Category Archives: Bertso zaharrak

1988ko San Ferminak

pamplona11988ko uztailean bertso jaialdia egin zuten Leaburun. San Ferminak gainean dira eta haiekin batera entzierroak eta zezenak. San Ferminen usaian jarri zituzten bertsolariak lanean. Hiru korrikalari eta hiru zezen aurrez aurre. Lizaso, Lazkaotxiki eta Mañukorta korrikalariak. Peñagarikano, Murua eta Lopategi zezenak.

Zortziko handiko doinu eder bat entzun nahi?

Xilabako txapelketa, Bizkaikoa, Arabakoa, Nafarroakoa eta orain Gipuzkoako. G puntua. Puntuen eta urduritasunen artean bada alderdi bat bereziki txapelketan aberastu behar litzatekeena. Doinuen aukeraketa. Betiko zortziko txikiak, betiko zortziko handiak. Hona hemen zortziko handiko doinu eder bat, inork Gpuntuan edo plazako saioren batean erabili nahiko balu? bejondaiola!
1908ko, maiatzaren 28an jaio zen Pierre Bordazarre, ezizenez Etxahun-Iruri ezaguna. Euskal idazlea, pastoralgilea, laboraria eta artzaina zen. Iruriko Etxahunian sortu zelako esaten zioten Etxahun-Iruri. Louis Ligetxen ikasle izan eta gero, harekin ibili zen bertsotan. 1946an sari bat irabazi zuen Hazparnen eta Zuberoatik kanpora Xalbador eta Mattinekin egin zituen saioak. Berrehun bat kantu baditu idatziak. Gehienak euskaraz baina frantsesez ere bai zenbait. Hemen entzun dezakezuen bertso sortaren izena, Ama da. 1946an idatzi zizkion bertsoa hauek amari. Etxahun Irurik berak eta Battitta Arabarkok abestuta, bi ahotsetan. AMA.

Everesten ikurriña lehen aldiz jarri zenekoa

Orioko balearen bertsoek ekartzen digute urtero gogora maiatzaren hamalaua, baina bada beste gertakizun bat oso ezaguna, eta hau ere maiatzaren hamalauan gertatu zen. zer gertatu zen 1980ko maiatzaren hamalauan?

“Mila bederatzirehun ta larogehi urtian, maiatzaren hamalaugarren egunian, Everest handiaren mendi gailurrian, ikurriña azaldu zan beatzik aldian?”

Balearen bertsoak ezagunagoak badira ere, bada Everesten ikurriña jarri zuteneko hura kontatzen duten bertsorik ere. Ez dakigu nork abestuak diren baina freskoan eta momentuan grabatutako bertsoak dira. Apostu ez dituzuela beste inon entzun!

Ezagutzen al duzu bertso hau?

Ea asmatzen duzun norena den bertso hau. 1978an, apirilaren hogeitamarrean Ahetzen kantatutakoa da. Gure bertsolari batek kantatua da.

     “Ez eduki, ez, ni beti pozik
     egoten naizen usterik.
    Ez baidadukat andregairikan
     ez baidadukat emazterik.
     Hamaika aldiz egon izan naiz
     barrua penaz beterik.
     Baina nik poza kantatutzen det
     tristura bertan gorderik”

Hitza jolas, Elizondotik Zegamara

hitzajolasNafarroako Bertsolari Txapelketa izan zen egunean bertan, Hitza Jolas Euskadi Irratiko saioak Elizondon eta Zegaman jasotako bertsoak helarazi zizkigun.

Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano Lazkao Txikiri kantari ere entzun genituen, IRRIZ ETA MALKOZ. Bertsogintzaren historian ezaguna da oraindik jo ez duen despertadore baten istorioa. Aurten Zegamako pilotalekuko bertso jaialdiak urteurren gazi eta ahaztezin batekin egin zuen topo. Orain urte batzuk norbaiti ez zion iratzargailuak jo eta ez zen esnatu. Lo jarraitzen du oraindik eta guk harekin ametsetan. Unai Elizasuk Peñagarikano eta Lizasori jarritako gaia.

BEDERATZIKOAN, berriz, Alberto Martinez Beitto-ren lana, entzungai. Juan mari Juaristik jarritako puntuari erantzun dio Alberto Martinezek. Zer moduz bizi gara Izarra aldean?