Daily Archives: 23 April, 2011

Philippe Gilberten ametsa

Edonork esango luke Lombardiarko Giro bi, beste horrenbeste Amstel Gold Race, Paris-Tours eta Het Volk, Giroko bi etapa, Vueltako beste bat eta beste dozenaka proba irabazita, edozein ziklistak aseta izango lituzkeela bere handinahiak. Ziklista gehienek jakin badakite palmares hori ametsen esparruari dagokiola eta banan banako batzuen esku baino ez dagoela. Bada, palmares hori Philippe Gilberti dagokio, eta kontua da bera ez dagoela oraindik okituta, baduela, oraindik, egia bihurtu nahi duen amets bat: Liege-Bastogne-Liege irabaztea.

Egia esan ez da harritzekoa Gilbertek nahi hori izatea, ametsa baino gehiago lasterketa hori bere bizitza baita, ziklista izatearen arrazoia. Han hasi zen dena. Bere bizitza Remouchamps herrian, Liegeko mendaterik mitikoenaren magalean, 1982ko uztailaren 5ean. Eta bere kirol bizitza, La Redouten, 1992ko apirilaren 19an. Artean, 9 urte zituen.

Urte hartan La Redouteko malda pikoetara joan zen, familia lagun. Erraz irudikatu daiteke Gilbert txikia ziklisten zain, urduri, zirrara menderatu ezinik. Ez nahi ordurako baina halako batean agertu ziren bere idoloak. Dirk De Wolf izeneko ziklista belgikar bat pasa zen aurrena, gero karrera irabazi zuen bera. Kontua da orduantxe egin ziola kosk Gilberti ziklismoaren harrak. Irudia iltzatuta gelditu zitzaion memorian eta oraindik garden ikusten omen du. Hala esana du berak: “lasterka hori irabaztea da nire benetako ametsa”.

Harrezgero Gilbertek ez du denborarik alferrik galdu. Ikasketak utzi zituen amateur mailan. Profesionala izan nahi zuen. Zirt edo zart. Porrotaren amildegi ertzean beti, baina beti aurrera. Ez du bide errazik izan, jendea zain izan du. Goiztiarra izatearen eskaerak handiak dira. Baina, azkenik heldu da ametsa egia bihurtzeko garaia. Heldu da Liege irabazteko ordua.