Monthly Archives: May 2011

Zortziko handiko doinu eder bat entzun nahi?

Xilabako txapelketa, Bizkaikoa, Arabakoa, Nafarroakoa eta orain Gipuzkoako. G puntua. Puntuen eta urduritasunen artean bada alderdi bat bereziki txapelketan aberastu behar litzatekeena. Doinuen aukeraketa. Betiko zortziko txikiak, betiko zortziko handiak. Hona hemen zortziko handiko doinu eder bat, inork Gpuntuan edo plazako saioren batean erabili nahiko balu? bejondaiola!
1908ko, maiatzaren 28an jaio zen Pierre Bordazarre, ezizenez Etxahun-Iruri ezaguna. Euskal idazlea, pastoralgilea, laboraria eta artzaina zen. Iruriko Etxahunian sortu zelako esaten zioten Etxahun-Iruri. Louis Ligetxen ikasle izan eta gero, harekin ibili zen bertsotan. 1946an sari bat irabazi zuen Hazparnen eta Zuberoatik kanpora Xalbador eta Mattinekin egin zituen saioak. Berrehun bat kantu baditu idatziak. Gehienak euskaraz baina frantsesez ere bai zenbait. Hemen entzun dezakezuen bertso sortaren izena, Ama da. 1946an idatzi zizkion bertsoa hauek amari. Etxahun Irurik berak eta Battitta Arabarkok abestuta, bi ahotsetan. AMA.

Hitza Jolas, boto eske

Igandeko Hitza Jolas saioan bertsozaleen botoa eskatu zuten. Bertsogintzaren bozak izan ziren igandean. Gpuntua-ren lehen itzuliko bertso onenak entzun genituen. Goizeko saioetako puntuaziorik altuena Agin Rezolak lortu zuen eta arratsaldekoetan Beñat Lizasok. Iñaki Viñasprek jarritako puntuari erantzun zion Ander Solozabalek Bederatzikoa atalean. Solozabalek Asier Azpirozi bota zion puntua Gpuntuaren gainean. Donostiako bertsoak ere entzun zituzten: Kontxako hondartzan Lujanbio eta Colina hondarretan idatzitako izenak ezabatzen.hitzajolas

Larunbateko Hitza Jolas saioan, berriz, Pedro Migel Etxernike zientzialari handiaren hitzak entzun ziren. Bera ere BECen izan zen. Lujanbiok suari botatako bertsoa gustatu zitzaion gehien. Bigarren Euskal Herriko Bertso-Afari Txapelketako buruz burukoa ere entzun zuten. Txapelduna Beñat Gaztelumendi izan da aurten, Jone Uriarekin buruz buruko eder bat jokatu ostean. Iñaki Viñasprek Xabier Ricori erantzunez bere bederatzikoa kantatu zuen. Abadiñon Sustrai Colina eta Jone Uria elkarrengana bilduta. Donostian Lizaso eta Egaña beren arteko laguntasunari buruz kopletan eta Lujanbio eta Egaña ofizioka: zure bikotea ere bertsolaria balitz?… Gpuntua-ri buruzko informazioa ere eman dute eta Donostiako Bukowsky tabernan Arkaitz Oiartzabal Xamoa Aritz Casabalek jarritako oinekin bertsotan.

Hitza Jolas; Gpuntua, Everestek, Abadiño …

Larunbateko Hitza Jolas saioan Orioko Balearen bertsoak entzun dituzte. Gpuntua ere Oriotik abiatu zen eta goizeko saiotik Otamendi eta Lasarteren ofizioa entzun dute. Baita Ibai Esoainen kartzelako lana ere arratsaldeko saiotik. Bergaran, Andoni Egaña Jose Luis Elkororen ahotik abesten eta Zestoako bertso jaialditik bertsoaldi onenak. Oroitzapenen kajoian 1980ko bertsoak. Urte hartako maiatzaren 14an, Martin Zabaleta Hernaniarrak eta Pasang Temba sherpak ikurriña jarri zuten Everest gailurrean. Garai hartan ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula Everestera igotzea eta Ikurriña tontorrean jarri izanak sekulako eragina eta piztualdia eragin zuen Euskal Herrian. Hitza Jolas saioak abesti inedito bat eskaini zuen larunbatean. Bi bertso jasotzen ditu abesti horrek momentu hura kontatuz. Entzun hemen irratsaioa.hitzajolas

