Monthly Archives: May 2012

Bertsolariak, glosadoreak eta ‘casteller’-ak

Bartzelonatik agurtu du denboraldia Hitzetik Hortzerak. Programak berak eta Bartzelonako Euskal Etxeak elkarlanean antolatutako Bertso-Soparra izan da hondarreko atalaren ardatza. Agin Rezolak eta Igor Elortzak saio bikaina egin zuten, bai librean, bai Jone Uriak jarritako gaiei kantatzean. Bertsoaldi onenak eta hiru bertsolariekin egindako elkarrizketak eman dituzte bertso programan. Jone Uria udazkenetik bizi da Bartzelonan, eta bertso jarrien bidez erakutsi du hiria HHn. Gainera Sants auzokoko Borinots Castellers taldeko kide ere bada Jone, eta Kataluniako tradizio horren barrunbeetan gidatuko du ikusentzulea, hori ere bertso kantuan.

Kantu inprobisatua gero eta indartsuago dago Herrialde Katalanetan. Horren erakusgarri Milena Rafòls, Lluis Gracia, Christian Simelio eta Farriol Macip glosadoreek bazkaloste batean egindako jarduna eta eurekin egindako hizketaldia eman dituzte. Hori guztia eta askoz gehiago, Hitzetik Hortzeran:

Auzolanean osatutako bertsoak

Unai Muñoa eta Ane Labaka izan dira Hitzetik Hortzerako platoan asteon. Ttakun euskara elkarteak koordinatuta, urtero egiten dute bertso-saio berezia Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean. Herriko kultur taldeek elkarlanean ontzen dute ikuskizuna, eta denetarik izaten da: dantza, antzerkia, musika… eta, jakina, bertsoa. Aurten, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin kantatu dute, eta hango berri emango dute platoan Labakak eta Muñoak. Hori eta asko gehiago, Hitzetik Hortzeran. Horra:

Belfasteko Bertso Dinneretik bueltan, Alaia Martin kontu kontari

Egin berri dute Belfasten Bertso Dinnera bosgarrenez. Han izan dira kantuan Alaia Martin eta Jon Maia. Aurten, gainera, harrera ofiziala egin die bertsolariei Belfasteko alkateak berak. Hango berri eman du Martinek, baita hezkuntza arautuan ematen dituen bertsolaritza eskolez ere. Hori eta askoz gehiago Hitzetik Hortzeran:

Herrialdeetako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak, abian

Herrialdeetako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak jada martxan dira. Idatzizko sariketatan zein bat-bateko saioetan parte hartzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek. Adinaren arabera bi maila izango dira: 14 urtera artekoak eta 14-18 urte bitartekoak. Egutegia ikusteko egin klik agendan.

Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa 2010

Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa 2010

Eskolarteko Txapelketaren bitartez ikastetxeetan eta bertso-eskoletan bertsolaritza lantzen duten gaztetxoek bertso saioak ikusi, idatzizkoan parte hartu eta jendaurrean abesteko aukera izango dute.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimen hau oso modu ezberdinean garatu da orain arte eskualde zein herrialde bakoitzean. Txapelketaren egitura bateratu asmoz, 2013rako Eskolarteko Txapelketa eredu berria jarri nahi da martxan, besteak beste bertso-eskolei parte hartzeko aukera emanez. Hori dela eta, eskolarteko txapelketaren inguruko gogoeta eguna antolatu dugu maiatzaren 12rako, Villabonako egoitzan. Parte hartzeko interesa duzuen guztiok ateak zabal zabalik dituzue.