Daily Archives: 13 May, 2011

Programen betegarri

Ez nator nire buruaren kontra egitera. Ezta gutxiagorik ere. Kontua da, badela zerbait amorru izugarria ematen didana, eta nola uda datorren, bota egingo dut.

Badira mimo handiz antolatutako bertso saioak. Herri guztietan bertso saioak egongo dira sasoi honetan, eta hala ere, askoren artean bereziki gogoratuko  gara batzuekin. Badaude izugarrizko kariñoz antolatutako bertso saioak, eta urtero deitzea gurako nukeen herriak, baina badira konpromiso hutsez hartzen gaituzten lekuak ere. Programa betetzeko bertsolariak jartzen dituztenak, ondo gelditzen delako, diru laguntzak ematen dituztelako, edo jendeari gustatzen zaizkionez, pintxoak alaitzeko jartzen gaituzten lekuak. Ez dira erosoak.

Ez dut egingo nik bertso saioak antolatzearen kontrako apologiarik, baina gauzak antolatzearren antolatu ordez, nahiko nuke noan lekuan garrantzia apur bat badudala sentitu. Azken batean, gure denborak ere balio du, eta ez da polita izaten ez dakit nongo puntara joan eta inork kasurik ez egitea, antolatzaileak egun onik ere ez ematea… ez dugu alfonbra gorririk behar, megafonia txukun batekin nahikoa da. Ez ditugu milaka ikusle behar; gogotsu dauden dozena batekin pozarren egoten gara. Ez dugu hamaiketakorik edo dohako tragorik behar, baina “kaixo, ni naiz telefonoz deitu dizuna, halako lekutan kantatuko duzue” entzuteak seguridade itzela ematen du.

Besterik gabe. Ez dut inor desanimatu nahi bertso saioak antolatzeko asmotan badabil, baina uda badator bere usain eta koloreekin, eta ez nuke aurten ere ondoko txoznako musika topera dagoenean txozna antolatzailean kantatu nahi, esate baterako. Edo ez nuke nahi pintxoak jan beharraren jan beharraz guri begiratu ere egiteko astirik ez duen jendearen bizkarrera begira kantatu.

Kexatzeko motibo gutxi daukat, normalean bestelako lekuak ezagutu ditudalako, baina aukera izanez gero, nahiago dut sentsazio txarrak ere konpartitzea. Besterik gabe. Nahiz eta jakin baten batentzat divakeriak izango direla.