Tag Archives: Dopina

Lance Armstrong biktima da

Ziklismoaren urrezko panpina apurtu da. Askoren jainkoa hil da eta orain, azkenean, egia aitortu duela-eta kirolean inoiz izan den gaizkilerik handiena gisa zigortuko dute. Etsaia, hutsaren hurrengo izango da Lance Armstrongen ondoan. Lotsa eta higuina eragiten duen pertsonai bihurtuko dute. Eta jantzi laranjaz atondu eta esku eta oin bilurrak jarrita heriotzaren korridorera eramatea besterik ez zaie falta. Duintasun oro galdu eta ez diote arnasik ere onartuko. Baina jakizue Lance Armstrong biktima dela. Biktima bai, kirolean inoiz izan den biktimarik handiena, beharbada. Bere handikeriaren biktima, bere gezurraren biktima, baina batez ere ziklismoak oraintsu arte izan duen sistema ustelaren biktima izan da Lance Armstrong.

Gezurtiarentzat gezurra ez da existitzen, iruzurgilearentzat iruzurra ere ez, euren errealitate bihurtzen da. Hori da euren egia. Eta ziklismoa gezurraren eta iruzurraren zurrunbiloan bizi izan da luzaroan. Betidanik esango nuke, baina batez ere 90. hamarkadatik oraintsu arte. Frogatuta gelditu denez, dopajea ez da inoiz hain homogeneoa izan eta hedatua egon, horregatik dira garai hartako ziklista ia denak, salbuespenak salbuespen, sistemaren biktima. Armstrong ere bai. Ez inor baino gutxiago eta ez inor baino gehiago.

Garai hartan dopinak ez zuen gaur egungo konnotaziorik. Moralki onartuta zegoen. Beharrezkotzat jotzen zen. Ez zeukan iruzur kutsurik. Ez zuen karga moralik. Ohikoa zen. Iraganetik zetorren ohitura, bilakaera naturala. Beraz ez zegoen errudunik. Denak ziren errudun, aldi berean: babesle, manager, zuzendari, masaje emaile eta, nola ez, txirrindulariak. Denek joko berean hartzen zuten parte. Joko arauak berdinak ziren denentzat. Denak pozik. Lance Armstrong, bere belaunaldi osoa, eta aurreko eta ondorengo batzuk, horrela hazi eta hezi ziren, giro horretan. Ez zuten hori aukeratu, gainera etorri zitzaien, dopinaren mamuak jan egin zituen. Ezezkoa esan zezaketen. Utopia. Inork ez zuen egin. Salbuespenen batek. Ez al gaitu gizarte ustez garbiak bere ohitura zikin askotara makurtarazten. Ez al gara kapitalismo basatiaren uztarrian lotuta bizi nahi edo nahi ez? Lanaren morroi, sistemaren biktima, neurri batean edo bestean. Ziklismoaren mundu hertsian ihes egitea askoz zailagoa zen. 20-22 urterekin umetako ametsen mundura heldu eta nork esan ezetz? Inolako errudun sentimenturik ez badago gainera? Denak zepora. Bultzata gainera. Kontzietnzia zuritzea oso erraza zen: “Denek egiten dute”.

Beraz, zergatik da Lance Armstrong beste inor baino errudunago. Erruduna bai, baina errudunago? Ez nator bat. Seriotasun eta memoria apur bat nahikoa da konturatzeko berak ez zuela doping sistematikoa asmatu, ez eta sustantzia desberdinik erabili ere. Jo hemerotekara. Armstrong izan al zen Michele Ferrari medikuarekin lan egin zuen lehena? Bakarra? Segi irakurtzen. Hartu Jesus Manzano Kelmeko txirrindulari ohiak egindako salaketak. Hark dopinari buruz emandako xehetasunak eta Armstrong salatzeko beste ziklistek egin dituztenak, berdinak dira. Berdin berdinak. Ez dago ez sustantziatan ez haien erabileran inolako aldaketarik. Dena berdin. Kontua da Manzano herrialde bananero batekoa dela eta haren salaketek ez zuten inolako eraginik izan.

Gainera ez al duzue uste bere iruzurrak beste ziklistak kaltetu izan balitu orain, Armstrongnen lege haustura frogatu denean, denek joko luketela auzitara kalte ordain eske? Dirua eta tituluak. Lasai, ez du inork joko. Inork. Zergatik? Denak ziren sitema beraren biktima. Ia denak. Armstrongi Tourreko tituluak kendu dizkiote. Dirua itzultzeko eskatuko diote. Ondo. Hala merezi du. Eta hala onartu du berak, gizon. Eta ez al dizkiote Ullrichi (nire ziklista kuttuna) bigarrenak kenduko? Eta Basso eta beste batzuei hirugarrenak? Haiek eta atzeragokoak garbi al zeuden? Egin diren ikerketek eta oraindik indarrean daudenek ez dute halakorik erakusten. Orduan zergatik jotzen da Lance Armstrong errudun bakartzat. Erruduna da, erruduna, baina ez errudun bakarra. Hori gehiegizkoa da. Ez da bidezkoa. Denak ziren biktima. Denak modu berean.

