Daily Archives: 8 May, 2009

Athleticeko futbolariak eta jokalari ohiak Zuzendaritza Batzordearekin haserre Kopako sarrerak direla eta

Badator Athleticek eta Bartzelonak Errege Kopako finala jokatuko duten eguna (maiatzaren 13a). Mestallan jokatuko da partida eta oraindik sarreren kontua dela eta eztabaida kalean dago.

 

Athleticeko jokalariak eta 1984an Kopako txapeldun izan zirenak haserre daude Zuzendaritza Batzordearekin finalerako sarrerak direla eta.

 

Athleticeko jokalariek 10 sarrera dituzte, hori bai, ordaindu beharrekoak. Baina gutxi iruditu eta kapitainetako bat, kasu honetan, Joseba Etxeberria, Zuzendaritza Batzordearekin hitz egitera joan zen. Batzordeari sarreren banaketa nola egin den erakusteko esan zioten, agiria erakusteko, baina zuzendariek ez zioten agiria erakutsi eta ez dagoela ezer hitz egiteko, dena argi dagoela esanez bukatu zen bilera.

 

Bestalde, 1984an Kopa irabazi zuten taldeko kideek ez dute sarrerarik Mestallan finala ikusi ahal izateko. Baina Zuzendaritza Batzordean egon diren zuzendari ohi guztiek badute sarrera. Adibidez, Endikak, 1984an finaleko gola sartu zuen jokalariak ez zuen sarrerarik, baina Goikoetxeak eman diolako ikusi ahalko du partida Mestallan.

 

Athleticen historia bizia dira eta ez dute sarrerarik. Guztira, 30 pertsonek osatuko zuten 1984an txapeldun izan zen taldea (entrenatzaileak, prestatzaileak… kontutan hartuz), baina zenbat ote dira Zuzendaritza Batzordean egon diren zuzendari ohiak? Zenbakia ez dakit ziur, baina asko izango dira Zuzendaritza Batzorde bakoitza 15 pertsonek osatzen dutela kontutan hartzen badugu.

Biharamonik gabeko lasaitasun eguna

Lasai, lasai daramagu gaurko eguna. Alberto jada espedizioko bere hirugarren liburua -‘Los Sotanos del Mundo’, Ander Izagirrerena,… paradoxikoa, bai-, bukatzen ari da jantoki-egonleku dendan, Juan ere bertan da Makaluko igoerei buruzko histori apuntetxo batzuk gainbegiratzen, Mikel dutxatu berritan bere denda txukuntzen ari da, eta neroni, zerbait egin behar eta lerrotxook idatziz gaurkoaren berri emateko.

Atzoko gertaerak eztu biharamonik ekarri. Oinarrizko Kanpalekuan eguraldi bare-barea daukagu, baina han goian, 7.000-8.000 metro inguru haietan, zer ote dagoen batek jakin, eta mendizaleak egoera berrira laster jarri dira.

“Eztago besterik, lasai hartu eta hurrengo eguraldi parteen zain gauden bitartean atsedenaz gozatu”, dio Juanek. Filosofia asko jarrita ere, egia da, ordea, antzematen zaiela pena punttu hori, izan zitekeena baino izan eztenaren punttu galdu hori, aukera bat agortu izanaren punttu hori.

Baina esanda bezala, burukominik gabe.

Boteprontoan eskuartean daukagun eguraldi parteak etzirako erabateko eguraldi okertzea iragartzen digu, prezipitazio ugari eta hotza, eta datorren asteazkenera arte-edo eutsiko omen dio. Handik aurrerakoak nola
izango diren jakiteko azkarregi da orain, ea igandean-edo. Kontuak eginda daude bitartean: “17 bat eguneko tartea daukagu oraindik”, dio Albertok, jada liburua alde batera utzi eta egutegi bat eskuartean. Gaur 24 egun bete ditugu Oinarrizko Kanpalekura iritsi ginenetik.

Ah! Mikelek eta Juanek xake partida berri bati ekin diote oraintxe. Espedizioan 0-3 orain arte gasteiztarraren alde. Nahigabe ere parekatzea Makalu eta hiruen arteko partidara joan zait. Oraingoz bota diote mendizaleek: “Xake Erregeari!”, Erregeak defentsa ona du ordea…