Tag Archives: bertsolaritza

Abian dira Bertso-Udalekuak!

300 haur eta gaztetxok hartuko dute parte Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso-udalekuetan; uztailaren 1ean hasi, eta udara osoan zehar zazpi txanda ezberdinetan antolatuta egongo dira Euskal Herri osoko bertsozale gazteak.

Ekimen ugari prestatu dituzte: tartean, bertsolariekin zuzeneko harremana izango dute. 15. edizio honetan Maialen Lujanbio, Jon Maia, Onintza Enbeita, Xabi Paya, Sustrai Colina, Fredi Paia, Sebastian Lizaso, Julio Soto, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi eta Arkaitz Estiballesen bisita jasoko dute. Kantugintza ere landuko dute Oskar Estangarekin eta udalekuetako diskoa grabatuko dute.
Bertso Udalekuak 2012
Horra, antolatu diren txandak:

– Uztailaren 1etik 7ra, Barria, Araba. 9-11 urteko haurrak
– Uztailaren 8tik 14ra, Orio, Gipuzkoa. 12-14 urtekoak
– Uztailaren 8tik 16ra, Bidarrai, Behe Nafarroa. 15-18 urtekoak
– Uztailaren 15etik 21era, Irañeta, Nafarroa. 12-14 urtekoak
– Uztailaren 17tik 23ra, Orio, Gipuzkoa. 9-11 urtekoak
– Uztailaren 22tik 28ra, Arrazola, Bizkaia. 9-11 urtekoak
– Abuztuaren 27tik 31ra, Zuhatza, Araba. 9-11 urtekoak

‘Beste larogei urtian’ dokumentala Hitzetik Hortzeran

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 25 urte beteko ditu 2012an. Sortu zenetik egindako ibilbidea aztertu eta landu ondoren, ‘Beste larogei urtian’ izeneko liburu eta DVDan bildu dute emaitza. Hitzetik Hortzeran erakutsi dituzte dokumentalaren xehetasunak.

Jon Azpillagarekin kontu kontari

Jon Azpillaga izango da hilaren 28an ospatuko den Bertso Egunean lehen agurra egingo duen bertsolaria eta bera hartu du asteon platoan Jon Artanok.

Mungiako sanantontxuetan ibili dira programakoak, Bernardo Mandalunizek azaldu dizkie hango festaren berezitasunak bertso jaialdia grabatu aurretik. Kantuan Jon Maia, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Jexux Mari Irazu, Iñaki Beitia ‘Arbildu’ren esanetara.

Katilukadak ikuskizunari buruzko erreportajea eta Alberto Barandiaranen Beste laurogei urtian liburuaren aurkezpenaren berri ere eman dute. Baita Bertsolaria bere bakardadean saio-sortaren barnean Donostiako Dokan Maialen Lujanbiok eta Josu Goikoetxeak egindako saioko onaurkiak ere.

Programako harribitxia ordea zuri-beltzekoan ikusi ahal izan da. Duela mende erdi gutxi gora behera egindako bi grabazio dira. Itxuraz zinegile suediar baten lana. Aurreneko zatian Inazio Eizmendi Basarriren eta Manuel Olaizola Uztapideren bertso bana daude jasota zinegilearen OFFeko azalpen eta guzti; bigarrengoan Jesus Alberdi Egileor eta Joxe Mari Gabilondo Bekorreta azaltzen dira mahai buru banatan jarrita gizon mordo baten algara artean puntutan egiten.

Hernaniko finalaurrekoa eta Orozkoko bertso-afaria

G- Puntua-ren azken aurreko geltokian, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, izan da Hitzetik Hortzera. Hango kontuak eta kantuak ekarri ditu asteon Jon Artano aurkezleak, Laxaro Azkune lagun hartuta. Oholtzan jazotakoa eta oholtzatik kanpo jasotakoa; bertsoaldi onenak eta kartzelako tentsio uneak, baita Nikolas Zendoiak sinatutako kronika ere. Hain zuzen, Azkunek jarriko dio txapel preziatua datorren igandean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa-ko aurtengo txapeldunari. Orozkon Jon Maia eta Unai Iturriagarekin egindako bertso afariko momentu beroenak ere eman dituzte bertso programan. Horra:

Azpeitiko kanporaketa eta Sarako afaria Hitzetik Hortzeran

Ainara Lasa oiartzuarra izango da asteon platoko gonbidatua Hitzetik Hortzeran. Lasa G Puntuko antolatzaile taldean dabil eta “Hariketak, lotzea askatzea denean” erakusketa jarrita dauka Hondarribiko Modotti tailerrean. Azpeitiko kanporaketan bizitakoaz, bertsolari-bertsozale hartu-emanaz eta arte-sorkuntzaz, orohar, arituko da Ainara Lasa.
ainaralasa

Joan den aste-hondarreko uholdeek lanak eman zizkien zaleei Azpeitiraino iristeko; hala ere bete egin zen Izarraizpe frontoia. Jokin Urangak bildu zuen puntu gehien G Puntuko azken kanporaketan. Urangarekin batera Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiratzabal Xamoa, Unai Muñoa eta Ane Labaka aritu ziren oholtzan; guztietatik zerbait erakutsiko dute programan.

Gainera, Sarako bertso-afariko ale hautatuak ere ekarriko dituzte. Mattin Oronozek agindutako jolasetan fin aritu ziren Maialen Lujanbio, Eneritz Zabaleta, Alaia Martin eta Amets Arzallus. Olhoin ikastolako gurasoek eta gaztetxeko kideek elkarlanean antolatutako saioa izan zen. Afaltzeko prestatutako uso-jana eta afalosteko bertso-saioa, biak atera ziren primerakoak.

Zuri-beltzeko AUSPOA atala ere estreinatuko dute. Hamabostero emango duten atal horretan kolaboratzaile batek AUSPOA bildumako liburu baten komentarioa egin eta pasarte bat irakurriko du. Lehendabizikoa Estitxu Fernandez kazetari lesakarra, eta berak aukeratutako liburua: Paulo Yanci eta bere lagunen bertsoak. Zapping-ean Anjel Mari Peñagarikanok Gipuzkoako txapela irabazi zuen finala errepasatuko dute. Besteak beste Peñaren garaipenagatik eta Jon Sarasuak kartzelakoan egindakoagatik oroitzen dute bertsozale askok final hura.

Hitzetik Hortzera, igandean 22:30ean ETB-1en, eta aurretik ikusgai Eitb Nahieranen.