Tag Archives: Alexandre Vinokourov

Txirrindularitza eredugarriaren adibide

Alexandre Vinokourovi merezi duen saria emateaz gain, Olinpiar Jokoetako lasterketak ziklismoak ikusgarriagoa izateko izan beharko lukeena erakutsi du, talde handiek ezartzen duten nagusikeriatik ihes egiteko irtenbidea zein den garbi gelditu da. Lasterketa irekia izan da, eta norbanakoaren bertuteak talde ahalmenen gainetik egon dira. Tamalez, gaurkoa bezalako ibilbide gozoan, inoiz gutxitan gertatzen da horrelakorik.

Lasterketak ohiko egitura izan balu, hau da, talde bakoitzak 8-9 lagun izan balitu, ez Vinokourovek eta ez berarekin batera ihesi zihoazen haietako inork ez zukeen merezitako saririk jasoko. Azken 200 metroetan agertuko zen esprinterren bat gailenduko zen. Ordurarteko lana bere talde edo selekzioak egingo zukeen. Garailea Cavendish, Greipel, Sagan, Goss, Boonen edo Boasson Hagen izango zen. Hori da gutxienekoa. Kontua da ibilbide horretan inork ezingo zukeela esprinta sahiestu, eta lastima litzateke txirrindulari handi askoren balioa ikusi gabe geldituko ginatekeen-eta.

Kontua ez da esprinterren aukerak ere galerazten dituen gogortasuna ezartzea, onena espezialista desberdinei antzeko aukerak ematea da. Era horretan asko ugaritzen da garaipenaren jokoan sartzen den txirrindularien kopurua eta horrekin ikusgarritasuna, bakoitzak bere erara jokatzen baitu.

Gaurkoa bezalako karrerekin, garaileak ez du nahikoa indar fisikoa izatea, argi ibili behar du lasterketan, ondo kokatuta, mugitzen jakin behar du, unean uneko erabakiak hartzen, estrategiarekin asmatzen, aztia izaten eta lortu nahi duena erdiesteko dena ematen. Horretan ez da erraza Vinokourov baino adibide hoberik topatzea.

Vinokourov eta Rabobank, aurkia eta ifrentzua

Alexandre Vinokourov erretiratzen denean somatuko dugu haren falta. Gutxi dira Euskal Herriko Itzuliko 3. etapako irabazlea bezalakoak. Aparta da. Ahaleginean ez du parekorik. Grinatsua da eta amorratuta korritzen du. Oldarkorra, goitik behera. Erasora irteten denean, sua dario begietatik, adurra ahotik eta txinparta zango indartsuetatik.

vinoHamaika garaipen lortu ditu ekin horri esker. Jokabidea norberaren izaeraren ispilua da, beraz, Vinokourov ausarta eta erasokorra da. Bere kirol bizitza osoan ikusi da hori, onean eta txarrean. Onetik gehiago du, baina dopinaren tentazio errazean erori izanaren orbana ere badarama nahiz eta gaurkoa bezalako garaipenek pekatua arindu.

Etapako aurkia Vinokourov izan zen, ifrentzua Rabobank. Etapan lana ondo eginagatik, azken kilometroetan ez zuten behar bezala jokatu. Zuzen jokatuta ere akaso alferrik izango zen, beharbada berdin berdin gailenduko zen Vinokourov, baina hori beste kontu bat da. Talde bakoitzak garaipenerako dituen baliabideak ondo erabili behar ditu, eta Rabobankek ez zuen hala egin. Vinokourovek eraso egin zuenean Freirerekin batera Paul Martens eta Robert Gesink taldetxo hartan ziren. Ez batak ez besteak ez zuten errelebo bakar bat eman.

Berriro diot, eman izan balute ere akaso Vinokourov harrapatzea ezinezkoa izango zen, baina haiek biek lana egin behar zuten. Martensek horretarako dagoelako, eta Gesinkek errelebo bat emateagatik ez duelako sailkapen nagusiko aukerarik zapuztuko. Balio du bost etapan bigarren eta hirugarren egiteak aurretik beste bat heldu bada.