Category Archives: Generoaz

Munduan leku bila

Uztailaren hasieran Bergaran izan ginen dozena bat emakume bertsolari. Benetan asteburu pasa berezia izan zen guretzat Bergarakoa, tailerretan egindako lanketari eskerrak. Gu ez gara clownak, bertsolariak gara, baina Virginia Imazen antzerako prozesuak, sentimenduak, bizipenak… bizi izan ditugu agertokian. Horregatik izan zen espeziala gure tailerretako gidaria bera izatea. Hitz gutxirekin ulertu zuen esan nahi genion guztia; airera harrapatu zituen gure barreak eta negarrak, pozak eta penak, minak eta hunkidurak.

Agertokira atera ginen Virginiaren gidaritzapean, eta han ulertu genuen, edo nik bai behintzat, agertokia tabladua baino askoz ere gehiago dela. Bertsolaritza bizi dugunontzat eta bertsolaritzak nolabait bizi gaituenontzat, mundu txiki bat da agertokia. Edo gure munduaren zati handi bat. Urteak dira emakumeok oholtzarako saltoa eman genuela, baina aurkitu ote dugu gure tokia bertan? Ez. Edo aurkitu dugunean, buelta asko eman ostean aurkitu dugu.

Halaxe ibili ginen Virginiaren eta gure lagun bertsolarien aurrean ere, banan-banan: bueltaka, geure lekua bilatu ezinik. Aldagelatik atera, publikoari begiratu, eta han, agertokian, gure lekua aurkitzera joaten ginen. “Aurkitu zure lekua munduan”, esaten zigun publikoak, eta denok hasten ginen begira, batera eta bestera, aurrera eta atzera, ezkerrera eta eskubira. Eta ezin genuen lekua aurkitu: erdian egon behar zuenak ez zuelako erdian egon nahi, bazterrean gelditzen zenak norbaiten babesa behar zuelako, mugan gelditzen zenak ez zuelako mugaren beste aldean ikusten zuena erakutsi nahi, askeago izan nahi zuenak leihotik begiratzen zuelako… ezin gure lekua aurkitu, eta aurkitzen genuenean ezin bertan kokatu.

Gure mundu txiki honetan, bertsolaritzaren munduan alegia, zaila da lekua aurkitzea. Baina nago, gizonek ere ez dutela errez aurkitu euren lekua, aurkitu badute behintzat. 2 x 2 metro karratu dituen zera horretan kabitu ezinik ibiltzea ez da sentimendu makala, baina orokorra balitz? Gure kasuan, denok edo gehienok geneukan halako artegatasun bat. Ez genekien garbi gure lekua zein zen, eta alperrikako buelta piloa eman genituen.

Askok pentsatuko du txorakeria bat dela hau dena, baina niretzat ez zen izan. Leku bila nenbilela izandako buruko min bakoitza bizi izan dut benetan 9 urterekin agertokira igo nintzen lehen alditik hona. Hemen ez, akaso han, baina hara joateko lan asko egin behar da, eta beste aldera joateko momentu egokiari itxaron behar diot… eta burua zalantzaz bete beti. Hala ere, iritsi ginen Virginiaren agertokian behar zen lekura, eta iritsi gara bertsotan ere norabait. Ez dakit heldu behar genuen lekuan ote gauden guztiok, baina bagaude sikiera.

Orain, kostako zaigu heldu garen lekura merezi izan dugulako heldu garela sinestea, onespena jasotzea eta txaloak entzutea. Bergaran derrigortu egin gintuzten txaloak aditzera, baina ez dakit gure eguneroko jardunean gure buruari onartuko ote diogun loreak entzuterik. Zail ikusten dut, ez badugu behintzat, Virginiarekin ikasitakoari jarraituz, geure burua horretara derrigortzen. Merezi dugulako (eta merezi dugula sinesteko sasoia delako).