Daily Archives: 6 April, 2011

Vinokourov eta Rabobank, aurkia eta ifrentzua

Alexandre Vinokourov erretiratzen denean somatuko dugu haren falta. Gutxi dira Euskal Herriko Itzuliko 3. etapako irabazlea bezalakoak. Aparta da. Ahaleginean ez du parekorik. Grinatsua da eta amorratuta korritzen du. Oldarkorra, goitik behera. Erasora irteten denean, sua dario begietatik, adurra ahotik eta txinparta zango indartsuetatik.

vinoHamaika garaipen lortu ditu ekin horri esker. Jokabidea norberaren izaeraren ispilua da, beraz, Vinokourov ausarta eta erasokorra da. Bere kirol bizitza osoan ikusi da hori, onean eta txarrean. Onetik gehiago du, baina dopinaren tentazio errazean erori izanaren orbana ere badarama nahiz eta gaurkoa bezalako garaipenek pekatua arindu.

Etapako aurkia Vinokourov izan zen, ifrentzua Rabobank. Etapan lana ondo eginagatik, azken kilometroetan ez zuten behar bezala jokatu. Zuzen jokatuta ere akaso alferrik izango zen, beharbada berdin berdin gailenduko zen Vinokourov, baina hori beste kontu bat da. Talde bakoitzak garaipenerako dituen baliabideak ondo erabili behar ditu, eta Rabobankek ez zuen hala egin. Vinokourovek eraso egin zuenean Freirerekin batera Paul Martens eta Robert Gesink taldetxo hartan ziren. Ez batak ez besteak ez zuten errelebo bakar bat eman.

Berriro diot, eman izan balute ere akaso Vinokourov harrapatzea ezinezkoa izango zen, baina haiek biek lana egin behar zuten. Martensek horretarako dagoelako, eta Gesinkek errelebo bat emateagatik ez duelako sailkapen nagusiko aukerarik zapuztuko. Balio du bost etapan bigarren eta hirugarren egiteak aurretik beste bat heldu bada.