Monthly Archives: June 2009

Zer gertatzen da Lezaman?

Udan gaude eta Athleticen fitxajei buruz ezer gutxi dakigu. Kalean dagoen gaia Lezamaren egoera da.

Antza, Athleticek Lezamako Zuzendaritza Jose Maria Amorrorturi eskaini dio orain. Lehenago ere aritua da. Orduan ereindako haziak fruitu ugari eman ditu, baina bere egunean Amorrorturen lana ez zuten behar bezala neurtu. Erabakia mamitzeko egun batzuk eskatu ditu.

Kontua da presidente berria heltzen denean eta Zuzendaritza berria dagoenean Lezamaren proiektua ere aldatzen dela, beraz, zaila da etekinik ateratzea.

Ia behingoz lan egiten uzten duten eta proiektu serio bat dagoen harrobiaren onerako.

Inoizko Tourrik ikusgarriena, agian

Jakin badakit asko esatea dela hori, baina datuak datu, izenak izen, aurtengo Tourra inoizko Tourrik interesgarriena da.

Monakoko irteeran Frantziako Tourreko lau irabazle: Alberto Contador, Carlos Sastre, Oscar Pereiro eta Lance Armstrong, beraz, hasteko izen handiko lau txirrindulari.

Baina horietaz gain podiumean egoteko kalitatea duten hainbat gizon ere badaude, hala nola, Andy eta Franck Schleck, Levi Leipheimer eta Andreas Kloden.  Ezin ditugu ahaztu Kirchen, Kreuziger, Nibali, Gelsink eta Fabian Cacellara, erlojuaren kontra onena izateaz gain maldan gora geroz eta hobeto dabilen gizona (Indurain bere garaian bezala).

Eta euskadunak, zer?

Haimar Zubeldiak Astana taldearekin hartuko du parte, nahiko lan izango du nori laguntzen argi izaten, beraz, sailkapen nagusirako indar gutxi izango ditu usurbildarrak.

Euskaltel-Euskadiko Mikel Astarloza eta Igor Anton txirrindulariek Tourra ondo prestatu dute, ez da lan erraza izango, baina hor ibiliko dira, nor baino nor, munduko onenekin lehian etaparen bat irabazteko eta sailkapen nagusian aurreneko hamarren artean egoteko.

Javier Clemente Athleticen nahi dut

Ez dut nahi Clemente talde zuri-gorriaren entrenatzailea izatea, ezta gutxiago presidentea. Baina jakin badakit Lezama ondo ezagutzen duela eta harrobia eramateko gai dela ere.

Lezamak jokalari asko ematen zituenean Athleticen entrenatzaile bezala zegoen Clemente eta hainbat urteetan egon da etxe zuri-gorrian, beraz, nola edo hala, bertan egotea primeran egongo litzateke Athleticen etorkizuna bermatzeko.

Agian ezkerretik jaiki naiz, besterik ez

Uda honetan lan gehiago izango du Athleticek. Uztailaren 30ean UEFAko hirugarren kanporaketako lehenengo partida jokatuko dute zuri-gorriek. Taldeburu gisa egingo dute eta horrela Hanburgo, Erroma edo PSV Eindhoven bezalako talde handiak saihestuko ditu. Aurkariaren izena uztaileran 17ko zozketan ezagutuko dugu. UEFAk ez dit ilusio handirik egiten eta ez dakit zergatik.

Nire asmoa ez da izorratzea, baina benetan inporta zaidana Liga da, eta 8. Jardunaldian, adibidez, izango dugun egoera. Bibrazio onik ez. Kopako ametsaren ondoren errealitatera itzuli gara eta egia esan “Caparros bai, Caparros ez” oso kaltegarria delakoan nago. Ez naiz Utrerakoaren jarraitzaile sutsua, baina titular bat daukat buruan behin eta berriro: “Liga hasiera kaskarra eta San Mamesek Caparrosen kargugabetzea eskatzen du”.

Agian ezkerretik jaiki naiz, besterik ez.

Asteburuko Notak

10 Juan Martinez de Irujo

Irujo, txapeldun partida biribilean. Iberoko pilotariak, erakustaldi bikainean, Aimar Olaizola gainditu zuen Buruz Buruko finalean (Azken tantoen bideoa).

9 TAU Baskonia

Txapeldunek sufritzen jakin behar dute eta gasteiztarrek jakin badakitela erakutsi dute. Oso kanporaketa gogorra jokatu dute Real Madrilen kontra eta orain ACB-ko final handia jokatuko dute nor eta Bartzelonaren kontra, Euroligatik at utzi zuen taldearen kontra hain zuzen ere… Aupa TAU!

8 Roger Federer

Rafa Nadal lehiaketatik at geratu zen momentutik suitzarrak bazekien ezin zuela huts egin Parisen eta horrela gertatu zen. Federerrek bere aurreneko Roland Garros txapelketa lortu du, halere, ezin izan du Nadal kanporatu garaipena erdiesteko, beste baten izango da.

7 Real Union

Geroz eta gutxiago falta zaio talde gipuzkuarrari 2. Mailara igotzeko. Sabadell atzean utzita Alcorcon izango dute orain aurkari, aurreneko norgehiagoka Madrilen jokatuko da eta Real Unionek emaitza ona atera beharko du.

0 Alaves

Dagoeneko 2. B Mailan? matematikoki ez, baina gutxi falta zaio. Miraria gertatu ezkero mailari eutsiko diote, baina esan bezala, gauzak ez daude batere erraz. Alavesen etorkizuna belztuta dago oso.

Martin Lasartek izango du proiektu berria zuzentzeko ardura

Hartzekodunen hitzarmena funtsezkoa da Realaren biziraupena bermatzeko. Prieto ez dutela salduko berretsi du Aperribaik eta kirol helburua mailaz igotzea dela harrobian oinarrituz.

“Hartzekodunekin hitzarmen egokia negoziatzea eta igoera gauzatzeko taldea osatzea dira heldu den hilabeteetarako helburuak”. Hitzokin ekin zion Jokin Aperribaik bi ordu luzez iraun zuen prentsa agerraldi jendetsuari Anoetako estadioan. Bideragarritasun plangintza, zerraldo ekonomikoa suspertzeko ezinbestekoa, hezurmamitu zuten lehenbiziko zatian. Bigarrenean berriz, kirol arloa jorratu. Continue reading