Lance Armstrong biktima da

Ziklismoaren urrezko panpina apurtu da. Askoren jainkoa hil da eta orain, azkenean, egia aitortu duela-eta kirolean inoiz izan den gaizkilerik handiena gisa zigortuko dute. Etsaia, hutsaren hurrengo izango da Lance Armstrongen ondoan. Lotsa eta higuina eragiten duen pertsonai bihurtuko dute. Eta jantzi laranjaz atondu eta esku eta oin bilurrak jarrita heriotzaren korridorera eramatea besterik ez zaie falta. Duintasun oro galdu eta ez diote arnasik ere onartuko. Baina jakizue Lance Armstrong biktima dela. Biktima bai, kirolean inoiz izan den biktimarik handiena, beharbada. Bere handikeriaren biktima, bere gezurraren biktima, baina batez ere ziklismoak oraintsu arte izan duen sistema ustelaren biktima izan da Lance Armstrong.

Gezurtiarentzat gezurra ez da existitzen, iruzurgilearentzat iruzurra ere ez, euren errealitate bihurtzen da. Hori da euren egia. Eta ziklismoa gezurraren eta iruzurraren zurrunbiloan bizi izan da luzaroan. Betidanik esango nuke, baina batez ere 90. hamarkadatik oraintsu arte. Frogatuta gelditu denez, dopajea ez da inoiz hain homogeneoa izan eta hedatua egon, horregatik dira garai hartako ziklista ia denak, salbuespenak salbuespen, sistemaren biktima. Armstrong ere bai. Ez inor baino gutxiago eta ez inor baino gehiago.

Garai hartan dopinak ez zuen gaur egungo konnotaziorik. Moralki onartuta zegoen. Beharrezkotzat jotzen zen. Ez zeukan iruzur kutsurik. Ez zuen karga moralik. Ohikoa zen. Iraganetik zetorren ohitura, bilakaera naturala. Beraz ez zegoen errudunik. Denak ziren errudun, aldi berean: babesle, manager, zuzendari, masaje emaile eta, nola ez, txirrindulariak. Denek joko berean hartzen zuten parte. Joko arauak berdinak ziren denentzat. Denak pozik. Lance Armstrong, bere belaunaldi osoa, eta aurreko eta ondorengo batzuk, horrela hazi eta hezi ziren, giro horretan. Ez zuten hori aukeratu, gainera etorri zitzaien, dopinaren mamuak jan egin zituen. Ezezkoa esan zezaketen. Utopia. Inork ez zuen egin. Salbuespenen batek. Ez al gaitu gizarte ustez garbiak bere ohitura zikin askotara makurtarazten. Ez al gara kapitalismo basatiaren uztarrian lotuta bizi nahi edo nahi ez? Lanaren morroi, sistemaren biktima, neurri batean edo bestean. Ziklismoaren mundu hertsian ihes egitea askoz zailagoa zen. 20-22 urterekin umetako ametsen mundura heldu eta nork esan ezetz? Inolako errudun sentimenturik ez badago gainera? Denak zepora. Bultzata gainera. Kontzietnzia zuritzea oso erraza zen: “Denek egiten dute”.

Beraz, zergatik da Lance Armstrong beste inor baino errudunago. Erruduna bai, baina errudunago? Ez nator bat. Seriotasun eta memoria apur bat nahikoa da konturatzeko berak ez zuela doping sistematikoa asmatu, ez eta sustantzia desberdinik erabili ere. Jo hemerotekara. Armstrong izan al zen Michele Ferrari medikuarekin lan egin zuen lehena? Bakarra? Segi irakurtzen. Hartu Jesus Manzano Kelmeko txirrindulari ohiak egindako salaketak. Hark dopinari buruz emandako xehetasunak eta Armstrong salatzeko beste ziklistek egin dituztenak, berdinak dira. Berdin berdinak. Ez dago ez sustantziatan ez haien erabileran inolako aldaketarik. Dena berdin. Kontua da Manzano herrialde bananero batekoa dela eta haren salaketek ez zuten inolako eraginik izan.

