Tag Archives: ilunbe

Aitor Sarriegi eta Mikel Mendizabal, Hitzetik Hortzeran

Aitor Sarriegi txapelduna lagun hartuta, Gpuntuaren final handiari errepasoa eman dio Jon Artanok Hitzetik Hortzera saioan. Ordiziatik, Barrena Kultur Etxetik, Sarriegi txapeldunaren bertso eskolatik hasi dute kontakizuna. Besteak beste, Mikel Mendizabal bertsolariaren eta Igor Eguren Ordiziako alkatearen gogoetak jaso dituzte saioan. Mendizabalen eskutik jaso zituen bertsolaritzari buruzko lehendabiziko ikasgaiak, eta lan hori eskertuz, Mendizabali eskaini zion txapela Sarriegik. Eguren, berriz, Sarriegirekin batera bertso eskolan ibilitakoa da, laguna. Gogoratu, Hitzetik Hortzeraren emisio ordua aldatu egin dutela: larunbatetan 15:00etatik aurrera ETB 1en izango da ikusgai hemendik aurrera. Bezperatik, EITB Nahieranen.

Sarriegi eta Gaztelumendi, buruz buru

Zalantzarik gabe, igandeko finalean Aitor Sarriegiren eta Beñat Gaztelumendiren arteko buruz burukoan entzun ziren saioko alerik ederrenetakoak. Dotore aritu ziren bi bertsolariak, baina azkenean, Aitor Sarriegik sei puntuko aldea atera zion Gaztelumendiri. EITB Nahieranetik hartutako bideoa, horra:

Finalaren lehendabiziko zatia ere EITB Nahieranen dago ikusgai. Hona hemen:

9.000 lagun batu ziren Donostiako zezen-plazan Gpuntuaren azken geltokian. EITB Nahieranek finalaren laburpen luze bat eskaini zuen saioa bukatu eta berehala. Esan bezala, Sarriegik jantzi zuen txapel preziatua. Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Agin Rezola, Jesus Mari Irazu, Jon Martin eta Unai Agirre sailkatu ziren ondoren, hurrenez hurren. Ikusi puntuazio guztiak Gpuntuaren webgunean.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, ETBn

Igande arratsaldean Donostiako Ilunbe zezen-plazan jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala ETB-1en jarraitu ahal izango da egunean bertan, gaueko bederatzietatik aurrera. Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin izango dira Gpuntuaren festa handiko protagonistak. Azken helmugara iritsi diren zortzi bertsolariak Iñaxio Uxarralde eta Itziar Etxezarretaren esanetara jardungo dira kantuan.finalistak

Laxaro Azkune azpeitiarrak jarriko dio txapel preziatua aurtengo txapeldunari. Irabazleak Aitor Mendiluzeren lekukoa hartuko du, andoaindarra izan baitzen 2007ko txapelketa irabazi zuena.

Maiatzean hasi zuen ibilbidea Gpuntuak, sailkapen fasearekin. Udako geldialdiaren ostean, irailean final zortzirenei ekin zieten eta pausoz pauso azken helmugara, Donostiara, iritsi dira. Bidean 26 herritatik barrena igaro da txapelketa: Gipuzkoa osotik bailaraz bailara ibili da.

Hernaniko finalaurrekoa eta Orozkoko bertso-afaria

G- Puntua-ren azken aurreko geltokian, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, izan da Hitzetik Hortzera. Hango kontuak eta kantuak ekarri ditu asteon Jon Artano aurkezleak, Laxaro Azkune lagun hartuta. Oholtzan jazotakoa eta oholtzatik kanpo jasotakoa; bertsoaldi onenak eta kartzelako tentsio uneak, baita Nikolas Zendoiak sinatutako kronika ere. Hain zuzen, Azkunek jarriko dio txapel preziatua datorren igandean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa-ko aurtengo txapeldunari. Orozkon Jon Maia eta Unai Iturriagarekin egindako bertso afariko momentu beroenak ere eman dituzte bertso programan. Horra:

Tolosako finalerdia eta Bertso Eskolen Eguna

G-Puntua Ilunbeko geltokira iristear dago. Jada, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako txartela eskuratu duen zortzikotea erabakita dago; Beñat Gaztelumendi, Jesus Mari Irazu, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin. Bien bitartean, Hitzetik Hortzerak Tolosako finalerdia aletu zuen atzoko saioan. Lesakan izan berri den Bertso Eskolen Eguneko zenbait bertsoaldi ere eskaini zituen Jon Artanok zuzendutako programak.

Hitzetik Hortzera: Arrasateko finalaurrekoa

Ibilian ibilian, G-Puntua azken txanpara heltzen ari da. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa finalaurrekoetan sartuta dago, eta Ilunben abenduaren 18an jokatuko den final haundirako saio bakarra falta da.
Hitzetik Hortzera-k saio bereziak prestatu ditu Txapelketaren harira. Hori dela eta, igandeko programan, batez ere, Arrasateko finalaurrekoa izan du hizpide Jon Artano aurkezleak, Jon Sarasua bertsolari atxabaltarra lagun duela. Beñat Gaztelumendik irabazi zuen Arrasateko finalurrekoa, eta hala, Ilunberako txartela eskuratu zuen. Azaroaren 12an Lesakan ospatutako Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguneko laburpena ere jaso dute.