Monthly Archives: May 2012

Saririk ez

Titulurik gabe geratu da Athletic, Bartzelonaren aurka Kopako finala galdu eta aurtengo denboraldian izan duen bigarren aukerari agur esan ostean. 28 urte igaro dira zuri-gorriek azkeneko aldiz txapelketa bat irabaztea lortu zutenetik. Aurtengo bi finalekin, bilbotarren lehortearen amaierak inoiz baino gertuago zirudien, baina duela hilabete inork gutxik espero zuena gertatu da: Marcelo Bielsaren taldeak jokatutako bi finalak galdu ditu. Lehenengoa, Europa League-ekoa, 3-0, Atletico Madrilen aurka; eta joan den ostiralean, Kopakoa, emaitza berberarekin, Bartzelonaren kontra. Esku hutsik. Mingarria, hain gertu izan ondoren.

marcelo_bielsa_3

Baina athleticzaleek badute pozik eta harro sentitzeko motiborik. Izan ere, nahiz eta titulurik lortu ez, Bielsaren taldeak sekulako denboraldia burutu du. Ahaztezina. Zuri-gorriak Kopako finaleraino iritsi dira, beste horrenbeste egin dute Europa League-en, eta Espainiako Ligan amaierara arte izan dira Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukerekin. Hori guztia, gainera, mundu osoan zehar arrastoa utzi duen joko-proposamen biziki ausart baten eskutik. Marcelo Bielsaren taldeek izan ohi dituzten bereizgarriekin. Talde erasokorra izan da Athletic, oldarkorra, presioa oso goian egin eta arerioaren ate ingurura baloia ukituz iristen direnetakoa, espekulatzea gustuko ez duten horietakoa. Halaxe egin diete aurre zuri-gorriek munduko talde indartsuenetako batzuei, besteak beste, Bartzelona, Paris Saint Germain, Manchester United, Schalke 04 edota Lisboako Sportingi. Harro egoteko modukoa da.

Hala ere, Athleticen denboraldiak izan du alderdi negatiborik ere, eta komenigarria litzateke hauek kontutan hartzea. Bi gabezia nagusi izan ditu Marcelo Bielsaren lanak: Alde batetik, taldea ez da momentu jakin batzuetan emaitzaren arabera jokatzeko gai izan. Zalegoari ikuskizuna eskaini behar zaio, ados, txalogarria da une oro erasora joateko jarrera hori, baina futbola, maila honetan, lehiaketa da, txapelketa. Eta hor emaitzak hartzen dira kontuan. Athleticek puntu sorta handia galdu du aurten emaitza estuak ondo gestionatzen ez jakiteagatik. Beste alde batetik, nabarmena izan da zuri-gorriek denboraldi amaieran izan duten beherakada. Nabarmena bezain logikoa, kontutan hartuta Marcelo Bielsak 13 edo 14 jokalari besterik ez dituela erabili denboraldi osoan zehar. Ikasturtea luzea eta gogorra izan da bilbotarrentzat, eta ez da harritzekoa taldearen goitik beherako ibilbide hori. Entrenatzaile argentinarrak hamaikako bera erabili du ahal izan duen bakoiztean, eta indarrez eskas iritsi dira jokalariak azken txanpara. Athleticek denboraldiko azken sei partida ofizialak galdu ditu, horietatik lau 3-0eko emaitzarekin, bi finalen kasu, eta tarte horretan 14 gol jasotzeaz gain, ez da bakar bat ere sartzeko gai izan. Datu esanguratsuak.

Hurrengo denboraldiari begira, gainera, bada zalantzaren bat edo beste. Batetik, Fernando Llorente bezalako jokalari garrantzitsuen etorkizunaren inguruko zurrumurruak airean dira dagoeneko. Arsenal dela, Chelsea dela… Eta, bestetik, ikasturtea amaitu den honetan, Bielsak oraindik ez du argitu datorren urtean Bilbon jarraituko duen edo ez, eta athleticzaleak urduritzen hasiak dira. Baita zuzendaritzakoak ere. Eta ez da gutxiagorako. Dagoeneko uxatuta behar zuketelako zalantza horiek, datorren denboraldia prestatzeko lanetan murgildu aurretik entrenatzailea zein izango den jakitea komeni izaten baita. Zentzu horretan, errespetu gutxi erakusten ari da Rosariokoa.

Goitik beherako ziklista

Jon Izagirrek balentria egin du Giroan 16.etapa Falzesen irabazita, Dolomitetan. Bere ibilia ikusita edozeinek esango luke 23 urte eta goi mailan bi urte baino ez daramatzala. Hasi berria baino kirol honen ezagutza erabatekoa duen maisu beterano jakintsua ematen du. Ihesaldiak usaindu eta bikain errematatzen dituen ziklista da.

Jonek badu anaia bat, Gorka, bera bezala Euskaltelen dabilena eta oso antzeko dohainak dituena, zalantzarik gabe aitarengandik jasoak izango dituzte, hura ere, Joseramon, ziklista izan baitzen eta birritan ziklo-kroseko Espainiako Txapeldun gainera. Ba biak ala biak, Jon eta Gorka, goitik beherako ziklistak dira, ogibide honek beharrezkoak dituen ezaugarri guztiak dituztenak. Ukitu berezia dute eta horri esker azkar ikasi dituzte lanbide honen martingala gehienak. Kirol maila ona dute, baina hori azken batean naturak eman eta norberak landu behar du. Horretaz gain ordea besteetatik bereizten dituzten ezagurri batzuen jabe ere badira. Urrutira gabe, badira euren taldean eurak baino dohain fisiko hobeak dituztenak, baina ez dira hain ziklistak.

