Daily Archives: 14 February, 2011

Ez dago garailerik

Jakin berri da Espainiako Txirrindularitza Federazioak Alberto Contador zigorrik gabe uzteko asmoa duela. Berriro irauli dira aurreikuspenak. Baina ez dago argi azken epaia bide honetatik etorriko den, ikusi egin beharko baita erabaki horren kontra egiten duten UCIk edota AMAk Nazioarteko Arbitraje Epaimahaira jota. Esandakoak esan, hori litzateke logikoena baina ez ote duten egingo ere esan didate.

Ez dakit zer dela-eta aldatu duten iritzia Federazioko juristek. Pentsatzen dut Alberto Contadorren defentsak emandako argudioek eragingo zutela aldaketa edota blog honetan bertan urtarrilaren 27an argitaratutako (Berandu da, izenburupean) aurrekari batek. Edozein moduz sinesgaitzek izan diren presioak aipatuko dituzte. Presioak, esan gabe doa, izan dira, baina beti ez dira onerako izaten. Gainera, urtebeteko zigor proposamena egin zenean inork ez zuen zalantzan jarri profesionalen independentzia eta lan ona, eta orain ere errespetu berdinarekin ametitu beharko litzateke batzordearen intentzioa.

Edonola den ere eta afera amaitzen den bezala amaitzen dela, ez du inork irabaziko. Kaltea eginda dago, batez ere ziklistarentzat. Errugabe jotzen badute, barkatu izan zaion sentsazioa izango du Contadorrek, hala gogoraziko diotelako bere kontrakoek. Zigortuko balute, akaso bidegabea izango litzateke. Egia berak bakarrik daki, edo beharbada berak ere ez. Ziklistak errugabe dela esaten du. Orain, Federazioak ere bai.