Tag Archives: Bertsozale Elkartea

Herrialdeetako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak, abian

Herrialdeetako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak jada martxan dira. Idatzizko sariketatan zein bat-bateko saioetan parte hartzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek. Adinaren arabera bi maila izango dira: 14 urtera artekoak eta 14-18 urte bitartekoak. Egutegia ikusteko egin klik agendan.

Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa 2010

Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa 2010

Eskolarteko Txapelketaren bitartez ikastetxeetan eta bertso-eskoletan bertsolaritza lantzen duten gaztetxoek bertso saioak ikusi, idatzizkoan parte hartu eta jendaurrean abesteko aukera izango dute.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimen hau oso modu ezberdinean garatu da orain arte eskualde zein herrialde bakoitzean. Txapelketaren egitura bateratu asmoz, 2013rako Eskolarteko Txapelketa eredu berria jarri nahi da martxan, besteak beste bertso-eskolei parte hartzeko aukera emanez. Hori dela eta, eskolarteko txapelketaren inguruko gogoeta eguna antolatu dugu maiatzaren 12rako, Villabonako egoitzan. Parte hartzeko interesa duzuen guztiok ateak zabal zabalik dituzue.

Bertso-udalekuak, ate joka

bertso_udalekuak
Uda iritsi da eta haur eta gaztetxoek aisialdiaz eta bertsolaritzaz gozatzeko aukera izango dute datozen asteetan. Bertsozale Elkarteak antolatu dituen bertso-udalekuetan 205 haur eta gaztetxok hartuko dute parte bost txandatan banatuta.
Igandean, uztailaren 3an, Nafarroa Behereako Bidarrai herrira abiatuko dira 12-14 urteko 43 gaztetxo eta uztailaren 9a bitartean Menditarrenia aterpetxean kanpamentua ezarri eta lagun artean mendi irteerak, rafting jeitsierak eta hainbat ekintzaz gozatu ahal izango dute.

Puntako bertsolarien bisita ere jasoko dute, beraiekin solasean aritzeko aukera izango dute eta bertso afaria izango dute jarraian. Gainera, Oskar Estanga bertsolariarekin kantugintza tailerra ere egingo dute.

1986ko finala oroitzeko programa berezia, Hitzetik Hortzeran

1986ko martxoaren 23a data seinalatua da bertsolaritzaren historian. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatu zen Donostiako Belodromoan.
finala_86
Zortzi bertsolari hauek iritsi ziren finalera: Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Iñaki Murua, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Anjel Mari Peñagarikano. Lizasok irabazi zuen eta On Manuel Lekuonak jantzi zion txapela. Bertsolari belaunaldi berri baten plazaratzea izan zen hura. Muruak 29 urte zituen, Lizasok eta Peñagarikanok 28, Egañak 24 eta Sarasuak 19. Bizkaitarrek eskarmentu handiagoa zuten. Jon Enbeitak finalaren bezperan bete zituen 36 urte, 80ko eta 82ko txapelketak irabaziak zituen Xabier Amurizak 44 eta Jon Lopategik, denetan nagusienak, 52. Mende laurden pasa den honetan finaleko zortzikote hori bera elkartu du Belodromoan Hitzetik Hortzerak, leku berean, egun hura oroitzeko.

Bertsolaritzarentzat mugarri izan zen txapelketa

Txapelketaren eraketari buruzko desadostasun batzuk tarteko, Euskaltzaindia-k ezarritako arauei uko egin eta bertsolariek, bertsozale batzuen laguntzaz, euren gain hartu zuten Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura. Herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan 91 bertsolari aritu ziren. Txapelketa Nagusian 40 lehiatu ziren eta Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala. Txapelketa hura arrazoi askorengatik izan zen berezia: aurreneko aldiz bertsolariek eta bertsozaleek, elkarlanean, hartu zuten antolatzeko ardura horretarako propio sortuz Bertsolari Elkartea, gerora Bertsozale Elkartea bihurtuko zena…; aurreneko aldiz emakume batek, Kristina Mardarasek, parte hartu zuen txapelketan; lehendabizikoz, Belodromora eraman zen bertso jarduna, arrakasta ikaragarriz eraman ere; estreinekoz, txapelketan epaileek bertsozaleen bistara eman zituzten puntuak; aurreneko aldiz telebistak zuzenean eman zuen bertso saio bat… Hain zuzen ere, emanaldi hartatik apartatu dituzte finaleko bertsoaldi onenak Hitzetik Hortzerakoek. Protagonisten oroitzapen eta hausnarketekin jantzita eskainiko dira programan bertsoaldi horiek. Gainera finala amaitu berritan, Belodromoko atarian bertan, bertsozale eta bertsolariei egindako galdeketa ere atera dute artxibotik. Eta txapelketa hartaz zeresana duen jende gehiagoren iritziak ere bildu dituzte mende laurden pasa den honetan. Hala nola, Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Kristina Mardaras, Juanjo Uria, Fermin Muguruza eta Pello Ayestarena. Igandean, 21:00etan, etb1-en eta eitb.com-en