Gainera ez al duzue uste bere iruzurrak beste ziklistak kaltetu izan balitu orain, Armstrongnen lege haustura frogatu denean, denek joko luketela auzitara kalte ordain eske? Dirua eta tituluak. Lasai, ez du inork joko. Inork. Zergatik? Denak ziren sitema beraren biktima. Ia denak. Armstrongi Tourreko tituluak kendu dizkiote. Dirua itzultzeko eskatuko diote. Ondo. Hala merezi du. Eta hala onartu du berak, gizon. Eta ez al dizkiote Ullrichi (nire ziklista kuttuna) bigarrenak kenduko? Eta Basso eta beste batzuei hirugarrenak? Haiek eta atzeragokoak garbi al zeuden? Egin diren ikerketek eta oraindik indarrean daudenek ez dute halakorik erakusten. Orduan zergatik jotzen da Lance Armstrong errudun bakartzat. Erruduna da, erruduna, baina ez errudun bakarra. Hori gehiegizkoa da. Ez da bidezkoa. Denak ziren biktima. Denak modu berean.

Esan dudana larria da. Baina orain esan daiteke. Dena azaleratu da. Frogak daude. Lehen ez. David Walsh kazetaria saiatu zen Armstrongen egia erakusten. Ezin izan zuen. Epaitegietara jo eta auzia galdu egin zuen. Sunday Times egunkariak kalte ordainak eman behar izan zizkion ziklistari. Estatu Batuetan ikerketa federala zabaldu zuten. Itxi egin zuten, ezer frogatu gabe. Egia ziklistek zekiten.

Lehen inori dopina lepoatzeko kontrolak zeuden, baina kontrolek, oro har, negatibo ematen zuten. UCI-k onartu du ordea, kontrolak ez zirela behar bezain eraginkorrak izan. Baina ez zegoen gehiagorik. Ez dezagun UCI bera kupidagabe kritikatu. Horregatik behintzat ez. Zientziak zituen aurrerapen oro modu aintzindarian erabili zituen UCI-k, baina ez zen nahikoa izan. Denboraren poderioz etorri da zorroztasuna. Egoeraren larriak eraginda. Autodestrukzioa sahiesteko. Orain kontrolak ez dira zorrotzagoak. Sistema da desberdina. Pasaporte biologikoa, ustekabeko kontrolak, ADAMS sistema, presioa, filosofia aldaketa…..baina orduan hori guztia ez zen posible. Beharrezkoa zen baina ez zen posible. Aldaketa pixkanaka etorrita ere giza intimitatea urratzen den kontuak-eta aipatzen dira. Orduan ezarri izan balitz Hagako epaitegira eramango zituzten zuzenean.

Aitorpen hau eginda, norbaitek pentsa lezake sistema hori, dopajea, defendatzen dudala. Ezta inondik inora ere. Zero tolerantziaren eta errudunak zigortzearen aldekoa naiz. Nire burua ez dut inoiz adibidetarako erabiltzen, oraingoan bai. Ni sistema horrek kaltetuetako bat izan nintzen. Ez nintzen inoiz dopatu. Inoiz. Zin dagit. Baina egiteko asmoa nuen eta nire burua ataka estuan ikusi nuenean neronek eskatu nituen debekatutako sustantziak. Eskuan izan nituen. Ez nituen hartu. Hartu izan banitu ez nituen izandako anemiak izango, lesioak ere ez seguru aski, eta beharbada karreraren bat irabaziko nuen. Noiz edo noiz ez nintzen aparte ibili. Hobeto ibiliko nintzen behintzat, hori seguru. Baina erruduna naiz, errudun morala. Nik ere egingo nuen, denbora falta izan zitzaidan. Sistemaren biktima nintzen. Armstrong bezala. Ez gutxiago eta ez gehiago.

Armstrong nahi duzuena izango zen: harroa, faltsoa, kupidagabea, prepotentea, baina derrigortuta bada bere erantzukizun guztiak onartu eta ordaintzen ari da. Bizitzaren estoldetan dago oraintxe bertan. Damua erakutsi du, barkamena eskatu eta ez du beste inor salatu. Bere salatzaile eta ixilik daudenak baino askoz gizatasun gehiago erakutsi du.

