Tag Archives: g-puntua

Sarriegi eta Gaztelumendi, buruz buru

Zalantzarik gabe, igandeko finalean Aitor Sarriegiren eta Beñat Gaztelumendiren arteko buruz burukoan entzun ziren saioko alerik ederrenetakoak. Dotore aritu ziren bi bertsolariak, baina azkenean, Aitor Sarriegik sei puntuko aldea atera zion Gaztelumendiri. EITB Nahieranetik hartutako bideoa, horra:

Finalaren lehendabiziko zatia ere EITB Nahieranen dago ikusgai. Hona hemen:

9.000 lagun batu ziren Donostiako zezen-plazan Gpuntuaren azken geltokian. EITB Nahieranek finalaren laburpen luze bat eskaini zuen saioa bukatu eta berehala. Esan bezala, Sarriegik jantzi zuen txapel preziatua. Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Agin Rezola, Jesus Mari Irazu, Jon Martin eta Unai Agirre sailkatu ziren ondoren, hurrenez hurren. Ikusi puntuazio guztiak Gpuntuaren webgunean.

Hernaniko finalaurrekoa eta Orozkoko bertso-afaria

G- Puntua-ren azken aurreko geltokian, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, izan da Hitzetik Hortzera. Hango kontuak eta kantuak ekarri ditu asteon Jon Artano aurkezleak, Laxaro Azkune lagun hartuta. Oholtzan jazotakoa eta oholtzatik kanpo jasotakoa; bertsoaldi onenak eta kartzelako tentsio uneak, baita Nikolas Zendoiak sinatutako kronika ere. Hain zuzen, Azkunek jarriko dio txapel preziatua datorren igandean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa-ko aurtengo txapeldunari. Orozkon Jon Maia eta Unai Iturriagarekin egindako bertso afariko momentu beroenak ere eman dituzte bertso programan. Horra:

Tolosako finalerdia eta Bertso Eskolen Eguna

G-Puntua Ilunbeko geltokira iristear dago. Jada, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako txartela eskuratu duen zortzikotea erabakita dago; Beñat Gaztelumendi, Jesus Mari Irazu, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin. Bien bitartean, Hitzetik Hortzerak Tolosako finalerdia aletu zuen atzoko saioan. Lesakan izan berri den Bertso Eskolen Eguneko zenbait bertsoaldi ere eskaini zituen Jon Artanok zuzendutako programak.

Hitzetik Hortzera: Arrasateko finalaurrekoa

Ibilian ibilian, G-Puntua azken txanpara heltzen ari da. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa finalaurrekoetan sartuta dago, eta Ilunben abenduaren 18an jokatuko den final haundirako saio bakarra falta da.
Hitzetik Hortzera-k saio bereziak prestatu ditu Txapelketaren harira. Hori dela eta, igandeko programan, batez ere, Arrasateko finalaurrekoa izan du hizpide Jon Artano aurkezleak, Jon Sarasua bertsolari atxabaltarra lagun duela. Beñat Gaztelumendik irabazi zuen Arrasateko finalurrekoa, eta hala, Ilunberako txartela eskuratu zuen. Azaroaren 12an Lesakan ospatutako Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguneko laburpena ere jaso dute.

Hitzetik Hortzera oso osorik!

Hitzetik Hortzera ikusi nahi? EiTB Nahieranen duzu saio osoa ikusteko aukera. Atzokoa aurtengo denboraldiko bigarrena izan zen. Lehendabiziko programa ere hemen ikus dezakezu.

G Puntua eta Sarako bertso afaria aletu zituzten atzokoan Hitzetik Hortzeran. Jon Artano aurkezleak Ainara Lasa, G Puntuko antolatzaile taldeko kidea, hartu zuen platoan.

Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer, Hitzetik Hortzeran

Igandean hasiko du denboraldia Hitzetik Hortzera-k, ordutegi berrian: 22:30ean. Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer hartuko ditu Jon Artanok estreineko alean Bertsoaroa eta  G-Puntua-z hitz egiteko . Duela lau urte jarri zuen martxan Aranburuk euskaldun berrientzako bertso-eskola Iruñeko Hizkuntza Eskolan. Urtez urte sendotu egin da egitasmoa, eta aurten bizkorren ibili direnek baino ez dute lortu lekua haren eskoletan. Zorioneko ikasle horietako bat da Marc Febrer.
hitzetikhortzera

Sortzez Menorcakoa da Febrer, eta Bartzelonan hasi zen euskara ikasten. Ainhoarekin ikasitakoari esker bertsotan ere egiten du, eta Maialen Lujanbiorekin egindako bertsoaldi baten bideoa ekarriko du programara froga gisa.

Bertsoaroa eta G Puntua

Bertsoaroa zikloaren barruan Iruñean egindako saio komentatuko platoan. Andoni Egaña gai-jartzaile zutela aritu ziren bertsotan Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Xabier Silveira, Uxue Alberdi, Julen Zelaieta eta Igor Elortza. Gainera,  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenen laburpena ere emango dute;  Oñati, Villabona, Hondarrabi eta Idiazabalgo saioen errepasoa eginaz.
Lazkao Txiki eta Plin

Zuri-beltzekoen atalean Xalbador, txistulariei kantari, 1968an Donostian botatako bi bertso. Horretaz gain, dokumentu baliotsu bat ere erakutsiko du Hitzetik Hortzerak aurreneko aldiz. Bertsolari pelikularen dokumentazio lanetan ari zela, Asier Altunak Lazkao-Mendiko Abaliñe baserrian Lazkao-Txikik filmatutako Super8 film argitaragabeak deskubritu zituen tiradera batean. Familiak jakin bazekien Lazkao-Txikik ‘tomabistas’a zuela, eta harekin filmaketak egin ohi zituela; baina, ez zekiten bobina haiek zer gordetzen zuten. Hitzetik Hortzeran ikusi ahal izango dira Joxe Migel Iztuetak hartutako irudi horiek lehenbizikoz. Lazkao Txikik bere burua ere filmatu zuen, mendian Plin bere setter pintto elegantearekin.

Hori guztia, igandean, 22:30ean, ETB 1-en eta eitb.com-en.

G-Puntuko bertsoaldirik onenak

gpuntua_logoaGipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2011, badoa aurrera. Larunbateko Hitza Jolas saioak Lasarteko bertsoaldirik onenak eta Uxue Alberdiri egindako elkarrizketa eskainiko ditu. Lasarten, Uxue Alberdi lehen postuan eta segidan Andoni Otamendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi, Amaia Iturriotz eta Oihana Iguaran sailkatu ziren. Zortziko txikiko ariketan Alberdi eta Otamendirena izan zen bertsoaldirik puntuatuena. Entzun, ondoko saioa: “Amaren lotsa gorria eta semearen kamiseta gorria”.

Igandeko Hitza Jolas saioak, berriz, Iruneko bertsoaldirik onenak eskainiko ditu. Alaia Martin sailkatu zen lehen postuan, segidan Iñaki Zelaia, Haritz Casabal, Urko Egaña, Manex Agirre eta Asier Sasieta sailkatu ziren. Lehen hiru sailkatuek lortu dute hurrengo fasean abesteko txartela. Zortziko txikiko ariketan Alaia Martin eta Urko Egañarena izan zen bertsoaldirik puntuatuena. Entzun: “Alaba erre eta erre, eta aita haserre!”

Gpuntuko Final-zortzirenak amaituta 24 bertsolari sailkatu dira final-laurdenetara: Nerea Elustondo, Alaia Martin, Uxue Alberdi, Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre, Jokin Uranga, Agin Rezola, Andoni Otamendi, Amaia Agirre, Beñat Lizaso, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia, Ander Lizarralde, Nahikari Gabilondo, Felix Zubia, Ane Labaka, Iban Urdangarin, Unai Gaztelumendi, Haritz Casabal, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Oier Aizpurua eta Unai Muñoa. Hauekin batera, 2007ko txapelketako 6 finalista arituko dira final-laurdenetan: Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Jon Martin eta Iker Zubeldia.

Urriaren 22an hasiko dira Gpuntuaren final-laurdenak, Oñatin. Bost saio izango dira fase berrian: Oñatin, Villabonan, Hondarribin, Idiazabalen eta Azpeitian.

