Monthly Archives: May 2011

Giroko albiste onak (eta txarrak)

Giroa historia da jada, baina oraindik ez dira itzali han ikusi ditugun argi printzak. Distiratsuena irabazlea izan da, Alberto Contador. Madrildarrak lehiatu dituen azken 6 itzuli handiak irabazi ditu (3 Tour, 2 Giro eta Vuelta bat) eta zuzenean doa ziklismoko historiako pulpitura. Bertan, onen onenak bakarrik daude: Eddy Merckx, Anquetil, Hinault, Indurain eta Lance Armstrong. Contadorrek gainera inork jarri gabeko marka jar lezake, hiru handiak denboraldi berean jostea. Giroko esfortzuak errekuperatzea asko kostako zaionik ez du ematen. Bere erritmoan ibili da, inork estutu gabe, eta esfortzuak nahierara egin ditu. Tourra irabaztetik ez da aparte ibiliko, eta bera espainiarra izanik, hura ere lehiatzeko motibazioa izan lezake. Erronka gaitza da, baina berak, beste inork, ezin dio aurre egin tamaina horretako jomugari.

Frantziarren protagonismoa ere ez da itzalean gelditu. 1990az geroztik Frantziak ez du ordezkaririk podiumean. Charles Mottet bigarren sailkatu zen Bugnoren atzetik. Aurten ere ez dute hainbestekorik lortu baina Gadret lehia horretan aritu da eta bere etapa garaipenak eta taldekide Hubert Dupondek protagonismoak herrialde hori suspertzen ari dela erakusten dute.

Steven Kruijswijk sailkapenean bederatzigarren ikustea albiste ona da ziklismoarentzat, baita Diego Ulissiren eta Eros Capecchi gazteen etapa garaipenak. Zer esanik ez, gure ikuspegitik, Euskatelek irabazitako mendateetako bi etaparik esanguratsuenak. Igor Antonek izenik handienekoa eramana zuen; Mikel Nievek historikoa, gogortasun eta garapenagatik. Tropela berritzen ari diren zantzu garbiak dira, denak ere.

Baina hainbeste distiraren artean izan da itzalik ere, batez ere Wouter Weylanden heriotza. Horrelakoetan alferrik da errudun bila aritzea, patua izango zela sinestea da onena.

Nekea

Itzuli handietan izan ohi den nekea ez da gaur bezain nabarmena inoiz izan. Askotan hitz egiten dugu horren gainean, baina ez da ia apenas antzematen. Ziklistak bakarrik igartzen dute, baina hamaika arrazoi tarteko beti ziztu batean ibiltzeko kemena ateratzen dute nonbaitetik. Batzuetan zientziak frogatu duena ere ezbaian jartzen dute, alegia, hamargarren egunetik aurrera, gutxi gora behera, gorputzak behera egiten duela hormona sistemak oreka galtzen duelako eta energia eta bizkortasuna moteldu egiten direlako.

Gaur Macugnagara bidean ordea nekearen teoria hori hamar aldiz biderkatu da. Dozena bat ziklista kendu eta beste guztiak hari mutur baten baitan daude, hezur eta azal, indarge. Ez da iritzi hutsa, egiaztapena da. Datu objetiboak daude. Begira.

Zazpigarren etapa, Montevergine, bigarren mailako mendatea; 17 kilometro eta bataz besteko penditza ehuneko bost ingurukoa. 26 lagun elkarrekin heldu ziren eta bi minutu azpitik 67 sartu ziren. Gaur, 19. etapa hirugarren mailako mendatean amaitu da. Ondo irakurri, hirugarren mailakoa. 28 kilometroko mendate etzana, ehuneko bostetik beherako zailtasuna bataz beste. Bi lagun heldu dira denbora berean, haien atzetik beste bat 3 segundora, hurrena beste 3 lagun 6 segundora, beste bat 8ra, hurrengoa 21era, beste bat atzerago 29ra. Errasorioa, alegia. Bi minuturen langa azpitik 22 baino ez dira heldu eta 67. aintzat hartuz gero, (Monteverginerekin alderatzeko alegia) hark 19 minutu eta 31 seguduko atzerapena izan du. Eta berriro diot, hirugarren mailako mendatea zen.

Datu gehiago. Gizonik indartsuenak ere ez daude nekearen kolpea jasotzetik at. Bide batez esanda normala eta naturala da hori. Rujanok 2 minutu eta 20 segundoko atzerapena izan du; Lovkivstek 3’17’’; baina deigarriena Igor Antonen kasua izan da, 19 minututik gorako atzerapena izan du.

Datuok argi eta garbi bistaratzen dute egunen joan etorrian gorputzari buelta ematea ezinezkoa dela. Bila ibili arren ez duzue antzekorik topatuko azken 20 urteko ziklismoan, baina oraindik ere ziklismoak berdin jarraitzen duela esango duenik izango da. Baina, gezurra da. Aldatzen ari da.

Teoria eta praktika

Askotan gelditu izandu naiz nabarmen ziklismoko gertaeraren bat edo ziklistaren baten errendimentua ahal den logikarik handienarekin azaldu eta gero errepidean bestelakorik gertatu izan dela ikusita. Alegia, teoria eta praktika ez daudela beti uztarri berean lotuta. Edo lotuta egon arren ez dira beti ezagutzen gertaeraren bat teorizatzeko beharrezko diren datuak.

Aitzitik, gaur italiako prensan teoria eta praktika lotzen dituen datuez gain ziklismoa izaten ari den aldaketaren berri ematen duten datu objetiboak ikusi ditut. Alberto Contadorrek Dolomitetako hiru etapetan egin duen lanaren datuak dira.

Ostiralean, Grossclockerren, 405 wattio inguruko potentzia garatu zuen. Contadorrek 63 pisatu zuela kontutan hartuta, 6,42 w/kg potentzia erlatiboa ematen du horrek. Larunbatean, Zoncolanen 359 wattio garatu zituen, 5’74 w/kg, egun horretan 62,5 kilo pisatu zituelako. Eta Gardeccian, 62 kilorekin, 379 wattio, beraz, 6’11 w/kg-ko. Garbi dago beraz lehen egunean azkenekoan baino indartsuago ibili zela, logikoa da hori, naturala, baina lehen ez zen beti hala gertatzen. Nik uste datu horiek aintzat hartu daitezkeela, izan ere kasu bietan bete betean aritu zela ikusi genuen. Ez ordea Zoncolanen, eta horregatik da logikoa han wattio gutxiago garatu izana, lasaiago ibili zelako. Horrek guztiak garbi adierazten du ziklistek nolako arazoak izaten dituzten egun batetik bestera gorputzari buelta emateko.

Bestalde, eta hori ere jakina da, esan liteke Contador aise dabilela, eta hala esan dute Eddy Merckxek eta Gianni Bugnok ere prentsan. Haiek esateaz gain datuek ere hala adierazten dute. Michele Ferrari mediku famatuak esan zuen Tourra irabazteko gutxienez 6,7 wattio garatu behar zire kiloko, eta jakina da Contadorrek ahalmen hori izan baduela. Kontua da Giroa irabazteko ez daukala zertan bere burua hainbeste beharturik

Iraganarerako bidaia

Ez dut 80. hamarkada baino lehenagoko ziklismoa ezagutzen. Kontatu izan didatena, irakurritako apur bat eta datuen bitartez dut garai bateko ziklismoaren berri. Eta esango nuke Giroko 15.etapan, Gardecciara bidean ikusitakoaren antzeko zerbait izango zela. Etapa historikoa izan zen bere gogortasun eta desnibelarengatik eta gogoangarria garapenarengatik. Zientziaren aurreko txirrindularitza liderren txirrindularitza izan zen, galtzeko beldurrik gabekoa eta irabazteagatik arriskuaren apustua egiten zuen ziklismoa. Hainbeste kontrolik gabea eta oldarkorragoa.

80. hamarkadaren ostean, baina batik bat 1990. urtetik aurrera, prestaketa zientifikoak eta talde indartsuegien ziklismoak kirol honen funtsari egin zioten eraso. Neurri batean hil egin zuten. Kontrola erabatekoa zen eta zenbait kasutan itzuli handiak irabazteko moduko ziklistak morrontza lanera makurtu ziren, era horretan erasorako aukerak errotik ebakitzen ziren, erritmoa jartzen zuen ziklista erasotzeko beharra zutenak baino hobea izaten zelako hainbat kasutan.

