Monthly Archives: March 2012

Uxue Alberdiren gogoetak

Usurbilgo Artzabal jatetxe ireki berrian primerako bertso afaria egin zuten martxoaren 8koa ospatzeko. Onintza Enbeitak, Ainhoa Agirreazaldegik eta Uxue Alberdik jarri zuten han festarako eta gogoetarako gaia. Uxue Alberdi bera izan da platoan Jon Artanorekin Usurbilen kantatutakoez eta beste kontu batzuei buruz hitz egiteko.

Programako beste ardatza Mallabiko Izar Gorri elkartean, Beñat Ugartetxea gai-emaile zutela, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia goierritarrek egindako saioa izango zen. Zuri-beltzekoan Lazkao Txiki eta Zappingean Zeberio anaiak Ataunen 2002an; Nikolas puntu jartzen eta Xabier erantzuten. Gainera Arabako Koadrila arteko txapelketako finalerdien laburpena ere emango dute.

Getariako eta Mutiloako bertso-janak

Aurreneko aldiz antolatu dute Getariako Elkano jatetxekoek bertso-afaria. 110 lagun baino gehiago batu ziren Elkanorenean prestatutako kutixiekin hasi eta bertso-jana egiteko ondoren. Amaia Agirre, Jon Maia eta Aitzol Barandiaran aritu ziren. Gehienean librean egin zuten, baina Getariako bertso eskolakoek Jokin Egurbideren bidez jarritako gaiei ere kantatu zieten. Bitsetan joan zen afaria hasieratik amaierara. Besteak beste Getariakoaz hitz egiteko gonbidatu dute asteon Aitzol Barandiaran Munduate bertsolari ataundarra Hitzetik Hortzerako platora.

Mungiako bertso afaria, Miren Ibarluzeak maneatuta

Beñat Ugartetxeak hasieratik bertatik ekin zion Igor Elortza tentatzeari Mungiako Erreka jatetxean egindako bertso afarian. Hasieran librean eta gero Taket Bertso Eskolako kideek emandako gaiei kantatuz lortu zuten bertan bildutakoei afaloste ederra pasaraztea. Batik bat Ugartetxea Lazkao Txikiren paperetik Elortzari galdezka jarri zutenean. Joxe Migelen ahots hauskorra ondo estudiatua duela frogatu zuen Ugartetxeak. Benetakoaren eta imitatzailearen arteko aldea zenbatekoa den neurtzeko Lazkao Txiki zenaren ale bikain batzuk erakutsiko dituzte Zappingean. Zuri-beltzekoan, berriz Arozamena tabakoari kantari. Hori guztia eta gehiago aste honetako Hitzetik Hortzeran. Horra: