Monthly Archives: February 2012

‘Beranduegi’ Hitzetik Hortzeran

Unai Brearekin eta Gorka Bereziartuarekin hitz egin du Jon Artanok. Astero Argia komunikazio taldeak sareratzen duen Beranduegi web-telebistako albistegia aurkezten duten Bereziartuak eta Break. Euren lanaz, bertsolaritzaz egin izan dituzten txisteez eta umoreaz jardun dira.
Manuel Lasarte zena omendu du astean bertso-programak. Bertsolari handiaren hiletan grabatutako irudiekin eta Lasarteren aukeratutako ale batzuk zuri-beltzean emanaz egin dio lantaldeak omenaldia.

Lasarte, iturriko ura bezain bertsolari

1927ko abenduaren 16an jaio zen Leitzako Franki baserrian Manuel Lasarte Arribillaga bertsolaria. Eta atzo hil zen Aretxabaletako zaharren egoitzan. Leitzan jaio eta Orion bizi zen, errementaria ogibidez. Iturriko ura bezain bertsolari, idazle eta kontalari emankorra. 17 urterekin Zaldibarren egin zuen bere lehen plaza, hantxe jaso zuen bere lehen hogei durokoa bertsoetatik.
lasarte

Geroztik, herriz herri urte askotan aritu zen bertsotan garaiko bertsolariekin. Uztapide, Mattin, Xalbador, Basarri, Lizaso, Lazkao Txiki, Lazkano… 1963an urdailetik operatu zutenetik osasuna izan da bere etsairik handiena. Plazaz plaza aritzeari ere utzia zion azken 25 urteotan, inoiz omenaldi edo festa berezietan bertsoren bat edo beste abesten bazuen ere. Azken urte honetan egin du behera nabarmen bere osasunak… hainbeste bertso kantatutako gizona halaxe joan da, isil isilik. Gaur iluntzeko 19:30ean izango da hileta elizkizuna Orioko San Nikolas parrokian.

Bilboko Alondegiko saio esperimentala Hitzetik Hortzeran

Unai Elizasuk eta Asier Altunak ezohiko bertso jarduna eginarazi zieten Bilbon, Alondigan, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Aitor Mendiluzeri, bertsotarako gaiak bideoz (ikus-entzunezko pieza laburretan) emanaz, inolako azalpen gehigarririk gabe. Saio horretakoak eta Iturengo inauterien akabaila izan ohi den kontu eguneko bertso bazkarikoak izango dira asteon Hitzetik Hortzerako lehengaia. Iturengo ostatuan, elur bisutsetik epelean, ikaragarrizko giroa sortu zen, Julio Soto eta Andoni Egañaren kantuari eta iturendarren bertso goseari eskerrak.

Saio horiek emandakoaz, Bardoak 2012 Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako taldekako txapelketaz eta beste hainbat kontuz aritu da platoan Estitxu Fernandez Maritxalar psikologo eta kazetari lesakarra.

Jesus Egiguren Hitzetik Hortzeran

PSEeko presidente Jesus Egiguren Imaz izango da asteko gonbidatua Hitzetik Hortzeran. Ume-umetatik dela bertsozalea eta Bilintx protagonista duen nobela bat idatzia duela kontatu dio, besteak beste, Jon Artano Izeta aurkezleari. Alberto Surio EITBko zuzendariarekin izan berri duen solasaldiko pasarte bakarren bat ere kontatu du. Besteak beste, ETBk gaztelerazko kateak kendu eta euskarazko kalitatezko kate bakarra izan beharko lukeela esan ei zion. Entzun, entzun … Egigurenen hitzak:

Programako eduki nagusiak Bertso Eguneko afalosteko saioetatik eta Txolarre Irratiak Tolosan antolatutako jaialditik ateratakoak dira. Zuri-beltzekoan Basarri naufragoari kantari 1968an Piensos Onenak antolatutako sariketa entzutetsutik; eta zappingean Mitxelena eta Mañukortaren arteko pisuzko ofizioa 1987ko Bertsolari Egunetik aterata.