaztea bera helburuen artean aipatu zuten. Gehitxo iruditzen zait. Valverde munduko ziklistarik onenetakoa da baina nire ustez ez du inoiz Tourrik irabaziko. Eta neurri horretako helburua finkatzea zentzugabea dela deritzot, babesleari sosak kendu eta zaleei kea saltzeko jokoa izatea. Ez dut sekula Valverdek Tourra irabaziko duenik pentsatu eta zigorraren osteko ekitaldian helburu hori erdiestea ezinezkoa iruditzen zait. Inork ez du lortu.

Jakina da gizakiak birritan edo behar hainbat alditan egiten duela estropezu harri berean eta kasu hau horren adibide da. Indurain erretiratu zenean, azkar izendatu zuten Unzuek eta Etxabarrik Abrahan Olano haren ondorengo. Kalte handia egin zioten gipuzkoarrari hain zama handia bizkarrera botata, Indurain ordezkatuko zuen amasemerik ez zelako.

Olano Munduko onenetarikoa izan zen eta historia ere egin zuen, besteak beste, irauoen zein erlojupeko Munduko Txapleketa irabazita, baie ez zuen Tourrik irabazi eta zale batzuei zapore gazi-gozoa gelditu zitzaien taldeak agindutako helburuak bete ez zituelako. Valverderi antzeko zerbait gerta dakioke.