Category Archives: Hitzetik Hortzera

Bertsolariak, glosadoreak eta ‘casteller’-ak

Bartzelonatik agurtu du denboraldia Hitzetik Hortzerak. Programak berak eta Bartzelonako Euskal Etxeak elkarlanean antolatutako Bertso-Soparra izan da hondarreko atalaren ardatza. Agin Rezolak eta Igor Elortzak saio bikaina egin zuten, bai librean, bai Jone Uriak jarritako gaiei kantatzean. Bertsoaldi onenak eta hiru bertsolariekin egindako elkarrizketak eman dituzte bertso programan. Jone Uria udazkenetik bizi da Bartzelonan, eta bertso jarrien bidez erakutsi du hiria HHn. Gainera Sants auzokoko Borinots Castellers taldeko kide ere bada Jone, eta Kataluniako tradizio horren barrunbeetan gidatuko du ikusentzulea, hori ere bertso kantuan.

Kantu inprobisatua gero eta indartsuago dago Herrialde Katalanetan. Horren erakusgarri Milena Rafòls, Lluis Gracia, Christian Simelio eta Farriol Macip glosadoreek bazkaloste batean egindako jarduna eta eurekin egindako hizketaldia eman dituzte. Hori guztia eta askoz gehiago, Hitzetik Hortzeran:

Auzolanean osatutako bertsoak

Unai Muñoa eta Ane Labaka izan dira Hitzetik Hortzerako platoan asteon. Ttakun euskara elkarteak koordinatuta, urtero egiten dute bertso-saio berezia Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean. Herriko kultur taldeek elkarlanean ontzen dute ikuskizuna, eta denetarik izaten da: dantza, antzerkia, musika… eta, jakina, bertsoa. Aurten, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin kantatu dute, eta hango berri emango dute platoan Labakak eta Muñoak. Hori eta asko gehiago, Hitzetik Hortzeran. Horra:

Belfasteko Bertso Dinneretik bueltan, Alaia Martin kontu kontari

Egin berri dute Belfasten Bertso Dinnera bosgarrenez. Han izan dira kantuan Alaia Martin eta Jon Maia. Aurten, gainera, harrera ofiziala egin die bertsolariei Belfasteko alkateak berak. Hango berri eman du Martinek, baita hezkuntza arautuan ematen dituen bertsolaritza eskolez ere. Hori eta askoz gehiago Hitzetik Hortzeran:

Galtxagorri robotarekin kontu kontari

EHUren Gipuzkoako Campusean egindako bertso saio berezian, Ttartalo eta Galtxagorri robot bertsolariak aurkeztu dituzte jendaurrean. Euren lehenengo plazan bertsolagun izan dituzte Andoni Egaña, Felix Zubia, Oier Lakuntza eta Maialen Velarde. Bertan gai-jartzen aritu zen Aitzol Astigarraga eta berau izan du gonbidatu asteon Jon Artanok.

Petra Elser, Frankfurteko euskaldunarekin bertsolaritzaz

Osinalde sariketatik entresaka mamitsua egin du Hitzetik Hortzerak, Petra Elser Frankfurteko euskaldunarekin kontu kontari egon diren bitartean. Gabiriako gazteek BertsoMovieDa lehiaketarako sortutako Bertso Road Movie ikusentzunezkoaren laburpena ere eman dute programan. Horretaz gain, Oñatiko Santa Ana aretoan egin zen saiotik Uxue Alberdik eta Alaia Martinek egindako ofizioa eta Bergaran, Erramu Zapatu bezperako saiotik Amets Arzallus eta Andoni Egaña elkarri puntu jartzen. Horra:

‘Beste larogei urtian’ dokumentala Hitzetik Hortzeran

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 25 urte beteko ditu 2012an. Sortu zenetik egindako ibilbidea aztertu eta landu ondoren, ‘Beste larogei urtian’ izeneko liburu eta DVDan bildu dute emaitza. Hitzetik Hortzeran erakutsi dituzte dokumentalaren xehetasunak.

Uxue Alberdiren gogoetak

Usurbilgo Artzabal jatetxe ireki berrian primerako bertso afaria egin zuten martxoaren 8koa ospatzeko. Onintza Enbeitak, Ainhoa Agirreazaldegik eta Uxue Alberdik jarri zuten han festarako eta gogoetarako gaia. Uxue Alberdi bera izan da platoan Jon Artanorekin Usurbilen kantatutakoez eta beste kontu batzuei buruz hitz egiteko.

Programako beste ardatza Mallabiko Izar Gorri elkartean, Beñat Ugartetxea gai-emaile zutela, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia goierritarrek egindako saioa izango zen. Zuri-beltzekoan Lazkao Txiki eta Zappingean Zeberio anaiak Ataunen 2002an; Nikolas puntu jartzen eta Xabier erantzuten. Gainera Arabako Koadrila arteko txapelketako finalerdien laburpena ere emango dute.

Getariako eta Mutiloako bertso-janak

Aurreneko aldiz antolatu dute Getariako Elkano jatetxekoek bertso-afaria. 110 lagun baino gehiago batu ziren Elkanorenean prestatutako kutixiekin hasi eta bertso-jana egiteko ondoren. Amaia Agirre, Jon Maia eta Aitzol Barandiaran aritu ziren. Gehienean librean egin zuten, baina Getariako bertso eskolakoek Jokin Egurbideren bidez jarritako gaiei ere kantatu zieten. Bitsetan joan zen afaria hasieratik amaierara. Besteak beste Getariakoaz hitz egiteko gonbidatu dute asteon Aitzol Barandiaran Munduate bertsolari ataundarra Hitzetik Hortzerako platora.