Igandeko Hitza Jolas saioan Abadiñoko bertsoak entzun dituzte. Maite Berriozabalek gaiak jarrita Abadiñon bertsolari hauek aritu ziren kantari: Jone Uria, Gregorio Larrañaga “Mañukorta”, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga. Saio oso umoretsua Abadiñokoa. Iñaki Viñasprek erantzun dio Xabier Rikok jarritako puntuari Bederatzikoa atalean eta Basarrik bere lehen plaza Uztapiderekin San Isidro egunez egin zuela kontatzen. Gpuntuari ere beste keinu bat egin dio Hitza Jolas saioak Gorka Azkaratek Orion egindako kartzelako lana entzun dute. Entzun hemen saio osoa.

Everesten ikurriña lehen aldiz jarri zenekoa

Orioko balearen bertsoek ekartzen digute urtero gogora maiatzaren hamalaua, baina bada beste gertakizun bat oso ezaguna, eta hau ere maiatzaren hamalauan gertatu zen. zer gertatu zen 1980ko maiatzaren hamalauan?

“Mila bederatzirehun ta larogehi urtian, maiatzaren hamalaugarren egunian, Everest handiaren mendi gailurrian, ikurriña azaldu zan beatzik aldian?”

Balearen bertsoak ezagunagoak badira ere, bada Everesten ikurriña jarri zuteneko hura kontatzen duten bertsorik ere. Ez dakigu nork abestuak diren baina freskoan eta momentuan grabatutako bertsoak dira. Apostu ez dituzuela beste inon entzun!

Programen betegarri

Ez nator nire buruaren kontra egitera. Ezta gutxiagorik ere. Kontua da, badela zerbait amorru izugarria ematen didana, eta nola uda datorren, bota egingo dut.

Badira mimo handiz antolatutako bertso saioak. Herri guztietan bertso saioak egongo dira sasoi honetan, eta hala ere, askoren artean bereziki gogoratuko  gara batzuekin. Badaude izugarrizko kariñoz antolatutako bertso saioak, eta urtero deitzea gurako nukeen herriak, baina badira konpromiso hutsez hartzen gaituzten lekuak ere. Programa betetzeko bertsolariak jartzen dituztenak, ondo gelditzen delako, diru laguntzak ematen dituztelako, edo jendeari gustatzen zaizkionez, pintxoak alaitzeko jartzen gaituzten lekuak. Ez dira erosoak.

Ez dut egingo nik bertso saioak antolatzearen kontrako apologiarik, baina gauzak antolatzearren antolatu ordez, nahiko nuke noan lekuan garrantzia apur bat badudala sentitu. Azken batean, gure denborak ere balio du, eta ez da polita izaten ez dakit nongo puntara joan eta inork kasurik ez egitea, antolatzaileak egun onik ere ez ematea… ez dugu alfonbra gorririk behar, megafonia txukun batekin nahikoa da. Ez ditugu milaka ikusle behar; gogotsu dauden dozena batekin pozarren egoten gara. Ez dugu hamaiketakorik edo dohako tragorik behar, baina “kaixo, ni naiz telefonoz deitu dizuna, halako lekutan kantatuko duzue” entzuteak seguridade itzela ematen du.

Besterik gabe. Ez dut inor desanimatu nahi bertso saioak antolatzeko asmotan badabil, baina uda badator bere usain eta koloreekin, eta ez nuke aurten ere ondoko txoznako musika topera dagoenean txozna antolatzailean kantatu nahi, esate baterako. Edo ez nuke nahi pintxoak jan beharraren jan beharraz guri begiratu ere egiteko astirik ez duen jendearen bizkarrera begira kantatu.

Kexatzeko motibo gutxi daukat, normalean bestelako lekuak ezagutu ditudalako, baina aukera izanez gero, nahiago dut sentsazio txarrak ere konpartitzea. Besterik gabe. Nahiz eta jakin baten batentzat divakeriak izango direla.