Gardecciara bidean gertatutakoa ordea oso bestelakoa izan zen. Ibilbideak liderren, banan banako ziklisten protagonismoa eskatzen zuen, eta hala izan zen. Taldeen lana ez zen batere esanguratsua izan. Hori eskatzen du jendeak, hori behar du ziklismoak. Txirrindularitza irekia, erabateko nagusitasunik gabea. Contador beste guztien gainetik dago, ados, baina igandean berak atera behar izan zituen eltzetik babak, taldearen laguntzarik gabe. Bizpahiru aldiz eraso egin behar izan zuen errespetoa jartzeko. Bere aurkariek ere ez zuten taldekideen makulurik izan, bakoitzak berea izan zuen soilik, eta norberak bere baliabideak jarri zituen jokoan.

Ziklista guztiek sufritu zuten gehiegizko ibilbidearen gogortasuna, denek, salbuespenik gabe, baina gizonik onenen jarrera adoretsuak garai bateko ziklismora eraman gituzten Dolomitetako paraje paregabeen barna Mikel Nieve gidari zela.

Taldea eta liderraren arteko diferentzia

481565_mikel_nieve_giro_EFE_original_imagen

Euskaltelek badu bere Giroko etapa. Benetan merezi baino egun bat geroago heldu zaio baina zain egoteak merezi izan du, Zoncolanen irabazita inoizko eskalatzailerik handienen historian ate handitik sartu da-eta Igor Anton. Zoncolanen irabaztea banan banakoen esku dago soilik. Gilberto Simonik irabazi du birritan, iaz Ivan Bassok eta gaur galdakaoztarrak. Azken urteetako eskalatzailerik onenetarikoak dira.

Baina merezi merezi, bezperan merezi zuten. Euskaltelek inoiz egin duen lanik eraginkorrena egin zuen talde gisa. Beste askotan ere izan dute antzeko jokabide profesionala eta kemen mugagabea, baina Grossglocknerrera bidean bezain kirol maila handia ez zaie askotan ikusi. Aurrenekotik azkenekora lan eskerga egin zuten, batez ere Mikel Nievek. Leitzarrak asko bihurritu zien lepoa bere gurpilean joan nahi izan zuten guztie, baita Igor Antoni ere, gaur izan duen indarra falta izan zitzaion-eta ostiralean. Hori da talde ona eta lider ona izatearen aldea. Ostiralean taldeak egin zuen lan bikaina. Gaur liderrak. Eta irabazi gaur irabazi da, beraz, adibide ona da askotan garrantzia gehiegi ematen zaion taldearen lana erlatibizatzeko.

Alberto Contadorrek ere ez dauka talderik onena baina ez dio inork itzalik egiten. Nahierara dabil eta benetan merezi duenari opariak ere egiten ari da. Grossclocknerren Rujanori egin zion, eta gaur, onar dezagun, Igor Antoni. Hala ere oparirik onena bera mendateetan gora hegan ikustea da. Hainbeste maite dituen txorietako bat ematen du.

Alberto Contadorren eztanda

Etna sumendia erupzioan sartu da, Alberto Contadorrek eragindu eztanda. Gaur heldu diren parajea bezalaxe berezia, bakarra, aparta den ziklista batek. Naturak ziklismoari egin dion oparia da Contador eta sumendien antzeko gaitasuna du. Berak erabaki duen arte lozorroan egon da, apal baina esnatu denean inguruan zuen dena birrindu du aurrez zegoenaren arrastorik utzi gabe.

Etnara heldu aurretik zuzenago edo okerrago egindako irakurketak baino ez zeuden eta esan daiteke berdinketa teknikoa zegoela. Scarponik zerbait erakutsia zuen, baina Contadorrek ere bai. Hori ordea iragana da. Orain Contador baino ez dago Giroan. Ez da beste garailerik izango. Erakustaldi fisikoa emateaz gain, psikologikoki lur jota utzi ditu aurkariak. Denak, salbuespenik gabe. Berak eragin duen lubakia konpontzeko gaitasunik ez dauka inork. Aurkaririk baikorrenak ere ez du hori sinesten. Kontrakoa esaten duena gezurretan ari da, edo jendearentzat hizketan.

Contadorrek dena du alde. Hasteko bere gaitasuna. Gero ibilbidea. Eta izendatu genitzazke lasterketaren egoera, eskarmentua edota erlojupean duen nagusitasuna. Baina ez dira beharrezkoak, berea ematen badu bera menderatuko duen ibilbiderik ez dago. Aurkaririk ere ez. Giroa irabaziko du, eta etorkizunean finkatzen duen helburu oro ere bai.

