Tag Archives: Egaña

Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer, Hitzetik Hortzeran

Igandean hasiko du denboraldia Hitzetik Hortzera-k, ordutegi berrian: 22:30ean. Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer hartuko ditu Jon Artanok estreineko alean Bertsoaroa eta  G-Puntua-z hitz egiteko . Duela lau urte jarri zuen martxan Aranburuk euskaldun berrientzako bertso-eskola Iruñeko Hizkuntza Eskolan. Urtez urte sendotu egin da egitasmoa, eta aurten bizkorren ibili direnek baino ez dute lortu lekua haren eskoletan. Zorioneko ikasle horietako bat da Marc Febrer.
hitzetikhortzera

Sortzez Menorcakoa da Febrer, eta Bartzelonan hasi zen euskara ikasten. Ainhoarekin ikasitakoari esker bertsotan ere egiten du, eta Maialen Lujanbiorekin egindako bertsoaldi baten bideoa ekarriko du programara froga gisa.

Bertsoaroa eta G Puntua

Bertsoaroa zikloaren barruan Iruñean egindako saio komentatuko platoan. Andoni Egaña gai-jartzaile zutela aritu ziren bertsotan Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Xabier Silveira, Uxue Alberdi, Julen Zelaieta eta Igor Elortza. Gainera,  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenen laburpena ere emango dute;  Oñati, Villabona, Hondarrabi eta Idiazabalgo saioen errepasoa eginaz.
Lazkao Txiki eta Plin

Zuri-beltzekoen atalean Xalbador, txistulariei kantari, 1968an Donostian botatako bi bertso. Horretaz gain, dokumentu baliotsu bat ere erakutsiko du Hitzetik Hortzerak aurreneko aldiz. Bertsolari pelikularen dokumentazio lanetan ari zela, Asier Altunak Lazkao-Mendiko Abaliñe baserrian Lazkao-Txikik filmatutako Super8 film argitaragabeak deskubritu zituen tiradera batean. Familiak jakin bazekien Lazkao-Txikik ‘tomabistas’a zuela, eta harekin filmaketak egin ohi zituela; baina, ez zekiten bobina haiek zer gordetzen zuten. Hitzetik Hortzeran ikusi ahal izango dira Joxe Migel Iztuetak hartutako irudi horiek lehenbizikoz. Lazkao Txikik bere burua ere filmatu zuen, mendian Plin bere setter pintto elegantearekin.

Hori guztia, igandean, 22:30ean, ETB 1-en eta eitb.com-en.

Herio! Zure aurrean karakol izan nahi nuke

Bertsolaritza aldatzen ari da, garatzen ari da, egokitzen, moldatzen ari da!Garai batean gai-jartzailerik ez zegoen eta librean aritzen ziren kantuan. Bertsolariak bilatzen eta sortzen zuen gaia. Gaur egun ere abesten dute librean bertsolariek baina gaijartzailearen figura oso sustraitua dago bertsogintzan.

Doinuen eta neurrien garapena ere nabarmena da. Sei, zazpi, zortzi eta bederatzi puntuko bertsoak noiznahi entzuten dira gaur egun. Bereziki txapelketetan. Lehen ez zen horrelako konturik. Garai bateko bapateko bertsogintzan lau puntuko bertsoa zen nagusi, lau errimakoa gehienetan, zortziko handia eta zortziko txikia alegia.

Gaur egungo bertsogintzan urtero plazaratzen dira doinu berriak askotan bertsolariak berak sortuak eta beste askotan musikariren batenak dira: Xabier Lete, Mikel Laboa, Manu Chao, Bebe, Bob Marley… bistakoa da kanpoko iturrietatik ere edaten duela bertsolariak. Onintza Enbeitak blog honetan idatzitakoaren harira esango nuke bertsolaria etengabeko bilaketa batean murgilduta dagoela. Norbere buruaren bila, ezagutzen ez duen herri horren bila, errima, joskera eta hitzen bila. Neurrigabea da neurriaren barruan sartzeko bilaketan egiten den ahalegina. Eta bila ari denak aurkituko du zerbait!

Bertsolaritzaren bilaketa eta aldaketa prozesuaren adierazgarri dira bertsolariei jartzen zaizkien zenbait ariketa berezi.

Alegian bertso jaialdia egin zuten eta Felix Irazustabarrena gai-jartzaileak ariketa bereziak jarri zizkien bertsolariei. Bertsoaldi berean doinu eta neurri desberdinetan abestea, hasierako agurra bota eta segidan hiru puntu erantzun beharra eta Andoni Egañari jarri ziona, gaia eman eta hamar-hamabost minutu uztea bertsoak pentsatzeko. Hilerriira bidali zuen karakolak biltzera eta hauxe Zarauztarrak hiru bertsotan egindako pelikula. Hasiera beldurgarria baina amaiera oso zoriontsua duen pelikula da. Karakolak bezala segi dezagun lasai lasai gure buruaren bila.

Bertso-dinnerra … eta askoz gehiago!

Belfastko IV. bertso-dinnerra izan dute hizpide aste honetako saioan. 100 lagun baino gehiago bildu ziren bertan, Amets Arzallus eta Andoni Egañarekin. Hona hemen irudirik ikusgarrienak. San Telmotako bertso-saiotik ere ale batzuk entzun ditugu aste hontako Hitzetik Hortzeran. Itziar eta Ihintza Irizar ahizpak, berriz, Gipuzkoako txapelketaz aritu dira. Horra: