Monthly Archives: June 2011

Bertsolariaren zortea

Goizeko 9:00etan bertsotan egitea ez da gauza arrunta, eta normala ez denez, ez da erosoa ere. Makarrak kendu, kotxeA hartu eta 8:45ean antolatzaileak agurtzerakoan, ez duzu pentsatzen zortekoa zarenik. Lehenengo burutazioa da ea zertarako esan ote zenuen baietz. Hala ere, zortea minutu gutxiren buruan aldatu egiten da, edo behintzat hori gertatu zitzaigun aurreko batean.
Goizeko 9:00etan kantatu behar izan genuen Bilboko Itsas Museoan medikuen jardunaldi batzuetan. Lekua apartekoa zen, baina gaiak eta orduak ez ninduten bereziki konbentziztzen. Ez dut medikuntzaz askorik ulertzen, eta ez nekien zer izango zen han kontatuko zigutena. Pentsatzen nuen goiz guztia egingo genuela halako eta bestelako medizina, sendabide, kirurgia eta sintomen gainean berbetan, baina ez zen hala izan.
Alex Rovira izeneko kataluiniar idazle eta ekonomialariaren berbaldia entzun genuen Miren Amuriza eta biok. Begiak zabal-zabal, ahoa ixteko ere lanak izan genituen. Pentsa, apunteak ere hartu egin genituen!
Egungo munduaren baloreen krisiari buelta emateko gauza askotaz hitz egin zuen Rovirak, baina bertso eskoletan lanean daudenek edo gaudenok erabiltzeko moduko hainbat kontzeptu maneiatu zituen: autoestimua, umeen hezkuntza, norbait edo zerbait izan beharra… harrigarria iruditu zitzaidan.
Zorteduna nintzela pentsatu nuen. Nire kabuz, akaso, egundo irakurriko ez nituzkeen pertsona interesgarri baten burutazioak entzuteko aukera izan nuen: bigarren ilaratik. Luxuzko palkoan geunden Miren eta biok, “hau de subertie dekogune!”, esan nion Mireni; “hoixe pentseu jonat neupe!”, erantzun zidan.
Ez dakit nik Mirenek zer egingo zuen apunteekin, baina ez dizuet gezurrik esango: hartu nituenetik ez dute asko begirazeko astirik izan. Hala ere, bertso eskoletan ari zaretenontzat baliagarria izan daitekeen esaldi bat grabatuta gelditu zitzaidan: hartu ezazue ume bat izatera iritsi daitekeen hori bezala, eta dagokion lekura iritsiko da; ordea, desastre hutsa baldin balitz bezala hartzen baduzue hasieratik ez da inoiz inora iritsiko.
Adibidea ere jarri zuen: bere semearekin futboleko partida batera joan zen, eta bere alboko aita ikusi zuen umearekin hizketan. Aita harek umeari “gaur ere erori egingo zara”, esan zion barre artean, eta partida hartan ere, umea erori egin zen. Roviraren arabera, aita harek umeari “gaur hiru gol sartuko dituzu” esan izan balio, agian, umeak ez zituen hiru gol sartuko, baina aitak lortuko zuen umeak ez erortzeko besteko konfiantzarekin jokatzea.
Balio digu bertsolari gaztetxoekin erabiltzeko, eta erabili beharko genuke. Entzuteko zortea izan genuen, eta pozik nago. Baditu bertsolaritzak momentu txarrak, onak, interesgarriak eta magikoa. Hau interesgarria izan zen, dudarik gabe!

Gpuntua aletuta, Hitza Jolasen

hitzajolasIgandeko Hitza Jolas saioan bertsolaritzaren datu base berriari buruzko informazioa eman zuten. Bertsoaren itsasoan nabigatzeko erreminta berria da hau eta Nere Erkiagari, Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideari elkarrizketa egin zion Sukiak. Tartean, bertso gehiago ere bai; Loidisaletxeren gustuko menua, Kepa Matxainen bederatzikoa, Amezketako Gpuntua, Lizaso eta Lazkanoren San Antonio bezperako puntukako saioa eta bukatzeko Hertzainak taldearen Esaiok abestia.

