Monthly Archives: August 2011

Herio! Zure aurrean karakol izan nahi nuke

Bertsolaritza aldatzen ari da, garatzen ari da, egokitzen, moldatzen ari da!Garai batean gai-jartzailerik ez zegoen eta librean aritzen ziren kantuan. Bertsolariak bilatzen eta sortzen zuen gaia. Gaur egun ere abesten dute librean bertsolariek baina gaijartzailearen figura oso sustraitua dago bertsogintzan.

Doinuen eta neurrien garapena ere nabarmena da. Sei, zazpi, zortzi eta bederatzi puntuko bertsoak noiznahi entzuten dira gaur egun. Bereziki txapelketetan. Lehen ez zen horrelako konturik. Garai bateko bapateko bertsogintzan lau puntuko bertsoa zen nagusi, lau errimakoa gehienetan, zortziko handia eta zortziko txikia alegia.

Gaur egungo bertsogintzan urtero plazaratzen dira doinu berriak askotan bertsolariak berak sortuak eta beste askotan musikariren batenak dira: Xabier Lete, Mikel Laboa, Manu Chao, Bebe, Bob Marley… bistakoa da kanpoko iturrietatik ere edaten duela bertsolariak. Onintza Enbeitak blog honetan idatzitakoaren harira esango nuke bertsolaria etengabeko bilaketa batean murgilduta dagoela. Norbere buruaren bila, ezagutzen ez duen herri horren bila, errima, joskera eta hitzen bila. Neurrigabea da neurriaren barruan sartzeko bilaketan egiten den ahalegina. Eta bila ari denak aurkituko du zerbait!

Bertsolaritzaren bilaketa eta aldaketa prozesuaren adierazgarri dira bertsolariei jartzen zaizkien zenbait ariketa berezi.

Alegian bertso jaialdia egin zuten eta Felix Irazustabarrena gai-jartzaileak ariketa bereziak jarri zizkien bertsolariei. Bertsoaldi berean doinu eta neurri desberdinetan abestea, hasierako agurra bota eta segidan hiru puntu erantzun beharra eta Andoni Egañari jarri ziona, gaia eman eta hamar-hamabost minutu uztea bertsoak pentsatzeko. Hilerriira bidali zuen karakolak biltzera eta hauxe Zarauztarrak hiru bertsotan egindako pelikula. Hasiera beldurgarria baina amaiera oso zoriontsua duen pelikula da. Karakolak bezala segi dezagun lasai lasai gure buruaren bila.