Aldaketarako zantzua

Txirrindularitzak aldaketak behar dituela begi bistakoa da. Ikusgarriagoak diren, edo besterik gabe, jendeak gehiago estimatzen dituen beste kirol batzuekin lehiatu nahi badu, ezinbestekoa da zerbait aldatzea. Gaur Fiuggin amaitu den etapak utzi du aldaketarako arrastoren bat. Fran Ventosok irabazi duen etaparen amaiera jarraitzaile bat baino gehiago ohi duten siestatik esna arazteko modukoa izan da.

Batetik ihes eginda ibili den boskotea zoriondu nahiko nuke, izan duten estrategia bikainagatik. Helmuga artean urrun zela, 50-60 kilometrora tropelak ia ia erritmorik bizitu gabe jan die denbora. Aise gainera, eta iheskideak jota zihoazela pentsatu bide izan dute tropelean lanean ari zirenek. Ezta hurrik eman ere!! Aurrez gordeta utzi dutena erakutsi dute euren arrakasta arriskuan izan dutenean eta oso ataka estuan jarri dute tropela. Ia ia Kristof Vandewallek garaipena kendu die muturren aurrean. Ez du lortu, baina hori da bidea, ia ia bide bakarra era horretako ihesaldietan gailentzeko.

Baina, batik bat, karrerak azken 10 kilometroetan izan duen eraso festa azpimarratu nahi dut. Nahas mahas ibili da tropela, batere kontrolik gabe. Zoragarria izan da. Ia talde orotako ordezkariren bat oldartu da erasoan. Izan ere, espriter ale batzuk baino ez ziren tropelean, gehienak atzean geldituta ziren aldapa gozo baina luzean. Horrek eta taldeko bakoitzeko ordezkari gutxi izateak eragin du mugimendua. Normalean lotura lanetan arituko liratekeenak ere erasoan mugildu dira-eta.

Lasterketa ez du inork kontrolatu ahal izan baina hala ere esprintean amaitu da. Hori bai, ohi baino askoz ikuskizun gehiagorekin. Badakit ezinezkoa dela beti helmugatik gertu aldaparen bat jartzea, baina talde bakoitzeko ordezkari kopurua gutxitzen bada antzeko egoerak eragingo lirateke orain baino askoz ere maizago. Egitea merezi duen proba da.

Sobera dakit, txirrindulari asko eta batez ere zuzendariak proposamen horren kontra egongo liratekeela, baina hala zeuden lehenbizikoz Alpeak, Pirinioak, Dolomitak edota harbideak sartu zirenean ere, eta ziklismoaren mitoak paraje horietan eraiki dira. Lehen arbuiagarriak ziren, egun ezinbestekoak.

Dena ez dago asmatuta

Txirrindularitzan berritasunen bat abian jarri nahi izan den bakoitzean, ozen entzun izanda dena asmatuta dagoen kontua. Eta halakorik gertatu ez denean hor egon da Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoa aurrerakuntzari hegalak mozteko debekuaren aiztoarekin. Eta halakorik gertatzen ez bada, edota aldaketa proposamena erakunde horretatik etorri izan denean antolatzaileek baztertu izan dute euren aginte ekonomikoaz baliatuta.

Kontua da oraintsu arte, karrerak asfaltatutako errepideetatik edota iparraldeko zenbait karreretako harbidean jokatu izan direla. Baina, bapatean, italiarrei asfaltorik gabeko errepideak sartzea otu zitzaien, Toscanan, Italiako ziklismoaren sehaskan. Strade Biancha Montepaschi Eroica eman zioten izena karrerari. Denboraren indarrik izan gabe lortu du arrakasta. Lehen ekitaldia Alexandre Kolobnevek irabazi zuen, hurrengoa Fabian Cancellarak, eta han ageri dira Thomas Lovkvist, Maxim Iglisnki eta Philippe Gilbert ere. Karrera askok nahiko lukete palmares hori. Iazko Giroan ere egin zuten errepide horien aldeko hautua eta lasterketa osoko etaparik zoragarri eta gogoangarrienetako bat utzi zuen. Aurtengoa ere ez da nabarmendu gabe pasa. Batetik Peter Weeningen garaipena ikusi dugu. Ziklista horrek 24 urterekin Tourreko etapa bat irabazi zuen. Bide arrakastatsu baten abiapuntua ematen zuen baina gaur arte berri on gutxi utzi du 30 urteko holandarrak. Ta bestetik faboritoen zenbait zertzelada utzi dizkigu. Nibalik jaitsieretan duen trebeziaren eta ausardiaren lekukotza, adibidez. Scarponiren indarra azken aldapan. Eta Contadorrengatik argi ibili dela besterik ezin genezake esan, Menchov eta Kreuzigerren modura. Eskasenak Igor Anton eta Joaquin Rodriguez.