22 thoughts on “Lance Armstrong biktima da

  1. Berotuta

    Ekonomian eta politikan gertatutako gauzen gaitik eztek ba berdine esaten inungo komunikabidetan!!!
    Gaixki ein baldin baik pagau ein ber dik bai beak ta bai beste eozeinek(Bai Indurain, Merch o Vettel izen)

    Reply
  2. Jon

    Xabierrek dakien beste UCIk ere jakingo zuen, ez? Izan ere, UCIn txirrindulari profesional ohiak daude, ez? Esan bezala, txirrindularitza oso mundu ertzia da, beraz, ez dut sinesten konplizitatea txirrindularietara mugatu denik. UCIk ez du SISTEMA pikutara bidali nahi izan eta etengabeko gezur baten mantentzen gaitu. Niretzat, ez du inolako sinesgarritasunik.
    Txirrindularitzaren arazoa transparentzia eza da. Gauzak argiak ez daudenean gizarteak okerrena pentsatzen du beti. Beste modu batera esanda: iluntasun horrek txirrindulari guztiak errudun bihurtu ditu. Eta errudun izaten jarraituko dute, ez da ezer aldatu. Pena bat da, baina UCI konplize hutsa den bitartean gauzek berdin berdin jarraituko dute.
    Ez dakit dopatzeak osasuna kaltetzen duen, ezta horrenbesteko onurarik dakarren, baina hitza demonizatu egin da. Niri berdin zait dopatzen diren edo ez, baina denek baldintza berdinetan egin dezatela.
    Guk Giroa, Espainiako Vuelta, Tourra zein Euskal Herriko Itzulia berdin berdin jarraituko ditugu, errepide eskinetan animatzen egongo gara eta kirol hau maitatuko dugu. Baina denok dugu buruan gauza bat: dopatu egiten dira, aurkakoa frogatzen den arte.

    Reply
  3. Iker

    @Berotuta

    Ta ez duzue ba pentxatuko Indurain (adibidez) garbi zegoenik ala? Nik beti esan dut denak daudela zikinduta (aurrean ibili direnak beintzet) eta denbora pasa ahala hori ari gara ikusten. Eta orain dabiltzanak ere ez dira salbuespen. Medikuntzan lehenengo gaixotasuna ateratzen da, eta ondoren sendagaia. Berdin gertatzen da hemen, lehenengo produktua sortzen da eta ondoren produktu hori atzemateko sistema. Logikoki ezin da sistema produktua baiño lehenago lortu…

    Reply
  4. Soro

    Kaixo Xabier, nik bestelako ikuspuntua daukat:

    1) Armstrong dopinga erabili duten batzuk baina errudunagoa da USADAko txostenak frogatzen duenez bere taldekide batzuk koakzio eta presio bidez dopingera bultzatu dituelako. Ez da sistemaren biktima soila, sistemaren ustelkeriaren parte ere baizik.

    2) Bere barkamenari ez diot baliorik ematen. Urtetan zehar egia esaten zutenak publikoki seinalatu eta mesprezatu dituen pertsona bat baita Simeoni esaterako. Inoizko kasu handienak frogatutakoa besterik ez du onartu.

    3) Kazetari guztiek zero tolerantzia aipatzen duzue baina gero: elkarrizketetan gaia aipatu ere ez, doping bidez lorturiko garaipenak oraindik palmaresean zenbatu eta hori gutxi balitz dopinagatik zigortuak esatari bihurtzen dituzue gertatutakoaren inguruko inongo izpiritu kritikorik gabe.

    4) Astarloza kasuak paradigma aldatu zidan. Zaleok badugu erru handia bakoitzak bere txirrindulariak edozein egoeratan defendatzen dituelako.

    Diozun bezala dopingaren aurkako borroka ezin diogu jubenil bati esleitu. Gainontzekoek egin behar dugu

    Reply
  5. Iñaki

    Kaixo Xabier,
    ez nator bat zure ikuspuntuarekin.

    Armstrong biktima dela esatearekin badirudi errua besteek daukatela, eta argi dago berak aukeratu dula bere bizitza nola bizitu, ez beste inork, eta neurri horretan da erruduna eta egin duenaren erantzulea.

