Monthly Archives: January 2012

Zer gertatzen da bertsolarien burmuinean?

Gaia entzun, bertsoaren amaiera pentsatu, errimak ekarri, doinua aukeratu, esaldiak josi, ideiak borobildu … eta bertsoa osatu. Hori guztia denbora tarte oso laburrean egiteko gai da bertsolaria. Hori guztia egiten ari den bitartean bertsolariaren burmuinean zer gertatzen ari den ikertzen ari dira BCBL burmuina eta hizkuntza ikertzen dituen zentroan.

18 bertsolari ezagun ari dira probak egiten, tartean Andoni EgaƱa. Lehenik test arruntak, ondoren hizkuntzarekiko gaitasuna neurtzen duten probak eta azkenik, erresonantzia magnetikoa egin bitartean bertsoa bota:

Bertsolariek amaitzen dutenean, bertso eskoletan ari direnek egingo dituzte probak. Inprobisazioarekin zerikusirik ez duten euskaldun zaharrek ere egingo dituzte zenbait azterketa. Guztietatik ateratako datuak alderatu egingo dituzte eta urte eta erdi barru emaitzak izango ei dituzte. Zer aterako ote da? šŸ˜‰

43. Bertso Eguna, larunbatean Donostian

Bertso eguna. Bertsoaren, bertsogintzaren, bertsolarien eta bertsozaleen topagunea. Euskal herriko Bertsozale elkarteak 25 urte bete ditu aurten eta hori izango da Kursaaleko ekitaldi nagusiko ardatza. Aurtengo irudia dominoa da. 25 urte hauek ere piezaz pieza osatutako bidea izan direlako besteak beste. Bertso eguna egun osoko jarduna izango da. Goizetik hasita noski. Arratsaldean, ekitaldi nagusia Kursaaleko areto nagusian.

bertsoeguna
Afaltzeko txartelak salduta daude. Kursaaleko ekitaldi nagusian 1800 lagunentzat lekua dago, baina 300 bat sarrera besterik ez dira gelditzen. Sarrerak nahi dituenak bertsosarrerak.eu atarian ditu eskura.

Hitza Jolas saio berezia izango da igandean ordubietatik aurrera. Afaltzeko txartelak salduta daude.

Jon Azpillagarekin kontu kontari

Jon Azpillaga izango da hilaren 28an ospatuko den Bertso Egunean lehen agurra egingo duen bertsolaria eta bera hartu du asteon platoan Jon Artanok.

Mungiako sanantontxuetan ibili dira programakoak, Bernardo Mandalunizek azaldu dizkie hango festaren berezitasunak bertso jaialdia grabatu aurretik. Kantuan Jon Maia, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Jexux Mari Irazu, IƱaki Beitia ā€˜Arbilduā€™ren esanetara.

Katilukadak ikuskizunari buruzko erreportajea eta Alberto Barandiaranen Beste laurogei urtian liburuaren aurkezpenaren berri ere eman dute. Baita Bertsolaria bere bakardadean saio-sortaren barnean Donostiako Dokan Maialen Lujanbiok eta Josu Goikoetxeak egindako saioko onaurkiak ere.

Programako harribitxia ordea zuri-beltzekoan ikusi ahal izan da. Duela mende erdi gutxi gora behera egindako bi grabazio dira. Itxuraz zinegile suediar baten lana. Aurreneko zatian Inazio Eizmendi Basarriren eta Manuel Olaizola Uztapideren bertso bana daude jasota zinegilearen OFFeko azalpen eta guzti; bigarrengoan Jesus Alberdi Egileor eta Joxe Mari Gabilondo Bekorreta azaltzen dira mahai buru banatan jarrita gizon mordo baten algara artean puntutan egiten.

Jon Maiaren “Gazta zati bat”, Hitzetik Hortzeran

Jon Maia izan da aste honetako saioan gonbidatua. Duela hiru urte hasi zen bertsolari zumaiarra, Idiazabalgo Nazioen Mundua elkarteak eskatuta, herri ekimen horren jarraipena egiten. Talde horren ibiliaren lekukotza jaso behar zuen ikus-entzunezkoak hasiera batean, baina poliki-poliki asmoa handitu eta Euskal Herrian azken garaiotan bizi ditugun gertakari politiko eta sozialen isla jaso nahi du udaberrian estreinatuko duten pelikulak. Gazta zati bat-The piece of cheese proiektuaren gorabeherak kontatuko ditu Maiak.

Gainera Amurrion, Errege Eguneko urteroko zitan, Euskal Herriko Txapelketako azken zortzi finalistekin izandako jaialdiko onena ere eman dute; baita Zumaian urtarrilaren 7an izan zen bertso afarian Iker Zubeldiak eta Anjel Mari PeƱagarikanok utzitako zirikada bizienak ere.

Urteko errepasoa Aitziber Garmendiarekin, Hitzetik Hortzeran

2011. urtean Hitzetik Hortzeran izandako momenturik onenak ekarri ditu gogora Jon Artanok Aitziber Garmendia aktore eta aurkezlearekin. Programa honetan, besteak beste honako hauek izan ditugu: Matxinbentako koadrilaren Santa Eskea; Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeitak Villabonan flamenkoz jantzita egindako bertso-saioa; Bukowskin Arkaitz Oiartzabal Xamoa, eta Jokin Labayenekin eta azkenik; Aitziber Garmendia gonbidatuak 1994. urteko eskolarteko bertso txapelketan egindako bertsoaldia izan dira ikusi ditugunak, besteak beste.