Tag Archives: Ricco

Xabier Usabiaga: Albiste onak

Azkenaldian bi aipamen baino ez dakartza ziklismoaren oihartzunak: Ricardo Riccoren egurtzea (merezita) eta Alberto Contadorren gaineko aurreikuspenak. Badirudi ziklismoaren iturriak dopina baino ez duela jariatzen. Ez da egia. Lasterketei erreparatuz gero, badira pozarren egoteko moduko berriak, ziklista batzuen errekuperazioa adibidez.

Batez ere Heinrich Hausslerren osatzeak poztu nau. Profesionaletan debuta egin zuenetik begiko dut. Klasiko zalea izanik atentzioa eman baitzidan profesionaletako lehen urtean Paris-Roubaix 25. postuan sailkatu izanak. Are gehiago, bere Ipodeko kanturik kuttunenak entzunez egin zuela jakin nuenetik. Ondoren gainera Espainiako Vueltan etapa bat irabazi zuen, bezperan, goizaldeko 5.00etan hoteleratu ostean. Ez da portaera jatorra, bistan da, baina datuok klasea erakusten dute.

Horixe erakutsi zuen, klasea, 2009an. Deboraldiko izar nagusietako bat izan zen, itxaropen hobearen berrespena. Bigarren izan zen Milan-San Remon eta Flandriako Tourrean, eta Frantziako Tourreko etaparik zoragarrienetako bat irabazi zuen, Colmarren. Erakustaldia eman zuen, gogoangarria izan zen hura.

2010erako itxaropenak ez ziren txikiak eta egia esan ondo hasi zuen denboraldia. Bigarren izan zen Qatarreko Itzuliko bi etapaetan, eta postu berdina egin zuen Het Volk klasikoan, Belgikako denboraldia abian jartzen duen harbideetako proban. Ordurako baina belauneko minez zebilen. Algarveko Itzuliko eroriko batean zuen sorburua arazoak. Atseden hartu eta Kaliforniako itzulian berragertu zen. Lurrera berriro. Belauna, beste behin. Lehengo bera. Lur jota zegoen eta alkoholetan ito nahi izan zuen bere ezina. Autoarekin istripua izan zen eta poliziak atzeman zuen.

Tourrera begira jarri zen ekainean eta Suitzako Itzulian etapa bat irabazi zuen. Prest zegoen. Baina biharamona zain. Esrpintean, lurrera berriro. Historia errepikatu zen. Belauna, beste behin. Lehengo bera. Akabo. Agur Tourrari eta denboraldiari. Ez zuen gehiago lehiatu.

Aurten ordea itzuli da, eta garailentzeko itzuli ere. Qatarren bi etapa irabazi ditu eta bigarren egin du sailkapen nagusian. Denboraldi zoragarri baten hasiera dirudi. Hala bedi.