    Orain estoldetan dagoela, ba noski, lehen gailurrean bazen, ba orain gezurretan ibili dela frogatu denean zigor eredugarriak jartzearen aldekoa naiz, eta gailurrean zegoena estoldan egotearen aldekoa.

    Sistemaren biktima dela. Ba bera, sistemaren parte izanagatik, berari dagokion zatian erruduna da eta horregatik ordaindu beharko luke. Sistemaren gailurrean egonagatik gainera, zigor eredugarria jarri beharko litzaioke, eta kirolean irabazitako diru guztia itzularazi. Bestela, arnas ematen bazaio, kapaza da berriz kirolean aritu eta dopatuz irabaztea, auntzak mendira doazen bezela.

    Sistema bera gaizki dago, azkarrena, iraupen gehien duena saritzen da beti, eta balore horiek zertara garamatzaten agerian dago. Kirola osasuntzu izateari utzi zionetik, bide okerretik goaz. Gizarte osoa dabil dopatuta, lokartzeko pilulak,antidepresiboak…. hartuz, eta txirrindularitza gizartearen islada bat besterik ez da. Beste hainbat gahietan bezela, okerreko bidetik goazenekoa.

    Eta zu, kazetari hoberenetako bat zarela iruditzen zait baina dopinaren gai hauetan ez nago ados daukazuten jarrerarekin. Komunikabideetan argiago eta ozenago esan, hemengo idatzian esan duzunbezela, zer puntutaraino dagoen zabaldua dopinga kirolean, ez izkutatu. Eta erruduna beti, gaizki egiten duena da, dagokion neurrian, eta ez besteok.

    Besarkada bat,
    Iñaki

    Reply
  6. Karlos

    Esanak esan, aitorpenak aitorpen, nik galdera hau egingo nioke “dagokionari”: Eta bost tour irabazteko? Behar al da doping-ik bost tour irabazteko?

    Reply
  7. Andoni

    Garbi jokatu duten guztiengatik, ez dopatzearren txirrindularitza utzi duten gazte guztiengatik, Armstrongek ordaindu egin beharko du!

    Reply
  8. Asier

    Beste behien ere diruaren morroi, eta honen atzetik ziur nago kimika eta farmazigaien ekoieak!! Gure hazien atzetik ere badabiltza!!! Argi, guzti hau belaińue baino ezta!!! Ados xabirekin eta berak kargu hartzen badu ere, nigatik, xapo!!! Segizak gu gozarazten komunikabideetan degun hizkerarik aberatsenarekin!!!

    Reply
  9. gzk

    ….batetik, eta noski nere iritziz, bere burua dopatzeaz gain bere taldekideak dopaje sistemara behartzea da bere beste delitua.Extorsionatzea ain zuzen. Beste txirrindulari batzuekin alderatuz, Armstrongek inork baino sistema “garatuagoa” eta “babestuagoa” izan baitu . Eta hau ordaindu beharra du. Bestetik, berak beste inork baino gehiago lortu du txirrindularitzaren arrakastaren ondorioz. Eta hau ere ordandu beharra du noski. Beraz, eta nere iritziz beste behin, inor errrudon izatekotan hau Armstrong da!!!!

    Reply
  10. pello

    Bi gauza ikusten ditut garbi: Armstrongek ez zukeela inolako aitorpenik adierazi USADAk bere errua erakutsi ez balu eta arras erruduna dela estatubatuarra. Xabier Usabiaga, bertzalde, motz gelditu da errudunen zerrenda egiterakoan zeren kazetariak atzendu baititu. Dopinaren susmoa sendoa zen kasuetan kazetariak “banpiroen” aurka eta ziklisten alde ikusi ditugu, bertze kirolak ez direla neurri berean tratatzen entzun behar izan dugu eta maiz errugabetzat hartu dituzte dopinagatik zigortutako ziklistak.

    Reply
  11. fernando lopetegi

    Ados Soro! guztiz ados! Xabier maitea ez nauk hirekin bat…luzaro hitzegin al diagu baina ez gaituk iritsiko helmuga berdinera…ni bezalako iñuxenteak urteetan engainatu gaituztenak orain biktimak??? ez ezak adarrik jo!
    besarkada beroa!

