Aukerak agortzen

Aitor Elduayen. Atzo jaso genuen eguraldi parte berria. Atzo jaso genuen kolpe mikatz berri bat. Badirudi igandera arte eguraldi onik eztugugula izango, nabarmen ona denik ez behintzat. Alegia, Mendebaldeko Pilarean sartzeko behar diren baldintza ia perfektuak eztirela emango.

Eta zamaketariak etzi, ostirala, datoz OK jasotzera, Tumlingtar-era itzulera abiatzeko. Haiek bai, eta gu?

Badaezpadako bi parte gehiago jasoko ditugu. Lehena bihar, datorren astera begirako lehen printzak  erakutsiko dizkiguna. Deskuidoan antizikloi itxurako zerbait badago, erne! Baina itxurazko ezer ez badago, akabo, zamaketariekin batera geu ere behera.

Itxaropenari eutsiz hemen geratuz gero bigarren partea igandean jasoko dugu, datorren asteko parte zehatza emango duena, eta haren arabera egingo dute mendizaleek zirt edo zart.

Bai, kontuak ondo atera dituzue: ostiralean zamaketariak badoaz, eta gu igandera arte zain non, nola? Bada aukera hori baliatuko badugu Hillary BC-era jaitsiko gara, oinez ordu pare bateko saioa Barun glaziarrean 5.300 metrotik 4.800 metrora jaisteko, eta han artzai txabola txiki bat badagoenez, mantenua eta jatena eskaini dezakeena, eta Makaluko Mendebaldeko Pilarearen bista ere bai -talkiekin konexioa eduki ahal izateko batipat-, ba hura izango da behin behineko Oinarrizko Kanpaleku berria geuretzat.

Noski, eta kontuak ateratzen ari bazarete oraindik, beste galdera zera da, eta bitartean zer egin? Pazientzia kiloka sartu poltsikoetan eta buruan, eta denbora egin. Atzo esaterako Makaluko bide arrunteko OK-ra igo ginen bisitan: goizaldean lau indiar eta haientzat lanean aritutako sei sherpa gailurrera iritsi zirenaren albistea zebilen bolo-bolo iritsi ginenean. Gogoak nahigabe egin zien atximurka Mikeli, Albertori eta Juani. “Baina baldintzak ez dira inondik inora berberak bide arruntean eta Mendebaldeko Pilarean, are gutxiago igoera estiloak alderatuz gero, bereziki igoerarako baliatuta azpiegitura aintzat hartuz gero”, nik neurekiko; ondotxo ikasia daukat jada lelo hori.

Zergatik beraz atximurka hori? Bada atzoko eguna, edo goiza hobe esanda, eguraldi aldetik egun ona izan zelako igoera egiteko, berdin baita ere Mendebaldeko Pilarean, baina batekin ezta nahikoa, atzoko goiza halako lau behar dira gutxienez! Eta zorroztuz gero, goizekin ezta nahikoa, egun osoko eguraldi ona behar da, eta halakorik eztago… Atximurkak aukerak ia ezerezean geratzen ari direnaren seinale dira, nahi eta ezin horren adierazle.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *