Tag Archives: 1986

1986ko finala oroitzeko programa berezia, Hitzetik Hortzeran

1986ko martxoaren 23a data seinalatua da bertsolaritzaren historian. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatu zen Donostiako Belodromoan.
finala_86
Zortzi bertsolari hauek iritsi ziren finalera: Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Iñaki Murua, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Anjel Mari Peñagarikano. Lizasok irabazi zuen eta On Manuel Lekuonak jantzi zion txapela. Bertsolari belaunaldi berri baten plazaratzea izan zen hura. Muruak 29 urte zituen, Lizasok eta Peñagarikanok 28, Egañak 24 eta Sarasuak 19. Bizkaitarrek eskarmentu handiagoa zuten. Jon Enbeitak finalaren bezperan bete zituen 36 urte, 80ko eta 82ko txapelketak irabaziak zituen Xabier Amurizak 44 eta Jon Lopategik, denetan nagusienak, 52. Mende laurden pasa den honetan finaleko zortzikote hori bera elkartu du Belodromoan Hitzetik Hortzerak, leku berean, egun hura oroitzeko.

Bertsolaritzarentzat mugarri izan zen txapelketa

Txapelketaren eraketari buruzko desadostasun batzuk tarteko, Euskaltzaindia-k ezarritako arauei uko egin eta bertsolariek, bertsozale batzuen laguntzaz, euren gain hartu zuten Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura. Herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan 91 bertsolari aritu ziren. Txapelketa Nagusian 40 lehiatu ziren eta Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala. Txapelketa hura arrazoi askorengatik izan zen berezia: aurreneko aldiz bertsolariek eta bertsozaleek, elkarlanean, hartu zuten antolatzeko ardura horretarako propio sortuz Bertsolari Elkartea, gerora Bertsozale Elkartea bihurtuko zena…; aurreneko aldiz emakume batek, Kristina Mardarasek, parte hartu zuen txapelketan; lehendabizikoz, Belodromora eraman zen bertso jarduna, arrakasta ikaragarriz eraman ere; estreinekoz, txapelketan epaileek bertsozaleen bistara eman zituzten puntuak; aurreneko aldiz telebistak zuzenean eman zuen bertso saio bat… Hain zuzen ere, emanaldi hartatik apartatu dituzte finaleko bertsoaldi onenak Hitzetik Hortzerakoek. Protagonisten oroitzapen eta hausnarketekin jantzita eskainiko dira programan bertsoaldi horiek. Gainera finala amaitu berritan, Belodromoko atarian bertan, bertsozale eta bertsolariei egindako galdeketa ere atera dute artxibotik. Eta txapelketa hartaz zeresana duen jende gehiagoren iritziak ere bildu dituzte mende laurden pasa den honetan. Hala nola, Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Kristina Mardaras, Juanjo Uria, Fermin Muguruza eta Pello Ayestarena. Igandean, 21:00etan, etb1-en eta eitb.com-en