    Reply
  12. Iker

    Batetik, uste dut 7 tour irabaz daitezkeela dopatu gabe. Izan ere, munduko 200 txirrindularirik onenak Tourra lehiatzen egiteko gaitasuna dutenaren zalantzarik ez daukat (askotan entzuten da kalean:”Ezinezkoa da egunero jipoiak hartu…” Edozein txapuzerok urte bete entrenatuta “kebrantausosa” egiten du! Nola ez dute ba 200 onenek, hortara dedikatuta Tour bat egingo?). Beraz, inor dopatuko ez balitz, TOurra berdin berdina izango litzateke ikusleontzat (agian ikusgarriagoa txakalaldi ta abarrengatik…) eta onenak irabaziko luke, (agian, 7 aldiz).

    Baina uste dut, garbitasun faltaren adierazgarririk handiena gainontzeko txirrindulariak positibo eman dutenen aurka ez oldartu izana dela. Nik behintzat, nik zuzen jokatuta tranpa eginda irabazi didatela jakingo banu, eskandalu ederra montatuko nuke.

    Holaxe ba, ea hemendik aurrera ziklismoa garbitzen den, eta kapitalismoa GARBITZEN dugun.

    Ondo ibili!

    Reply
  13. Pingback: » Dena azalezko, dena huts Apurka-apurka

  14. igor

    kaixo xabier. Gustua ematen dit zu irakurtzeak, nabaritzen da txirindularitza barrutik bizi izan dezula ta ni bezelaxe gauza asko ikusi ditugula eta horregatik agian daukagu ikuspuntu hau.
    Gauzak oso errezak dira, garai bakoitzean egoera bat izan da, alde batetik araudegia eta kontrolak bere produktu debekatuekin eta beste aldetik errealitatea, benetean erabiltzen ziren produktuak, kontroletan agertzen ez zirelako. Bi baldintza hoiekin guztiak ( zuk ondo diozun bezela ” salbuespenak salbuespen”) joku berdinera jokatu dute eta baldintza berdinetan
    . Orduan eta orain onak zirenak onak ziren eta txarrak, txarrak ziren. Guztiak errudun baina guztiak errugabe bere kontzientzian , ez zirelako tranpetan ari ,aldameneko hotelean lo egiten zuenak ere produktu berdinak erabiltzen zituelako batzuetan mediku berdinak emanda. Edo ez ditugu mediku asko hotelez hotel ronda egiten ikusi… amstronek eta beste guztiak tranpa egin dute UCIren araudegiarekiko??? Bai, baina ez ordea beraien aurkarirekiko haiek ere berdin zijoaztelako. Orduan lagunok, gure begiekin ikusi duguna egia izan da Amstrong onena izan da bere garaian Indurain berean e.a. Kirola horrelakoa da eta horelakoa da bizitza ere.
    Eta ez nago ados aurreko iruzkin batekin, txirrindularitzari gertatzen zaiona gauza gehiegi argitaratzeagatik da. Horrelako gauzak mundu horren barruan geratzen zierenean heroiak ziren gaur egun beste kirolari batzuek bezela. Horrelakoa da gizartearen hipokresia.

    Reply
  15. Gaizka

    Xabierrekin erabat ados nago.
    Agian gauza batean ez, “tolerantzia zero” horretan. Ta ni bezala telebistaren aurrean txirrindularitza ikusten jesartzen garen guztiak. Ez baitut uste jesartzen garenik jentea bizikleta gainean ikusteko asmoarekin (hori gure errepidetan daukagu), espektakulua ikusteko asmoarekin jesartzen gara telebista aurrean. Eta hori gaur egun txirrindularitza antolatuta dagoen bezala (eta kirola oro har) makarroiak baino zerbait gehiagorekin egin behar da. Denok gogoratzen dugu Chiapucciren Sestriereko etapa, Indurainen kronoetako erakustaldiak, Pantaniren atakeak eta Ulrich-ek (hau nere kuttuna ere bazan) bizikleta gainean ikusteak sortzen zuen zirrara. Amstrong alde batera hutsiko dut, bere sasoian ez nuen gustuko, baina ez dopina hartzen zuelako, beste kontu batzuegatik baizik, luze joko luketenak orain azaltzeak.
    Honekin ez dut esan nahi dena balio behar duenik. Txirrindularitza berak jarri beharko du neurria. Beraien onerako den neurria, batez ere txirrindularientzako ona dena. Eta neurri hau hartuta, denek joka dezatela araudi berarekin. Eta hortik irteten denari egurra, baina momentuan egindako kontroletan antzematen dena. Ez handik 10 urtera teknologia berriak edo konfezioren batek eragiten duelako.