Errepide horietan egin dituzten kilometro apurrek orain arteko guztiek baino ikuskizun gehiago utzi dute eta nabarmendu ziklismoan ez dagoela dena asmatuta. Etorkizunari atea zabaltzea nahikoa da, edo, batzutan iraganari. Kontua ekarpenak egiteko prest egotea da.

Wouter Weylandtden ametsak

Wouter Weylandt gaztea zen. 26 urte zituen eta oraindik puri purian zituen ziklista izatera bultzatu zuten weylandtilusioa eta ametsa. Gantekoa izaki, ziklista izan behar zuen, patuak agintzen zuen, hura baita klasikorik handienen begia. Haietan nabarmendu zen gaztea zela, oso gaztea zela. Flandriako Tourra irabazi zuen Sub-23 mailan, eta Paris-Roubaixen eta Harelbekeko Sari Nagusian podium izan zen maila berean, afizionatuetan. Artean 19 urte baino ez zituela, Quick-Stepek profesionalan aritzeko aukera eman zion. Han jarraitu zuen iaz arte, Tom Booneni laguntzen.

Liderrei laguntzen eta aukera zuenean bere ibilbidea jorratzen eman zituen urte haiek, egunen batean bera ere klasikozale handia izango zelakoan. Bidean zihoan. Gante-Wevelgen handian hirugarren izan zen, edota Espainiako Vueltan, itzuli handietako estreinaldian, etapa bat irabazi zuen; baita beste bat ere gaur urtebete Giroan. Erantzukizun gehiagoren bila Leopard-Trek taldearekin sinatu zuen aurtengorako, bide batez, beste klasikozale handi baten itzalean ikasten jarraitzen zuelarik. Fabian Cancellara zen oraingoan maisua.

Atzo ordea, dena ezerezean gelditu zen. Passo del Bocco izeneko mendate bat jaisten, Rapallorako bidean, Giroko hirugarren etapan, harresi bat jo eta han gelditu zen, hilda. Bere palmaresagatik baino gehiago bere gizatasunagatik izango dute gogoan bere lankideek, tropelak. Ikusi besterik ez dago, haren izaera eredugarria goraipatuz entzun eta irakurri diren adierazpenak.

Orain, ametsen erreinukoa da Wouter Weylandt. Orain, hemen gauzatu ezin izan zituen ametsak gauzatu ahalko ditu. Agur eta ohore.

Ustekaberik ez

Giroa ustekabeko nabarmenik gabe hasi da. Albiste ona da, ez bailitzateke onuragarria hasi bezain azkar faboritoren bat jokoz kanpo egotea. Dena normaltasunaren mugak errespetatuz gertatu da.

HTC taldeak irabazi du. Ez da berria, antzeko distantzian 2009an ere gailendu ziren-eta. Faboritoen artean Vincenzo Nibali izan da onena eta hori ere normala da Liquigas ondo ibili zalea baita era hontako probetan. Ez da erraza hori azaltzea, baina hala da. Banan bana hartuz gero ezin esan daiteke erlojupeko espezialista onik dutenik, baina kontua da talde homogeneoa dela eta horrek balio du taldekako lanetan eurek iaz eta 2007an erakutsi moduan. Horrelakoetan katearen zatirik ahulenak erakusten du kate osoaren sendotasuna. Hori bai Nibali ere ez dago kriskitinak jotzeko moduan, apenas lortu baitu alderik beste faboritoekiko. Bi segundo atera dizkio Michele Scarponiri, 8 Alberto Contadorri, 28 Roman Kreuzigerri, 31 Denis Menchovi, 42 Joaquin Rodriguezi eta 51 Igor Antoni. Ohi bezala Euskatel izan da talderik txarrena.

Horrek ere arreta ematen du. Euskaltelgo ziklistak ez dira Androniko edota Colnagoko eskalatzaile kuadrila baino ahulagoak holako probetarako, baina haiek emaitza hobeak lortzen dituzte. Nik uste etsita abiatzen direla euskaldunak eta horrela ezinezkoa da norberak duen maila ere ematea. Hala ere atera beharreko ondorioa da galdutako denbora ez dela, oraindik, kezkatzeko. Izan zitekeen okerragoa.