Johan Van Summeren belgikarrak irabazi du Paris-Roubaix. Denboraldiko ustekabekorik handienetakoa izango da. Seguru. Garmin-Cerveloko ziklistak zortzi urte daramatza profesionaletan eta bi karrera baino ez ditu irabazi, Poloniako Itzulia eta bertako etapa bat, biak 2007an. Hori bai, bere ahalegin eskergari esker bere taldekideek hamaika garaipen lortu izan dute. Morrontza lanerako gutxi dira bera bezalakoak, ibilide orotan egin baitezake lan eta une erabakigarrietan gainera, berdin harbideetako klasikoetan, Ardenetan edota itzuli handietako mendateetan.
Bere garaipenak bi giltzarri izan dituela esango nuke. Batetik bere kirol maila. Hori ez da gutxietsi behar. Orain bi urte bosgarren izan zen Paris-Roubaixen eta zortzigarren urtebete lehenago. Postu horiek ez daude edonoren esku, are gutxiago berak bezala lan eginaz gero.
Eta beste giltzarria ziklista guztiek Fabian Cancellararekiko duten obsesioa izan da. Denek bere kontra korritzen dute, baina logikoa da. Harelbekeko Sari Nagusian emandako erakustaldiak izutu egin zituen bere aurkariak eta orain haren ondorioak jasaten ari da. Horregatik gaur 45 kilometrora erasoa joa eta aurrena Hushovd eta ondoren Ballan berarekin eraman dituenean inork ez dio erreleborik eman. Eta berak, hori ere logikoa da, gogaitu eta lan egiteari utzi egin dio. Hori eta L’Arbreko harbidean motor batek egin dion enbarazua erabakigarriak izan dira karreraren bilakaeran.
Halere, Cancellara bigarren sailkatu da eta beste behin erakutsi du bera izan dela indartsuena, baina onena Johan Van Summeren. Berak bakarrik erabili ditu beharrezkoak ziren baliabide guztiak neurri egokian.