    Reply
  16. asier

    Aizue! ez dezue ba usteko esandako guztiarekin, oraindik, .., txirrindularitzan txirrindularien bermea bilatuko dutenik ez? are eta gehiago tour batetan, horien gainetik daude multinazionalen interesak, “demokratizatu” gaituzten aberatsenena, .., semea banu ez nuke tourrera bidaliko ezta txoratuta ere, hala nahiko balu, batzue Santiago bidea egitera dijoazten bezala, edo Kepa Acero munduan bueltaka dabilen bezala, horretara animatuko nikek, eta besteen lepotikan espektakulua nahi duenak, Garin kanta jarri dezala, edo ipurtzuloa ispilu aurrrean. Opa diet euskaltel-euskadiko txirrindularieri, halere, taldeak kargu hartu eta emaitzeri baino giroa egiteari, pozez ospatzeari ekitea baloreetan (elkarkidetasuna, jatortasuna, aniztasuna, ….) horretara, eta esango badidazue tour batean lekurik ez dagoela etaparik irabazten ez duenarentzako, .., bada,.. eta utzi drogak hartu nahi dituenentzako, baina sekula ez derrigortu gurpilaren eraginpean dagoena! – hori bait da “autorikrazia” egun jasaten duguna eta! berriz ere diot guzti hau belainoa baino ez dela, .., ia inoiz esnatuko bagaren, …, aio

    Reply
  17. Koldo

    Aupa Xabier:

    Ni neu ere ez nago zurekin ados. Txirrindularitza gezur handi bat izan da eta da itxura guztien arabera. Ni ere kirol mundukoa naiz eta ezinezkoa egiten zitzaidan sinistea denak hartzen zutenaren kontu hori, eta egia aitortze arren, guztiz engainatua sentitu naiz.

    Nire baloreen oinarrietan hitzaren balioa dago oraindik ere eta horregatik hasten nintzen ezberdin begiratzen euskal txirrindulari baten kasua agertzen zenean, orokorrean ezezko aitortza izaten bait zuen ahoan.

    Beloki, Mayo, Astarloza eta abar luze xamarrak begiak ireki zizkidaten, baina harritu benetan Osaren kasuak harritu ninduen, herri lasterketa batean eman bait zen bera, maila horretaraino eraman al liteke irabazi nahiak? hain barruraino kutsatuak geratzen al dira profesional ohi hoiek? neuronak horrenbeste transtornatu al daitezke?

    Reply
  18. Juanan

    Kaixo, Xabier

    Zeure logikarekin iruzurgile guztia biktima da. Dopajea sistematikoa da, ustelkeria (mundu osoan) sistematikoa den bezala; albistegiak ikustea baino ez dago. Denek egiten dute, hor dago, esku-eskura, beraz , hartu egiten dute. Eta harrapatutakoan, ai biktima gizajoak! barkatu egin behar diegu: Armstrongi, Jonesi, Johnsoni, Bravori, Urrabururi, Barcenasi…

    Honako hau diozu: “Ez al gaitu gizarte ustez garbiak bere ohitura zikin askotara makurtarazten”. Ez, ez eta ez. Bada jendea, kirolari zein politikari, ohitura zikin horietara makurtzen ez dena. Jende asko da lapurtzen ez duena, jende asko da aukera izanagatik iruzur egiten ez duena. Iruzur eginda aberastu dena biktima? Biktimak gu gara, biktima ez dopatzea erabaki duen kirolaria da, biktimak Armstrongen seme-alabak dira; beraien aitak sortu zuen gezur handi baten biktima. Armstrong, USADAren txostenak dio, ez da bat gehiago. Armstrongek dopina sustatu du, taldekideak bultzatu ditu horretara, sistema oso baten buru izan da. Eta sistema ustel honek konplize bat baino gegiago du. Horietako bat, kazetaria.

