Daily Archives: 5 April, 2011

Garmin-Cerveloren joera

Aurretik esan nahi dut oso gustuko taldea dudala Garmin-Cervelo. Begiko dut zuzendaria eta hark ekarritako gardetasunaren aldeko apustu eredugarri eta ozena. Gustagarri egiten zaizkit taldeko ziklista asko, hala nola, Thor Hushovd, Heinrich Haussler, Ryder Hesjedal, Tyler Farrar, David Millar, Andrew Talansky, Vandevelde, Andreas Klier eta beste batzuk. Eta opa diot finkatutako helburuak lortzea.

Hori esanda, ez dut ulertzen Euskal Herriko itzuliko bigarren etapan izan duten joera. Une batez pentsatu dut Eddy Merckx taldean zutela. Bestela ezin da ulertu lasterketan hartu duten erabateko erantzukizuna. Gehiegizkoa izan da. Goizegi harrapatu dute ihesaldia. Azkarregi eraman duten tropela Azpirotzera bidean. Eta zergatik hori guztia? Bingen Fernandez taldeko zuzendariak esan duenez Hesjedalekin etapa irabazteko.

Bidezkoa eta egokia da lortu nahi dena norberaren esfortzuz erdiestea eta ez beste inoren bizkar, baina zein arrazoi zegoen Hesjedalengan hainbesteko konfiantza izateko. Hesjedal ez da irabazlea, ez da errematatzailea. Iaz oso denboraldi ona egin zuen, baina behin bakarrik gailendu zen. Mendate askotan ibili izan da ondo, baina inoiz ez du bakarrik ihes egin. Ez da inoiz esprintean nagusitu. Eta gaur inguruan izango zituen aurkariak kontutan izan da, gaur egingo al zuen ba inoiz egin gabekoa? Bada, ez du egin. Harrigarria egitea izango zen.