Esan dudana larria da. Baina orain esan daiteke. Dena azaleratu da. Frogak daude. Lehen ez. David Walsh kazetaria saiatu zen Armstrongen egia erakusten. Ezin izan zuen. Epaitegietara jo eta auzia galdu egin zuen. Sunday Times egunkariak kalte ordainak eman behar izan zizkion ziklistari. Estatu Batuetan ikerketa federala zabaldu zuten. Itxi egin zuten, ezer frogatu gabe. Egia ziklistek zekiten.

Lehen inori dopina lepoatzeko kontrolak zeuden, baina kontrolek, oro har, negatibo ematen zuten. UCI-k onartu du ordea, kontrolak ez zirela behar bezain eraginkorrak izan. Baina ez zegoen gehiagorik. Ez dezagun UCI bera kupidagabe kritikatu. Horregatik behintzat ez. Zientziak zituen aurrerapen oro modu aintzindarian erabili zituen UCI-k, baina ez zen nahikoa izan. Denboraren poderioz etorri da zorroztasuna. Egoeraren larriak eraginda. Autodestrukzioa sahiesteko. Orain kontrolak ez dira zorrotzagoak. Sistema da desberdina. Pasaporte biologikoa, ustekabeko kontrolak, ADAMS sistema, presioa, filosofia aldaketa…..baina orduan hori guztia ez zen posible. Beharrezkoa zen baina ez zen posible. Aldaketa pixkanaka etorrita ere giza intimitatea urratzen den kontuak-eta aipatzen dira. Orduan ezarri izan balitz Hagako epaitegira eramango zituzten zuzenean.

Aitorpen hau eginda, norbaitek pentsa lezake sistema hori, dopajea, defendatzen dudala. Ezta inondik inora ere. Zero tolerantziaren eta errudunak zigortzearen aldekoa naiz. Nire burua ez dut inoiz adibidetarako erabiltzen, oraingoan bai. Ni sistema horrek kaltetuetako bat izan nintzen. Ez nintzen inoiz dopatu. Inoiz. Zin dagit. Baina egiteko asmoa nuen eta nire burua ataka estuan ikusi nuenean neronek eskatu nituen debekatutako sustantziak. Eskuan izan nituen. Ez nituen hartu. Hartu izan banitu ez nituen izandako anemiak izango, lesioak ere ez seguru aski, eta beharbada karreraren bat irabaziko nuen. Noiz edo noiz ez nintzen aparte ibili. Hobeto ibiliko nintzen behintzat, hori seguru. Baina erruduna naiz, errudun morala. Nik ere egingo nuen, denbora falta izan zitzaidan. Sistemaren biktima nintzen. Armstrong bezala. Ez gutxiago eta ez gehiago.

Armstrong nahi duzuena izango zen: harroa, faltsoa, kupidagabea, prepotentea, baina derrigortuta bada bere erantzukizun guztiak onartu eta ordaintzen ari da. Bizitzaren estoldetan dago oraintxe bertan. Damua erakutsi du, barkamena eskatu eta ez du beste inor salatu. Bere salatzaile eta ixilik daudenak baino askoz gizatasun gehiago erakutsi du.

Armstrongi egin diotena ez da bidezkoa

Litekeena da USADAk arrazoi izan eta Lance Armstrong betirako zigortzeaz gain aurrez lortutako garaipenak eta bestelako lorpenak, denak, kentzea. Tartean baita, bistan da, Frantziako Tourrean erdietsitako zazpi garaipenak ere. Nik ez dut zigorra edo dena delakoa zalantzan jarriko. Ustez, oso ikerketa serioa egin du USADAk, behar adina froga eta lekukotza ba omen ditu esaten duenari sendo eusteko. Hala izango da. Baina ez dut uste bidezkoa denik ziklista bati, bakar bati soilik, horrelako jazarpena egitea.

Teorian pertsona oro berdina da legearen aurrean. Bada oinarrizko eskubide hori ez dela bete esango nuke kasu honetan. Ez honetan eta ez azkenaldian ziklismoan izan den beste batzuetan ere. Puerto afera, esaterako. Lasterketa ia ia guztiak nazioartekoak direnez nazioarteko erakunde batek babestu eta arautu beharko lituzke. Kasu honetan Nazioarteko Txirrindulari Elkargoak. Hori da eta ez besterik parte hartzaile guztiek betebehar eta eskubide berdinak izan ditzaten bete beharreko araua.

Zuzena al da Lance Armstrong era batean epaitzea USADAk hala nahi duelako, eta Ullrich, Beloki, Kloden, Basso, Vinokourov, Rumsas eta estatubatuarraren atzetik sailakatu ziren beste hainbat beste era batera euren herrialdeetako erakundeek USADAren inentzio bera ez dutelako? Bidezkoa al da lasterketa berean parte hartu arren, batzuek eta besteek betebehar berdinak ez izatea? Ezetz uste dut.

Ez dakit Armstrgonek legea hautsi zuen ala ez, hori, onerako eta txarrerako UCIri dagokio. Errudun balitz dagokion zigorra merezi du, baina horrelakorik ezin izan dute frogatu. Beraz, kitto. Bakea eta Osasuna.

USADAk Armstrong bizi osorako zigortu eta hari lorpenak kendu badiezaizkioke ere, horrek ez du garai bateko emaitzen gardentasuna ziurtatzen, denak ez direlako neurgailu berarekin neurtu eta hori da, hain justu, lehiaketa ororen berdintasuna bermatzen duen neurri bakarra.