Monthly Archives: apirila 2011

1986ko finala oroitzeko programa berezia, Hitzetik Hortzeran

1986ko martxoaren 23a data seinalatua da bertsolaritzaren historian. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatu zen Donostiako Belodromoan.
finala_86
Zortzi bertsolari hauek iritsi ziren finalera: Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Iñaki Murua, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Anjel Mari Peñagarikano. Lizasok irabazi zuen eta On Manuel Lekuonak jantzi zion txapela. Bertsolari belaunaldi berri baten plazaratzea izan zen hura. Muruak 29 urte zituen, Lizasok eta Peñagarikanok 28, Egañak 24 eta Sarasuak 19. Bizkaitarrek eskarmentu handiagoa zuten. Jon Enbeitak finalaren bezperan bete zituen 36 urte, 80ko eta 82ko txapelketak irabaziak zituen Xabier Amurizak 44 eta Jon Lopategik, denetan nagusienak, 52. Mende laurden pasa den honetan finaleko zortzikote hori bera elkartu du Belodromoan Hitzetik Hortzerak, leku berean, egun hura oroitzeko.

Bertsolaritzarentzat mugarri izan zen txapelketa

Txapelketaren eraketari buruzko desadostasun batzuk tarteko, Euskaltzaindia-k ezarritako arauei uko egin eta bertsolariek, bertsozale batzuen laguntzaz, euren gain hartu zuten Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura. Herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan 91 bertsolari aritu ziren. Txapelketa Nagusian 40 lehiatu ziren eta Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala. Txapelketa hura arrazoi askorengatik izan zen berezia: aurreneko aldiz bertsolariek eta bertsozaleek, elkarlanean, hartu zuten antolatzeko ardura horretarako propio sortuz Bertsolari Elkartea, gerora Bertsozale Elkartea bihurtuko zena…; aurreneko aldiz emakume batek, Kristina Mardarasek, parte hartu zuen txapelketan; lehendabizikoz, Belodromora eraman zen bertso jarduna, arrakasta ikaragarriz eraman ere; estreinekoz, txapelketan epaileek bertsozaleen bistara eman zituzten puntuak; aurreneko aldiz telebistak zuzenean eman zuen bertso saio bat… Hain zuzen ere, emanaldi hartatik apartatu dituzte finaleko bertsoaldi onenak Hitzetik Hortzerakoek. Protagonisten oroitzapen eta hausnarketekin jantzita eskainiko dira programan bertsoaldi horiek. Gainera finala amaitu berritan, Belodromoko atarian bertan, bertsozale eta bertsolariei egindako galdeketa ere atera dute artxibotik. Eta txapelketa hartaz zeresana duen jende gehiagoren iritziak ere bildu dituzte mende laurden pasa den honetan. Hala nola, Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Kristina Mardaras, Juanjo Uria, Fermin Muguruza eta Pello Ayestarena. Igandean, 21:00etan, etb1-en eta eitb.com-en

Porrotxekin kontu kontari

artano_porrotxArtano eta Porrotx gustura egon dira kontu-kontari. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototx pailazioek Etiopiara egingo duten bidaiaz, Korrika-z eta beste hamaika gauzataz hitz egin dute, umorez eta kolorez. Artano ezpainak margotzera ere ausartu da. Horretaz gain, Usurbilgo bertso-kantu-jira, Jon Ansaren bertso-jarriak, Zegama, Azkoiti eta Legazpiko bertso-saioak… ederra atzokoa ere!.

Hitza jolas, Elizondotik Zegamara

hitzajolasNafarroako Bertsolari Txapelketa izan zen egunean bertan, Hitza Jolas Euskadi Irratiko saioak Elizondon eta Zegaman jasotako bertsoak helarazi zizkigun.

Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano Lazkao Txikiri kantari ere entzun genituen, IRRIZ ETA MALKOZ. Bertsogintzaren historian ezaguna da oraindik jo ez duen despertadore baten istorioa. Aurten Zegamako pilotalekuko bertso jaialdiak urteurren gazi eta ahaztezin batekin egin zuen topo. Orain urte batzuk norbaiti ez zion iratzargailuak jo eta ez zen esnatu. Lo jarraitzen du oraindik eta guk harekin ametsetan. Unai Elizasuk Peñagarikano eta Lizasori jarritako gaia.

BEDERATZIKOAN, berriz, Alberto Martinez Beitto-ren lana, entzungai. Juan mari Juaristik jarritako puntuari erantzun dio Alberto Martinezek. Zer moduz bizi gara Izarra aldean?

Soto, txapeldun

Bigarren aldiz jarraian, Julio Soto gorritiarrak jantzi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapel preziatua. Dena dela, askok diote bi txapeldun utzi dituela aurtengo finalak: Soto eta Silveira. Biak heldu ziren buruz burukora, eta sekulako erakustaldia egin zuten. Lau puntu eskaseko aldea atera zion Sotok lesakarrari. Indartsu bueltatu da plazetara Silveira eta aurtengo txapelketan argi erakutsi nahi izan du hori. Eta lortu du. Horra, Labriteko saioaren laburpena, eitb.com-etik hartuta.

Galtzagorriei to, Inaxito

Bertsolaritza haurrengana hurbiltzea da Trikuharri taldearen helburua. 2003an ekin zioten bideari, eta ordutik, bertsoa eta antzerkia uztartuz, hamaika lan plazaratu dituzte. Azkena, GALTZAGORRIEI TO, INAXITO! bertso-antzerkia eta berari jarraiki ekoiztu diren DVDa zein ipuina.

Euskal mitologia ardatz harturik, antzerkiaren bidez ikusten dena berrekartzeko aukera ematen du ipuinak Alai Zubimendiren ilustrazioekin. DVDan, berriz, Trikuharri taldearen ibilbide txikia eta hirugarren lanaren emaitza aurkezten da: antzerki emanaldia bera, bertsoak, jolasak eta protagonistei egindako elkarrizketak aurkituko ditu erabiltzaileak.

Txapelketetatik Azpeitiko ‘adarretara’

hitzajolasLarunbateko Hitza Jolas saioan Nafarroa eta Arabako bertsolari txapelketen gaineko informazioa eta bertsoak eskaini dituzte. Nafarroakoan Elizondoko bertsoak entzun dituzte. Gainerakoan, Azpeitiko “Adarrak zorrotz” bertso-tramako bertsoak, Rikardo Gonzalez de Duranaren bederatzikoa, Oroitzapenen kajoian 1993an Zaldibian Sarasuak bakarka eta Gorrotxategi eta Egañak ofizioka egindako bertsoaldiak.