Daily Archives: 16 May, 2009

Utzi egin dute

Ezinezkoa. Hormaren zailtasunaren aurka ezik, haizearen aurka ere aritu behar izan dute beste behin Albertok, Juanek eta Mikelek. Atzo jasotako iragarpenak dagoeneko abisua eman zuen: haizea harrotu egingo zen gaur, bereziki goiz partean, eta hala izan da.

Gau hotza baina oso barea igaro ondoren, 07:00etarako prest ziren abiatzeko. “Atzo jaso genuen iragarpenak nahiko jota utzi gintuen gaurkoari begira, baina gaua lasai-lasaia izan da eta orain ere bare antzera dago, beraz gora jarraituko dugu”, zioen Albertok abiatu aurretik egindako konexioan. Artean gogoa eta motibazioa pizturik zeuzkaten, errezeloa ere bai, baina denen nahasketan lehenak nagusi.
Baina, irten orduko etorri da haize aldaketa, ordurartean mendizaleekin ezkutaketan jolasean aritu izan balitz bezala. Gora egiten saiatu dira aurren batean, baina ordu terdi egin orduko haizea geroz eta ernegatuago. Oinarrizko Kanpalekutik ere beldurra ematen zuen egoerak: hiru mendizaleak elur izoztuko ertzean gora haize zirimolen artean.

Azkenean geldiunea. Talkie bidezko konexioa Albertorekin. Nahiz atzo eta gaur goizean birritan entzun duen, berriro gaurko eta biharko eguraldi parteaz galdegin du, haize indarraren datuak jakin nahi zituen batez ere. “09:00etarako orduko 34 km-ko indarra, eguerdiko 12:00etarako orduko 33 km-koa,… 15:00etarako zertxobait jaitsiko da orduko 27 km-ra…”. Kolpe gordina mendizaleentzat: “Datu altuegiak dira… orduko 20 km-tik behera behar dugu hemen aritzeko… (isilune luzea)… zaude Aitor, elkarrekin hitzegin behar dugu”, Albertoren erantzuna.

Lehen saialdia 6.500 metrotan utzi zuten, orduan gau txarra, haizetsua oso, pasatu zuten, eta erabakia garbia izan zen. Atsekabetuta, baino oraindik aurretik denbora bazegoela jakitun, itxaropentsu jaitsi ziren. Gaur 6.500 metrotan zuten kanpalekutik atera dira goruntza, bai, baina alferrik.
“Beherako bidea hartuko dugu… hau oso kolpe gogorra izan da, gaurkoa ez da aurreko aldian bezala animoso jaisteko modukoa. Halere oraindik beste saio bat egiteko moduan egon gaitezke… Baina esanda bezala, kolpe handia da”, esan du Albertok konexioa berrartutakoan.

Bada hori, behera, baina oraindik ere itxaropen izpi batekin, guztiz etsi gabe. Pasta berezikoak dira hiru mutilok. Zain gaude noiz iritsiko. Esfortzu ondorenerako Maila sukaldariak spagettiak prestatuko dizkie, txorixoarekin, gaztarekin eta tomate saltsarekin goxatutakoak. Goxoak gozorik apenas ekarriko die, badakigu, baina sikiera hau behintzat ona izan dadila pentsamendu txarrak eta nahigabea zertxobait arintzeko.