Category Archives: Berriak

Xenpelar eta Chopin, eskutik helduta

“Bi arreba”. Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren proiektu berria. Xenpelar eta Chopin. Bertsoa eta pianoa. Ikuskizuna.

bi-arrebaAndoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-joleak emanaldi berri bat abian jarriko dute. Bertsoa eta musika uztartuko dituen emanaldiak bi pertsonaia ezagunen bizitza islatuko du: Xenpelar eta Chopin. Musika eta bertsoa uztartuz, bi pertsonaia horien bizitza islatuko dute. Hauxe da istorioa: Chopinzalea da Xabier Lizaso piano-jolea. Xenpelar gustuko du Andoni Egaña bertsolariak. Chopinek eta Xenpelarrek badute elkarrekiko antzekotasunik. Garai beretsuan bizi izan ziren. Biak ziren, bakoitza bere arloan, artista handiak. Biak izan ziren berritzaile. Biak ziren katolikoak. Biak ziren Estadurik gabeko nazioetakoak. Biek bizi izan zituzten garai politiko gatazkatsuak. Biak hil ziren gazterik, biak gaisotasunez ondorioz, bata 34 urterekin eta bestea 39rekin. Eta heriotza orduan, biek izan zuten ondoan…arreba. Chopin eta Xenpelarrek ez zuten elkar ezagutu. Xabier Lizasok eta Andoni Egañak bai. Horregatik, bi mundu, bi obra, bi kultur-modu eta bi arreba ezagutu eta ezagutzera emateko ahalegina egin dute.

Lehen emanaldiak:
Azaroak 1: Bilboko Eliseos Antzokian
Azaroak 22: Andoain. Basteron
Abenduak 12: Bilboko Deustu auzoan
Abenduaren 15: Errenteri.Niessen kultugunean

Abian dira Bertso-Udalekuak!

300 haur eta gaztetxok hartuko dute parte Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso-udalekuetan; uztailaren 1ean hasi, eta udara osoan zehar zazpi txanda ezberdinetan antolatuta egongo dira Euskal Herri osoko bertsozale gazteak.

Ekimen ugari prestatu dituzte: tartean, bertsolariekin zuzeneko harremana izango dute. 15. edizio honetan Maialen Lujanbio, Jon Maia, Onintza Enbeita, Xabi Paya, Sustrai Colina, Fredi Paia, Sebastian Lizaso, Julio Soto, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi eta Arkaitz Estiballesen bisita jasoko dute. Kantugintza ere landuko dute Oskar Estangarekin eta udalekuetako diskoa grabatuko dute.
Bertso Udalekuak 2012
Horra, antolatu diren txandak:

– Uztailaren 1etik 7ra, Barria, Araba. 9-11 urteko haurrak
– Uztailaren 8tik 14ra, Orio, Gipuzkoa. 12-14 urtekoak
– Uztailaren 8tik 16ra, Bidarrai, Behe Nafarroa. 15-18 urtekoak
– Uztailaren 15etik 21era, Irañeta, Nafarroa. 12-14 urtekoak
– Uztailaren 17tik 23ra, Orio, Gipuzkoa. 9-11 urtekoak
– Uztailaren 22tik 28ra, Arrazola, Bizkaia. 9-11 urtekoak
– Abuztuaren 27tik 31ra, Zuhatza, Araba. 9-11 urtekoak

Bertsolaritzaren transmisioaz arituko dira EHUko Udako Ikastaroetan

upv logo“Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik” mintegia eskainiko da, EHUko Udako Ikastaroetan, ekainaren 27, 28 eta 29an Donostian. Jone Miren Hernandez Garcia antropologoak zuzenduko du ikastaroa. Hiru egunetan hainbat aditu batuko dira eta ondorengo gaiak jorratuko dituzte: iragana (hizkuntzaren memoria), hizkuntzen eta identitateen egungo bidegurutzeak eta etorkizuna (gazteak).

Euskarak azken 40 urteotan, bere bidea egin du, baina hiztunak? Zer dakigu tarte horretan bizitakoaz? Zer dakigu garatutako emozio, sentipen, edota oroimenei buruz? Zer esanahi du egunetik egunera ukipen egoera horretan murgiltzeak? … Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko dira, besteak beste, Xabier Gantzarain idazlea, Idoia Etxeberria eta Juan Martin Elexpuru ahotsa.com-eko kideak, Paula Kasares irakaslea, Maider Elkoro Topaguneako kidea eta Jon Maia eta Ixiar Eizagirre bertsolariak.

