Tag Archives: bertsolariak

Finalerako azken pausoa

etxaun-lekue

Final haundia gerturatzen ari da eta hori nabaria da; giroa berotzen ari da Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Joan den igandean, 800 lagun inguru bildu ziren Durangoko Landako gunean, azken aurreko saioa entzutera. Bigarren eta hirugarrenarekiko alde estuarekin, Etxahun Lekuek irabazi zuen bigarren finalaurrea eta zuzenean finalera pasatuko da.

Etxahun Lekue 563.5
Igor Elortza 561.5
Fredi Paia 561
Jone Uria 528
Arrate Illaro 489.5
Gorka Ostolaza 483

Hirugarren eta azken finalaurrea datorren abenduaren 2an izango da Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Miren Amuriza, Peio Ormazabal, Beñat Ugartetxea, Iratxe Ibarra, Ibon Ajuria eta Joseba Artza izango dira kantuan. Gogoratu, Bertsosarrerak webgunean dituzuela sarrerak salgai.

BaDaGaRa … badator Bizkaiko Bertsolari Txapelketa!

Igandean abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Berriatua izango da lehen geltokia. 38 bertsolarik hartuko dute parte; tartean, Arkaitz Estiballes eta Igor Elortza, azken bi ediziotako txapeldunak. ‘BaDaGaRa’ da aurtengo leloa eta Audience musika taldeak egin du sintonia. Horra, aurkezpenerako prestatu duten bideoa:

Finala Bilboko Miribillan jokatuko dute, abenduaren 15ean, 17:30ean. Sarrerak, dagoeneko, salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Abian dira Bertso-Udalekuak!

300 haur eta gaztetxok hartuko dute parte Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso-udalekuetan; uztailaren 1ean hasi, eta udara osoan zehar zazpi txanda ezberdinetan antolatuta egongo dira Euskal Herri osoko bertsozale gazteak.

Ekimen ugari prestatu dituzte: tartean, bertsolariekin zuzeneko harremana izango dute. 15. edizio honetan Maialen Lujanbio, Jon Maia, Onintza Enbeita, Xabi Paya, Sustrai Colina, Fredi Paia, Sebastian Lizaso, Julio Soto, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi eta Arkaitz Estiballesen bisita jasoko dute. Kantugintza ere landuko dute Oskar Estangarekin eta udalekuetako diskoa grabatuko dute.
Bertso Udalekuak 2012
Horra, antolatu diren txandak:

– Uztailaren 1etik 7ra, Barria, Araba. 9-11 urteko haurrak
– Uztailaren 8tik 14ra, Orio, Gipuzkoa. 12-14 urtekoak
– Uztailaren 8tik 16ra, Bidarrai, Behe Nafarroa. 15-18 urtekoak
– Uztailaren 15etik 21era, Irañeta, Nafarroa. 12-14 urtekoak
– Uztailaren 17tik 23ra, Orio, Gipuzkoa. 9-11 urtekoak
– Uztailaren 22tik 28ra, Arrazola, Bizkaia. 9-11 urtekoak
– Abuztuaren 27tik 31ra, Zuhatza, Araba. 9-11 urtekoak

Bertsolariak, glosadoreak eta ‘casteller’-ak

Bartzelonatik agurtu du denboraldia Hitzetik Hortzerak. Programak berak eta Bartzelonako Euskal Etxeak elkarlanean antolatutako Bertso-Soparra izan da hondarreko atalaren ardatza. Agin Rezolak eta Igor Elortzak saio bikaina egin zuten, bai librean, bai Jone Uriak jarritako gaiei kantatzean. Bertsoaldi onenak eta hiru bertsolariekin egindako elkarrizketak eman dituzte bertso programan. Jone Uria udazkenetik bizi da Bartzelonan, eta bertso jarrien bidez erakutsi du hiria HHn. Gainera Sants auzokoko Borinots Castellers taldeko kide ere bada Jone, eta Kataluniako tradizio horren barrunbeetan gidatuko du ikusentzulea, hori ere bertso kantuan.

Kantu inprobisatua gero eta indartsuago dago Herrialde Katalanetan. Horren erakusgarri Milena Rafòls, Lluis Gracia, Christian Simelio eta Farriol Macip glosadoreek bazkaloste batean egindako jarduna eta eurekin egindako hizketaldia eman dituzte. Hori guztia eta askoz gehiago, Hitzetik Hortzeran:

Zer gertatzen da bertsolarien burmuinean?