    Reply
  19. oskar

    Kaixo,
    Iruzurgile guzti hauek, goi mailara heldu diren txirrindulari gehienak, laster-bideak topatu dituzte elitera heltzeko eta norberaren ego-a handitu eta dirua eskuratzeko. Beste askok onartu ez eta bidean gelditu dira. Azken hauek dira benetako biktimak, dopatzen diren horiek lekua kendu dietelako. Eta ez sistema ez porraz. Millar eta Hamilton-en liburuak irakurri ondoren, oso garbi ikusten da gaztetatik txirrindulari profesionala izatea zutela helburu. Eta oso onak ziren gazte-gaztetatik baina mundu mailako txirrindularia izateko dopina erabili zuten. Eta hor norberaren morala eta etika sartzen da jokoan. Eta aitortu behar dut, ni aberatsa izan nahiko nuke baina ez zait burutik pasatu ere egin iruzur bat egitea edo/eta lapurtzea.

    Ondo ibili, gitxi gastau eta bueltak poltsikure!

    Reply
  20. Andoni

    oskar :
    Kaixo,
    Iruzurgile guzti hauek, goi mailara heldu diren txirrindulari gehienak, laster-bideak topatu dituzte elitera heltzeko eta norberaren ego-a handitu eta dirua eskuratzeko. Beste askok onartu ez eta bidean gelditu dira. Azken hauek dira benetako biktimak, dopatzen diren horiek lekua kendu dietelako. Eta ez sistema ez porraz. Millar eta Hamilton-en liburuak irakurri ondoren, oso garbi ikusten da gaztetatik txirrindulari profesionala izatea zutela helburu. Eta oso onak ziren gazte-gaztetatik baina mundu mailako txirrindularia izateko dopina erabili zuten. Eta hor norberaren morala eta etika sartzen da jokoan. Eta aitortu behar dut, ni aberatsa izan nahiko nuke baina ez zait burutik pasatu ere egin iruzur bat egitea edo/eta lapurtzea.
    Ondo ibili, gitxi gastau eta bueltak poltsikure!

    Zeugaz erabat ados nago.

    Reply
  21. joseba

    kaixo xabier. analisi interesgarria zurea. gehienean ados nago, gainera.
    Armstrong erruduna da, diozu. Ados. Ez beste batzuk baino errudunago, diozu. Beno, ez da “errudunena” akaso, baina beste asko baino errudunago bada. ados.

    Biktimatik baduela? Ziurrenik bai. Gaur behintzat ez luke inork bere larruan egon nahi. Baina bere aitorpena ere, dexente estutu duten heinean egin du. Beste askok, gutxiago estutu dituztelako ziurrenik, ez dute aitorpen publikorik egin (behar izan).

    Kontu honetan guztian biktimak, handienak, zalegoa eta txirrindularitza bera dira. zer esanik ez, garai hortan dopinera jo ez zutelako txirrindularitzan saiatu arren ezer lortu ez zutenak. gaztetako ametsa bete ezinik gelditu zirenak eta tropelburu dopina nola zihoan ikusita etsiak jo zituenak.

    Reply
  22. Asier

    Ni Xabierrekin bat nator. Nor hobeto guzti hau ulertu eta azaltzeko, txirrindularitza barrutik bizi izan duen bat baino. Millar-ek argi esan zuen berak ez zuela dopatu nahi. Tour batean paper eskasa egin eta Vuelta lehiatzeko italiara bidali zuen Cofidis taldeak, taldekide batekin batera, entrenatzera. Dopatzera. Noski, berak taldea utzi eta ihesi atera lezakela (hori egon omen zuen wigginsek), baina goi mailako kirolak exijentzia maila altuak ditu, sponsor, publizitate eta kontratuek hori eskatzen dute. Sistemaren morroiak dira. Dudarik gabe!

    Xabier, zurekin erabat ados!

    Reply

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *