Category Archives: Tiraka eta tiroka

Bertsolariaren zortea

Goizeko 9:00etan bertsotan egitea ez da gauza arrunta, eta normala ez denez, ez da erosoa ere. Makarrak kendu, kotxeA hartu eta 8:45ean antolatzaileak agurtzerakoan, ez duzu pentsatzen zortekoa zarenik. Lehenengo burutazioa da ea zertarako esan ote zenuen baietz. Hala ere, zortea minutu gutxiren buruan aldatu egiten da, edo behintzat hori gertatu zitzaigun aurreko batean.
Goizeko 9:00etan kantatu behar izan genuen Bilboko Itsas Museoan medikuen jardunaldi batzuetan. Lekua apartekoa zen, baina gaiak eta orduak ez ninduten bereziki konbentziztzen. Ez dut medikuntzaz askorik ulertzen, eta ez nekien zer izango zen han kontatuko zigutena. Pentsatzen nuen goiz guztia egingo genuela halako eta bestelako medizina, sendabide, kirurgia eta sintomen gainean berbetan, baina ez zen hala izan.
Alex Rovira izeneko kataluiniar idazle eta ekonomialariaren berbaldia entzun genuen Miren Amuriza eta biok. Begiak zabal-zabal, ahoa ixteko ere lanak izan genituen. Pentsa, apunteak ere hartu egin genituen!
Egungo munduaren baloreen krisiari buelta emateko gauza askotaz hitz egin zuen Rovirak, baina bertso eskoletan lanean daudenek edo gaudenok erabiltzeko moduko hainbat kontzeptu maneiatu zituen: autoestimua, umeen hezkuntza, norbait edo zerbait izan beharra… harrigarria iruditu zitzaidan.
Zorteduna nintzela pentsatu nuen. Nire kabuz, akaso, egundo irakurriko ez nituzkeen pertsona interesgarri baten burutazioak entzuteko aukera izan nuen: bigarren ilaratik. Luxuzko palkoan geunden Miren eta biok, “hau de subertie dekogune!”, esan nion Mireni; “hoixe pentseu jonat neupe!”, erantzun zidan.
Ez dakit nik Mirenek zer egingo zuen apunteekin, baina ez dizuet gezurrik esango: hartu nituenetik ez dute asko begirazeko astirik izan. Hala ere, bertso eskoletan ari zaretenontzat baliagarria izan daitekeen esaldi bat grabatuta gelditu zitzaidan: hartu ezazue ume bat izatera iritsi daitekeen hori bezala, eta dagokion lekura iritsiko da; ordea, desastre hutsa baldin balitz bezala hartzen baduzue hasieratik ez da inoiz inora iritsiko.
Adibidea ere jarri zuen: bere semearekin futboleko partida batera joan zen, eta bere alboko aita ikusi zuen umearekin hizketan. Aita harek umeari “gaur ere erori egingo zara”, esan zion barre artean, eta partida hartan ere, umea erori egin zen. Roviraren arabera, aita harek umeari “gaur hiru gol sartuko dituzu” esan izan balio, agian, umeak ez zituen hiru gol sartuko, baina aitak lortuko zuen umeak ez erortzeko besteko konfiantzarekin jokatzea.
Balio digu bertsolari gaztetxoekin erabiltzeko, eta erabili beharko genuke. Entzuteko zortea izan genuen, eta pozik nago. Baditu bertsolaritzak momentu txarrak, onak, interesgarriak eta magikoa. Hau interesgarria izan zen, dudarik gabe!