Gaia entzun, bertsoaren amaiera pentsatu, errimak ekarri, doinua aukeratu, esaldiak josi, ideiak borobildu … eta bertsoa osatu. Hori guztia denbora tarte oso laburrean egiteko gai da bertsolaria. Hori guztia egiten ari den bitartean bertsolariaren burmuinean zer gertatzen ari den ikertzen ari dira BCBL burmuina eta hizkuntza ikertzen dituen zentroan.

18 bertsolari ezagun ari dira probak egiten, tartean Andoni Egaña. Lehenik test arruntak, ondoren hizkuntzarekiko gaitasuna neurtzen duten probak eta azkenik, erresonantzia magnetikoa egin bitartean bertsoa bota:

Bertsolariek amaitzen dutenean, bertso eskoletan ari direnek egingo dituzte probak. Inprobisazioarekin zerikusirik ez duten euskaldun zaharrek ere egingo dituzte zenbait azterketa. Guztietatik ateratako datuak alderatu egingo dituzte eta urte eta erdi barru emaitzak izango ei dituzte. Zer aterako ote da? 😉

43. Bertso Eguna, larunbatean Donostian

Bertso eguna. Bertsoaren, bertsogintzaren, bertsolarien eta bertsozaleen topagunea. Euskal herriko Bertsozale elkarteak 25 urte bete ditu aurten eta hori izango da Kursaaleko ekitaldi nagusiko ardatza. Aurtengo irudia dominoa da. 25 urte hauek ere piezaz pieza osatutako bidea izan direlako besteak beste. Bertso eguna egun osoko jarduna izango da. Goizetik hasita noski. Arratsaldean, ekitaldi nagusia Kursaaleko areto nagusian.

bertsoeguna
Afaltzeko txartelak salduta daude. Kursaaleko ekitaldi nagusian 1800 lagunentzat lekua dago, baina 300 bat sarrera besterik ez dira gelditzen. Sarrerak nahi dituenak bertsosarrerak.eu atarian ditu eskura.

Hitza Jolas saio berezia izango da igandean ordubietatik aurrera. Afaltzeko txartelak salduta daude.

Aitor Sarriegi eta Mikel Mendizabal, Hitzetik Hortzeran

Aitor Sarriegi txapelduna lagun hartuta, Gpuntuaren final handiari errepasoa eman dio Jon Artanok Hitzetik Hortzera saioan. Ordiziatik, Barrena Kultur Etxetik, Sarriegi txapeldunaren bertso eskolatik hasi dute kontakizuna. Besteak beste, Mikel Mendizabal bertsolariaren eta Igor Eguren Ordiziako alkatearen gogoetak jaso dituzte saioan. Mendizabalen eskutik jaso zituen bertsolaritzari buruzko lehendabiziko ikasgaiak, eta lan hori eskertuz, Mendizabali eskaini zion txapela Sarriegik. Eguren, berriz, Sarriegirekin batera bertso eskolan ibilitakoa da, laguna. Gogoratu, Hitzetik Hortzeraren emisio ordua aldatu egin dutela: larunbatetan 15:00etatik aurrera ETB 1en izango da ikusgai hemendik aurrera. Bezperatik, EITB Nahieranen.

Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer, Hitzetik Hortzeran

Igandean hasiko du denboraldia Hitzetik Hortzera-k, ordutegi berrian: 22:30ean. Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer hartuko ditu Jon Artanok estreineko alean Bertsoaroa eta  G-Puntua-z hitz egiteko . Duela lau urte jarri zuen martxan Aranburuk euskaldun berrientzako bertso-eskola Iruñeko Hizkuntza Eskolan. Urtez urte sendotu egin da egitasmoa, eta aurten bizkorren ibili direnek baino ez dute lortu lekua haren eskoletan. Zorioneko ikasle horietako bat da Marc Febrer.
hitzetikhortzera

Sortzez Menorcakoa da Febrer, eta Bartzelonan hasi zen euskara ikasten. Ainhoarekin ikasitakoari esker bertsotan ere egiten du, eta Maialen Lujanbiorekin egindako bertsoaldi baten bideoa ekarriko du programara froga gisa.

Bertsoaroa eta G Puntua

Bertsoaroa zikloaren barruan Iruñean egindako saio komentatuko platoan. Andoni Egaña gai-jartzaile zutela aritu ziren bertsotan Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Xabier Silveira, Uxue Alberdi, Julen Zelaieta eta Igor Elortza. Gainera,  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenen laburpena ere emango dute;  Oñati, Villabona, Hondarrabi eta Idiazabalgo saioen errepasoa eginaz.
Lazkao Txiki eta Plin

Zuri-beltzekoen atalean Xalbador, txistulariei kantari, 1968an Donostian botatako bi bertso. Horretaz gain, dokumentu baliotsu bat ere erakutsiko du Hitzetik Hortzerak aurreneko aldiz. Bertsolari pelikularen dokumentazio lanetan ari zela, Asier Altunak Lazkao-Mendiko Abaliñe baserrian Lazkao-Txikik filmatutako Super8 film argitaragabeak deskubritu zituen tiradera batean. Familiak jakin bazekien Lazkao-Txikik ‘tomabistas’a zuela, eta harekin filmaketak egin ohi zituela; baina, ez zekiten bobina haiek zer gordetzen zuten. Hitzetik Hortzeran ikusi ahal izango dira Joxe Migel Iztuetak hartutako irudi horiek lehenbizikoz. Lazkao Txikik bere burua ere filmatu zuen, mendian Plin bere setter pintto elegantearekin.

Hori guztia, igandean, 22:30ean, ETB 1-en eta eitb.com-en.

Bertsoaldirik onenak eta elkarrizketak!

Ibilian ibilian, G Puntua, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2011, badoa aurrera. Indartsu hasi zen eta indartsu jarraitzen du. Bertsolariak maila ona erakusten ari dira eta bertsozaleen erantzuna, paregabea. Astebururo, aretoak leporaino betetzen ari dira. Ilunberainoko bidea luzea da, eta oraindik saio asko daude aurretik. Horra, final zotzirenetako azken saioetako bertsoaldirik onenak eta saio bakoitzeko irabazleei Xabier Sukia Hitza Jolaseko esatariak egindako elkarrizketak.

Argazkia: www.gpuntua.com

Argazkia: www.gpuntua.com

Azkoitiko saioko bertsoaldirik onenak eta Xamoari elkarrizketa. Entzun hemen!

Eibarko saioko bertsoaldirik onenak eta Nerea Elustondori elkarrizketa. Entzun hemen!

Lazkaoko saioko bertsoaldirik onenak eta Beñat Lizasori elkarrizketa. Entzun hemen!

Andoaingo saioko bertsoaldirik onenak eta Mantxiri elkarrizketa. Entzun hemen!

Asteburu honetan, bestalde, final zortzirenetako saio bakarra izango da larunbatean Elgoibarren. Izan ere, G Puntuak bat egingo du Azpeitian izango den Kilometroak 2011-kin eta igandean ez da saiorik izango.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako puntuazioak eta informazioa, G-Puntua weborrian.

Indartsu itzuli da G-Puntua!

Udako oporren ostean, martxan da, berriro, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Espero bezala, indartsu ekin dio G-Puntuak; bertsolariak gogotsu eta zaleak, zer esanik ez. Final zortzirenetako lehen saioa Andoainen jokatu zen larunbat arratsaldean, Bastero kulturgunean. 250 lagun inguru bildu ziren saioa entzutera. Oholtza, gainean, sei bertsolari; Manu Goiogana, Ane Labaka, Amaia Agirre, Ander Lizarralde, Mantxi eta Iñigo Izagirre. Mantxi bertsolari zarauztarrak lortu zuen puntu gehien. Ikusi puntuazioa G-Puntua weborrian. gpuntua_logoa

Igandean, berriz, G-Puntuak Azkoitian zuen zita. Baztartxo Antzokia, leporaino bete zen, Asier Azpiroz, Ibai Esoain, Gorka Maiz, Gorka Azkarate, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal entzutera. Saio honetan puntu gehien Xamoak bereganatu zituen.

Hurrengo Geltokiak: Eibar, larunbatean, eta Lazkao, igandean.