Mendexa, Zumaia eta Donostiako bertsoak eta Gpuntua

Larunbateko Hitza Jolas saioan Mendexako bertso jaialdiko bertsoladi onenak entzun ziren. Josu Goikoetxeak gaiak jarrita, bertsotan Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Arkaitz Estiballes. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpen prentsaurrekoaren laburpena ere eskaini zuten. Oroitzapenen kajoian, Joxe Agirre eta Lazkao Txikiren bertsoaldia. Baserriko nagusia eta morroia.

Igandeko Hitza Jolas saioan, berriz, Zumaiako bertsoak izan ziren entzungai. Ia bostehun lagunen aurrean aritu ziren bertsotan Zumaian Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Sustrai Colina, Arkaitz Estiballes, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso. Jon Maia gaiak jartzen. Donostiako Bukowsky tabernan Egiako Bertso Eskolak antolatutako saioa egin zuten eta hango bertsoak ere eskaini zituzten. Gaiak jartzen Aritz Casabal eta bertsotan: Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Jokin Labayen, hiru musikarik lagunduta. Jon Martin eta Beñat Gaztelumendiren saioa entzun zen Hitza Jolas saioan.

Bertso-dinnerra … eta askoz gehiago!

Belfastko IV. bertso-dinnerra izan dute hizpide aste honetako saioan. 100 lagun baino gehiago bildu ziren bertan, Amets Arzallus eta Andoni Egañarekin. Hona hemen irudirik ikusgarrienak. San Telmotako bertso-saiotik ere ale batzuk entzun ditugu aste hontako Hitzetik Hortzeran. Itziar eta Ihintza Irizar ahizpak, berriz, Gipuzkoako txapelketaz aritu dira. Horra:

Gpuntua, martxan

Igandean, maiatzak 8, hasiko da 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Orion. ‘Gpuntua’ marka oinarri hartuta, 26 saio egingo dira Gipuzkoako beste hainbeste herritan, abenduaren 18an Donostiako finalera heldu arte. gpuntua

Guztira 76 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan, eta, ohi bezala, bi fasetan jokatuko da. 60 bertsolari hasiko dira lehen fasean, eta 20 saio jokatuko dituzte. 10 herritan egingo dira lehen faseko saio hauek, goizez eta arratsaldez. Gainerako 16 bertsolariak irailean gehituko zaizkie: 2007an finalerdietan egon ziren 10ak final zortzirenetan, eta 6 finalistak final laurdenetan.

Igandeko lehen bi saioetan 12 bertsolarik hartuko dute parte. Andoni Otamendi, Arnaitz Lasarte, Endika Igarzabal, Andoni Goiti, Josu Oiarzabal eta Julen Agirreburualde arituko dira goizez; eta Antton Fernandez, Gorka Azkarate, Ibai Esoain, Mikel Artola, Mikel Olaizola eta Nekane Zinkunegi, arratsaldez.

Herri bakoitzean bazkaria izango da, nahi duten guztientzat irekia. Saioetarako eta bazkaritarako sarrerak gpuntua.com webgunean salduko dira soilik.

Hemen duzu sailkapen fasearen egitaraua:

Orio (goiza) (2011/05/08)
Orio (arratsaldea) (2011/05/08)
Mutriku (goiza) (2011/05/14)
Mutriku (arratsaldea) (2011/05/14)
Alegia (goiza) (2011/05/14)
Alegia (arratsaldea) (2011/05/14)
Soraluze (goiza) (2011/05/15)
Soraluze (arratsaldea) (2011/05/15)
Lezo (goiza) (2011/05/15)
Lezo (arratsaldea) (2011/05/15)
Amezketa (goiza) (2011/05/28)
Amezketa (arratsaldea) (2011/05/28)
Usurbil (goiza) (2011/05/28)
Usurbil (arratsaldea) (2011/05/28)
Gabiria (goiza) (2011/05/29)
Gabiria (arratsaldea) (2011/05/29)
Aretxabaleta (goiza) (2011/05/29)
Aretxabaleta (arratsaldea) (2011/05/29)
Zumarraga-Urretxu (goiza) (2011/06/05)
Zumarraga-Urretxu (arratsaldea) (2011/06/05)