Larunbateko Hitza Jolas saioan Gpuntuari heldu zioten, beste behin. Zumarraga-Urretxu eta Gabiriako saioetako bertsorik onenak entzun ziren. Tartean, lehen fasearen gaineko informazioa. Hurrengo fasera pasatako 32 bertsolarien izenak zerrendatu zituen Sukiak. Unai Gaztelumendiren bederatzikoa eta Lasarteko Zabaleta auzoko bertso jaialdiko onena ere entzun genituen. Entzun saio osoa:

Hitza Jolasen, Gpuntutik Durangoko jaialdiraino

gpuntuaLarunbateko Hitza Jolas saioan Gpuntua-ri heldu zioten. Aretxabaleta eta Usurbileko saioetako bertsorik onenak entzun zituzten. Tartean, lehen fasearen gaineko gogoeta eta datu zehatzak ere eman zituzten. Usurbil eta Aretxabaletako lau saioetako irabazleak hauetxek izan ziren: Usurbilen Unai Gaztelumendi eta Jokin Uranga, Aretxabaletan Nahikari Gabilondo eta Jokin Labayen. Entzun hemen saio osoa.

Igandeko Hitza Jolas saioan. berriz, Durangoko bertsoak ekarri zituzten. DF Bertsozale Eskolak antolatuta, bertso jaialdia Durangon Plateruenea Kafe Antzokian. Amaia Agirre eta Iñaki Muruaren hitzaldien ostean, bertso jaialdia. Bertsolariak: Unai Iturriaga, Gorka Lazkano, Eneko Abasolo Abarkas eta Iratxe Ibarra. Gaiak jartzen, Maite Berriozabal. ntzun hemen saio osoa.

Amerikanuak, Western bertso-afaria, Gpuntua …

Aste honetako Hitzetik Hortzera saioak Maite Berriozabal gai-jartzailea hartu du platoan. Gainera, Algortan antolatutako western bertso-afaria izan dute hizpide. Horretaz guztiaz gain, Gpuntua-ren berri emango du Ihintza Irizarrek. Hori guztia eta askoz gehiago, Hitzetik Hortzeran.

Hernandorena Saria, Gpuntua eta beste hainbat kontu

Igandeko Hitza Jolas saioan Gpuntuaren informazioa, Asier Azpirozen bederatzikoa eta Maindi Murua Hernandorena sariko irabazlearen hitzak eta bertsoak entzun genituen. Kanpezuko bertsoak ere bai, Arabako finalisten errebantxa jokatu zen bertan. Bertsolariak: Manex Agirre, Ander Solozabal, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta Asier Otamendi. Buruz burukoa, Iñaki Viñaspre eta Asier Otamendik jokatu zuten segidilla batekin. Publikoaren txaloek erabaki behar zuten txapelduna baina, Viñaspre eta Otamendiren artean erabaki ezinda, azkenean bakoitzari txapel bana jarri zieten eta arazoa konponduta! Oroitzapenen Kajoian, 1965eko bertsoak entzun genituen. Elgoibarren, feria eguna zen eta Odeon antzokian bertso jaialdia egin zuten. Bertsolariak: Imanol Lazkano, Jose Migel Iztueta “Lazkaotxiki”, Iñaki Eizmendi “Basarri” eta Txomin Garmendia. Sakabi eta Egañazpi trikitilariak ere ez ziren. Aurkezlea, Prudentzio Egiguren “Artañola”. Entzun hemen saio osoa.

hitzajolasLarunbateko Hitza Jolas saioan, berriz, Zizurkileko bertsoak, Ander Solozabalen bederatzikoa, Etxahun Irurikoaren berri, Gpuntua-ren informazioa eta oroitzapenen kajoian, 88an Lazkano atzekoei kantari, 93an Amuriza eta Sarasua bederatziko txikian eta baita 67ko Hernaniko bertsoak ere. Hori guztia, Hitza Jolasen. Entzun hemen.