Tag Archives: bertsolaria

Estiballes, finalera

arkaitz-estiballes

Indartsu hasi dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak. Atzo, 500 bertsozale baino gehiago batu ziren Basauriko Artunduaga kiroldegian, finalaurrea bertatik bertara jarraitzeko, eta saio polita entzuteko tenorea izan zuten. Arkaitz Estiballesek lortu zuen finalerako zuzeneko txartela. Gainerakoek puntuazioaren arabera izango dute final handian parte hartzeko aukera. Hauxe, atzoko puntuazioa:

Arkaitz Estiballes 596
Onintza Enbeita 523
Oihana Bartra 509
Eneko Abasolo 489.5
Gorka Lazkano 469
Iñaki Iturriotz 448

Estiballesek Basaurin botatako agurra:

Basauri. Irabazlearen agurra from Kopla Barik TB on Vimeo.

Hurrengo finalurrekoa Durangon jokatuko da, Landakon, azaroaren 25ean, 17:30ean. Gogoratu, Bertsosarrerak webgunean dituzuela salgai sarrerak.

Lasarte, iturriko ura bezain bertsolari

1927ko abenduaren 16an jaio zen Leitzako Franki baserrian Manuel Lasarte Arribillaga bertsolaria. Eta atzo hil zen Aretxabaletako zaharren egoitzan. Leitzan jaio eta Orion bizi zen, errementaria ogibidez. Iturriko ura bezain bertsolari, idazle eta kontalari emankorra. 17 urterekin Zaldibarren egin zuen bere lehen plaza, hantxe jaso zuen bere lehen hogei durokoa bertsoetatik.
lasarte

Geroztik, herriz herri urte askotan aritu zen bertsotan garaiko bertsolariekin. Uztapide, Mattin, Xalbador, Basarri, Lizaso, Lazkao Txiki, Lazkano… 1963an urdailetik operatu zutenetik osasuna izan da bere etsairik handiena. Plazaz plaza aritzeari ere utzia zion azken 25 urteotan, inoiz omenaldi edo festa berezietan bertsoren bat edo beste abesten bazuen ere. Azken urte honetan egin du behera nabarmen bere osasunak… hainbeste bertso kantatutako gizona halaxe joan da, isil isilik. Gaur iluntzeko 19:30ean izango da hileta elizkizuna Orioko San Nikolas parrokian.

Azpeitiko kanporaketa eta Sarako afaria Hitzetik Hortzeran

Ainara Lasa oiartzuarra izango da asteon platoko gonbidatua Hitzetik Hortzeran. Lasa G Puntuko antolatzaile taldean dabil eta “Hariketak, lotzea askatzea denean” erakusketa jarrita dauka Hondarribiko Modotti tailerrean. Azpeitiko kanporaketan bizitakoaz, bertsolari-bertsozale hartu-emanaz eta arte-sorkuntzaz, orohar, arituko da Ainara Lasa.
ainaralasa

Joan den aste-hondarreko uholdeek lanak eman zizkien zaleei Azpeitiraino iristeko; hala ere bete egin zen Izarraizpe frontoia. Jokin Urangak bildu zuen puntu gehien G Puntuko azken kanporaketan. Urangarekin batera Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiratzabal Xamoa, Unai Muñoa eta Ane Labaka aritu ziren oholtzan; guztietatik zerbait erakutsiko dute programan.

Gainera, Sarako bertso-afariko ale hautatuak ere ekarriko dituzte. Mattin Oronozek agindutako jolasetan fin aritu ziren Maialen Lujanbio, Eneritz Zabaleta, Alaia Martin eta Amets Arzallus. Olhoin ikastolako gurasoek eta gaztetxeko kideek elkarlanean antolatutako saioa izan zen. Afaltzeko prestatutako uso-jana eta afalosteko bertso-saioa, biak atera ziren primerakoak.

Zuri-beltzeko AUSPOA atala ere estreinatuko dute. Hamabostero emango duten atal horretan kolaboratzaile batek AUSPOA bildumako liburu baten komentarioa egin eta pasarte bat irakurriko du. Lehendabizikoa Estitxu Fernandez kazetari lesakarra, eta berak aukeratutako liburua: Paulo Yanci eta bere lagunen bertsoak. Zapping-ean Anjel Mari Peñagarikanok Gipuzkoako txapela irabazi zuen finala errepasatuko dute. Besteak beste Peñaren garaipenagatik eta Jon Sarasuak kartzelakoan egindakoagatik oroitzen dute bertsozale askok final hura.

Hitzetik Hortzera, igandean 22:30ean ETB-1en, eta aurretik ikusgai Eitb Nahieranen.

Andoni Egañaren bihotzeko fonoteka

Euskadi Irratian, zirrikitu batetik begira jarri, eta Andoni Egañaren fonoteka arakatu dute. Musika entzule suharra ez izan arren, bere bizitzan esanahi berezia izan duten hamar abesti aukeratu ditu bertsolariak. Nolabait, bere bizimodua azaltzen dute hamar kantu dira. Entzun bada, Egañaren bihotzeko fonoteka!

egaña

ENTZUN HEMEN SAIO OSOA