Daily Archives: 7 April, 2011

Samuel Sanchez aztia da

Mendateek indarraren legea bakarrik onartzen dute normalean. Ezer gutxirako balio izaten dute azpijokoek, aldapa gora bertuteak eta gabeziak, denak bistan gelditzen dira. Lege horretan oinarriturik Samuel Sanchez Arraten gora igo zen ziklistarik indartsuena dela pentsatu beharko genuke, baina ez da egia. Irudiek argi utzi zuten. Erasoetan ez zuen parte hartu, aldaparik gogorrenetan imintziorik ere ez zuen egin, nahikoa lan zuen aurkarien erasoei erantzuten. Ohi baino motelako irteten zen gainera, asturiarrak jakin badaki beroago jokatzen, arrapostu azkarreko ziklista da-eta.

Erasoak eraso ordea indarrak oso parekatuta daude. Ahalegina handiagoa zen ahalmena baino. Helmugara inoiz baino jende gehiago heldu zen elkarrekin, hamaika. Inoiz ez da horrelakorik gertatu. Horrelakoetan, indarrek ezer erabaki ezin dutenean alegia, beste ezaugarri batzuk sartzen dira jokoan, eta horretan asmatu zuen Euskaltelgoak. Beste inor baino aztiago izan zen. Ez zuen alferrikako indarrik xahutu, neurri egokian erantzun eta itxaron zuen, erantzun eta itxaron behar zen garaian. Horretan maisua da, zuhurtziaren errege.

Eta helmuga aski ondo ezagutzeaz gain (iaz garaile eta orain urte bi hirugarren izan zen) jaitsieran beldur gutxi eta trebetasun handia duenez, indartsuena izan gabe ere, gailentzeko beharrezkoak diren ezaugarrien uztarketari esker nagusitu da.