Mintegiari buruzko informazioa guztia, EHUko webgune honetan aurkituko duzue.

Lasarte, iturriko ura bezain bertsolari

1927ko abenduaren 16an jaio zen Leitzako Franki baserrian Manuel Lasarte Arribillaga bertsolaria. Eta atzo hil zen Aretxabaletako zaharren egoitzan. Leitzan jaio eta Orion bizi zen, errementaria ogibidez. Iturriko ura bezain bertsolari, idazle eta kontalari emankorra. 17 urterekin Zaldibarren egin zuen bere lehen plaza, hantxe jaso zuen bere lehen hogei durokoa bertsoetatik.
lasarte

Geroztik, herriz herri urte askotan aritu zen bertsotan garaiko bertsolariekin. Uztapide, Mattin, Xalbador, Basarri, Lizaso, Lazkao Txiki, Lazkano… 1963an urdailetik operatu zutenetik osasuna izan da bere etsairik handiena. Plazaz plaza aritzeari ere utzia zion azken 25 urteotan, inoiz omenaldi edo festa berezietan bertsoren bat edo beste abesten bazuen ere. Azken urte honetan egin du behera nabarmen bere osasunak… hainbeste bertso kantatutako gizona halaxe joan da, isil isilik. Gaur iluntzeko 19:30ean izango da hileta elizkizuna Orioko San Nikolas parrokian.

Zer gertatzen da bertsolarien burmuinean?

Gaia entzun, bertsoaren amaiera pentsatu, errimak ekarri, doinua aukeratu, esaldiak josi, ideiak borobildu … eta bertsoa osatu. Hori guztia denbora tarte oso laburrean egiteko gai da bertsolaria. Hori guztia egiten ari den bitartean bertsolariaren burmuinean zer gertatzen ari den ikertzen ari dira BCBL burmuina eta hizkuntza ikertzen dituen zentroan.

18 bertsolari ezagun ari dira probak egiten, tartean Andoni Egaña. Lehenik test arruntak, ondoren hizkuntzarekiko gaitasuna neurtzen duten probak eta azkenik, erresonantzia magnetikoa egin bitartean bertsoa bota:

Bertsolariek amaitzen dutenean, bertso eskoletan ari direnek egingo dituzte probak. Inprobisazioarekin zerikusirik ez duten euskaldun zaharrek ere egingo dituzte zenbait azterketa. Guztietatik ateratako datuak alderatu egingo dituzte eta urte eta erdi barru emaitzak izango ei dituzte. Zer aterako ote da? 😉

43. Bertso Eguna, larunbatean Donostian

Bertso eguna. Bertsoaren, bertsogintzaren, bertsolarien eta bertsozaleen topagunea. Euskal herriko Bertsozale elkarteak 25 urte bete ditu aurten eta hori izango da Kursaaleko ekitaldi nagusiko ardatza. Aurtengo irudia dominoa da. 25 urte hauek ere piezaz pieza osatutako bidea izan direlako besteak beste. Bertso eguna egun osoko jarduna izango da. Goizetik hasita noski. Arratsaldean, ekitaldi nagusia Kursaaleko areto nagusian.

bertsoeguna
Afaltzeko txartelak salduta daude. Kursaaleko ekitaldi nagusian 1800 lagunentzat lekua dago, baina 300 bat sarrera besterik ez dira gelditzen. Sarrerak nahi dituenak bertsosarrerak.eu atarian ditu eskura.

Hitza Jolas saio berezia izango da igandean ordubietatik aurrera. Afaltzeko txartelak salduta daude.

Sarriegi, txapeldun!

Aitor Sarriegik jantzi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2011ko txapel preziatua. Beñat Gaztelumendirekin jokatu zuen azken buruz burukoa. Dotore aritu ziren biak, baina azkenean, sei puntuko aldea atera zion beasaindarrak Gaztelumendiri. Horra, Laxaro Azkunek txapela jantzi zion unea. Mikel Mendizabal bertsolariari eskaini zion txapela Sarriegik, urte luzez bertso-eskolako irakasle izan duenari.


Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Agin Rezola, Jesus Mari Irazu, Jon Martin eta Unai Agirre
sailkatu ziren ondoren, hurrenez hurren.

9.000 lagun batu ziren Donostiako zezen-plazan. Lehia, ikuskizuna, kultura, herrigintza … beste behin ere, ondo uztartu zituen hari-mutur guztiak Bertsozale Elkarteak. Gpuntua ikaragarria izan da!. EITB Nahieranek finalaren laburpen luze bat eskaini zuen atzo gauean.