Uranga: “Erraz etortzen zitzaidan bertsoa”

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako bosgarren saioa jokatu zen pasa den larunbaten Elgoibarren. Jokin Uranga azpeitiarrak irabazi zuen, 493 puntu eskuratuta. Hurrengo fasean izango da Uranga. Segidan Unai Gaztelumendi eta Oier Aizpurua. Bi hauek ere badituzte hurrengo fasean kantatzeko aukerak. Hitz Jolas saioak Jokin Urangari egindako elkarrizketa entzun dezakezu hemen. Uranga pozik dago egindako lanarekin. Elgoibarren “lasai eta eroso” aritu zela aitortu du, “zenbaitetan lasaiegi”. Saioari “kezkaz” ekin bazion ere, “tarteka ale politak” utzitako sentsazioarekin itzuli zen etxera. Lortutako emaitza “etxeko lanak uste baino hobeto eginda” daudenaren seinale direla esan du; ideia eta erantzunak burura etortzen direnean, lanak ondo eginda daudelako dela azpimarratu du. “Bertsoa erraz etortzen zitzaidan eta horrek aukera ematen dizu besteei entzun eta tiraka aritzeko”.

Jokin Uranga. Argazkia: www.gpuntua.com

Jokin Uranga. Argazkia: www.gpuntua.com

JARRAITU G PUNTUA FACEBOOKEN, HITZA JOLASEN ESKUTIK!!!

Indartsu itzuli da G-Puntua!

Udako oporren ostean, martxan da, berriro, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Espero bezala, indartsu ekin dio G-Puntuak; bertsolariak gogotsu eta zaleak, zer esanik ez. Final zortzirenetako lehen saioa Andoainen jokatu zen larunbat arratsaldean, Bastero kulturgunean. 250 lagun inguru bildu ziren saioa entzutera. Oholtza, gainean, sei bertsolari; Manu Goiogana, Ane Labaka, Amaia Agirre, Ander Lizarralde, Mantxi eta Iñigo Izagirre. Mantxi bertsolari zarauztarrak lortu zuen puntu gehien. Ikusi puntuazioa G-Puntua weborrian. gpuntua_logoa

Igandean, berriz, G-Puntuak Azkoitian zuen zita. Baztartxo Antzokia, leporaino bete zen, Asier Azpiroz, Ibai Esoain, Gorka Maiz, Gorka Azkarate, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal entzutera. Saio honetan puntu gehien Xamoak bereganatu zituen.

Hurrengo Geltokiak: Eibar, larunbatean, eta Lazkao, igandean.

G-Puntuaren bigarren fasea, hastear

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2011ren bigarren fasea larunbatean hasiko da. Joan den maiatzean eta ekainean egin zuten aurtengo lehiaketaren sailkapen fasea, eta 32 bertsolarik egin zuten orduan aurrera. IKUSI HEMEN AURKEZPENEKO BIDEOA.

Gpuntua_bideoklipa from Gpuntua on Vimeo.

Irailaren 17an ekingo diote berriz G-puntua2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, final-zortzirenekin. Aurrerantzean 42 bertsolari arituko dira lehian, 16 saiotan: 7 saio final-zortzirenetan, 5 saio final-laurdenetan, 3 saio final-erdietan eta abenduaren 16an Donostiako Illunben egingo duten final handia.

Saioeterako sarrerak Interneten egongo dira salgai, gpuntua.com eta Bertsosarrerak atarietan.

BERTOLARI filmaren estreinaldia: IKUSI EITB.COMen AURRERAPENA

Asteburu honetan, bestalde, Asier Altunaren Bertsolari filmak ikusiko du argia Donostiako Zinemaldian; larunbatean, irailak 17, estreinatuko da, arratsaldeko 16:00etan, Kursaaleko Auditorioan. Sail Ofizialean izango da, lehiaketatik kanpo. Urriaren 14an helduko da zinema-aretoetara.
BERTSOLARI_FILMA
Bertsolaritza zer den kontatzen du Altunak film honetan. Euskaraz grabatu dute pelikula eta Txintxua Filmen ekoizpena da, Golemen banaketarekin. Besteak beste, Andoni Egaña, Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio bertsolari ezagunek parte hartzen dute.