Tag Archives: Zumaia

Jon Maiaren “Gazta zati bat”, Hitzetik Hortzeran

Jon Maia izan da aste honetako saioan gonbidatua. Duela hiru urte hasi zen bertsolari zumaiarra, Idiazabalgo Nazioen Mundua elkarteak eskatuta, herri ekimen horren jarraipena egiten. Talde horren ibiliaren lekukotza jaso behar zuen ikus-entzunezkoak hasiera batean, baina poliki-poliki asmoa handitu eta Euskal Herrian azken garaiotan bizi ditugun gertakari politiko eta sozialen isla jaso nahi du udaberrian estreinatuko duten pelikulak. Gazta zati bat-The piece of cheese proiektuaren gorabeherak kontatuko ditu Maiak.

Gainera Amurrion, Errege Eguneko urteroko zitan, Euskal Herriko Txapelketako azken zortzi finalistekin izandako jaialdiko onena ere eman dute; baita Zumaian urtarrilaren 7an izan zen bertso afarian Iker Zubeldiak eta Anjel Mari Peñagarikanok utzitako zirikada bizienak ere.

Mendexa, Zumaia eta Donostiako bertsoak eta Gpuntua

Larunbateko Hitza Jolas saioan Mendexako bertso jaialdiko bertsoladi onenak entzun ziren. Josu Goikoetxeak gaiak jarrita, bertsotan Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Arkaitz Estiballes. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpen prentsaurrekoaren laburpena ere eskaini zuten. Oroitzapenen kajoian, Joxe Agirre eta Lazkao Txikiren bertsoaldia. Baserriko nagusia eta morroia.

Igandeko Hitza Jolas saioan, berriz, Zumaiako bertsoak izan ziren entzungai. Ia bostehun lagunen aurrean aritu ziren bertsotan Zumaian Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Sustrai Colina, Arkaitz Estiballes, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso. Jon Maia gaiak jartzen. Donostiako Bukowsky tabernan Egiako Bertso Eskolak antolatutako saioa egin zuten eta hango bertsoak ere eskaini zituzten. Gaiak jartzen Aritz Casabal eta bertsotan: Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Jokin Labayen, hiru musikarik lagunduta. Jon Martin eta Beñat Gaztelumendiren saioa entzun zen Hitza Jolas saioan.