Jon Izagirre. Argazkia: EFE

Jon Izagirre. Argazkia: EFE

Gaurkoa ez da Jon Izagirre nabarmendu den lehen aldia. Iaz Tirrenon, onenen inguruan ibili zen ibilbide gaizto askoan. Aurten Gante-Wevelgem klasiko handian nabarmendu zen. Hasieratik ihes egin eta helmugatik 15 kilometora harrapatu zuten. Bikaina izan zen bere jarduera, berarentzat oso egokia ez den ibilbidean nabarmendu baitzen, zaildu gabe dagoen esparruan. Paris-Roubaix ere duin amaitu zuen. Eta Giroa baino lehentxeago, Asturiasen, estreinatu zuen bere palmaresa erlojupekoa irabazita.

Gaurkoa ordea aparta izan da. Hasierako ihesaldi batean sartu da. Zerbaitek esana izango dio aurrera egin zezakeen taldea zela hura. Ez baita lehen ahaleginean sortu ihesaldia, lehen ordubetetan jo eta jo aritu eta 50 kilometro egin dituzte baina alferrik. Geroxeago suertatu da ihesaldi ona eta han zen Jon Izagirre. Begiz jokatu du gaur ere.

Amaieran, etapa garaipena euren jokoa zela ohartu denean, indarrez, kemenez eta jakituriaz jokatu du. Aldapan gora indarra behar da, aurkariak gainean direla amore ez emateko kemena eta ibilbideak duen zailtasunera indarrak ondo orekatu eta eraginkorra izateko jakituria. Jonek horiek denak ditu eta eskarmentua bereganatzen duenean are emaitza hobeak lortuko ditu.

Zentzuzkoena zen

Philippe Montanier

Joan den astean berretsi zuen Realak Philippe Montanier entrenatzaile karguan. Liga amaitu eta handik bi egunera. Jakinarazpena deigarria suerta liteke, frantziarrak kontratua urtebete gehiagorako sinatuta zuela kontutan hartuta. Hala ere, eta Montanierren jarraipenaren inguruko giro nahasia zela-eta, egokia da Realaren zuzendaritzak hartutako erabakia. Bi zentzutan egokia. Lehenik eta behin, asmatu dutelako jakinarazpen ofiziala eginda, ur nahasiak baretzeko balio izan baitu. Eta, era berean, erabakiaren oinarrian ere aukera onena egin dutelako.

Realaren denboraldia hotzean aztertuta, ezin esan genezake ikasturte hasieran jarritako helburuak bete ez direnik. Martin Lasarte kargutik kendu eta Philippe Montanier ekarrita, klubak bi helburu nagusi bete nahi zituen: gazteekin lan egin, eta mailari iaz baino larritasun gutxiagorekin eutsi. Denboraldi hasierako gorabeherak alde batera utzita, Realak soberan bete ditu bi helburu nagusi horiek. Egia da lehen jardunaldietan taldea noraezean aritu zela, 13. jardunaldian hondoa jo eta sailkapeneko azken postura jaisteraino, baina Sevillan Betisi irabazi ondorenetik, talde txuri-urdinak 38 puntu pilatu ditu 26 partidatan. Ez da edonolako marka. 2002-2003 denboraldi magikoaz geroztik puntu sorta handiena pilatzea lortu du Realak aurtengo sasoian, 47 guztira, eta, hori gutxi balitz, Anoetako zaleek aspaldian ez bezalako gol festez gozatzeko aukera izan dute aurtengo denboraldian. Besteak beste, Sportingen aurka 5-1 irabazi zuen Realak, Rayoren kontra 4-0, eta Zaragozari 3 gol sartu zizkieten txuri-urdinek. Honi guztiari Iñigo Martinezen agerraldi zoragarria edota Imanol Agirretxeren eztanda gehitzen badizkiogu, pozik egoteko motibo asko daukate Donostia aldean.

Baina, hala eta guztiz ere, Montanierrek ez du realzaleen gehiengoaren konfiantza bereganatzerik lortu. Seguruenik, ez dutelako ikusi klubak udaran saldu zuen kalitate salto hura. Alderdi batzuei dagokienean, nabarmena izan da taldearen aurrera pausoa; baloiaren jabe denean iaz baino errekurtso gehiago dituela erakutsi du, eta defentsa lanean ere txukunago aritu da. Baina badago zer hobetu ere. Zaleek oldarkortasun handiagoa eskatzen diote taldeari, erregulartasuna ere hobetu beharreko zerbait da, eta entrenatzaileak partida bat baino gehiagotan egindako gestio eskasak zaleen haserrea azaleratu du. Hori gutxi balitz, Montanierrek Joseba Llorente edota Diego Ifran bezalako jokalari kuttunenganako erakutsi duen konfiantza faltak ere ez du lagundu zaleen eta entrenatzailearen arteko harremana goxatzen. Gainera, emaitzei dagokienean, lehen aipatutako garaipen sendo horiez gain, ezin daitezke ahaztu Granada (4-1), Bernabeu (5-1) edota Mallorcan (6-1) jasotako porrot mingarriak. Azken honek bereziki egin zion kalte taldearen kemenari, dena alde zuela Kopako final-laurdenetatik kanpo geratu baitzen Reala. Etxetik kanpo pilatutako emaitzak ere ez dira oso onak izan, eta, iaz bezalaxe, talde txuri-urdina ez da bigarren itzulian Anoetatik urrun garaipen bakar bat ere lortzeko gai izan.

Argi-ilunak, beraz, Philippe Montanierrek Realean bete duen lehen urtean. Denboraldia bere osotasunean kontutan hartuz gero, ordea, garbi dago frantziarrak bigarren aukera bat merezi duela. Taldearen behetik gorako ibilbidea nabarmena izan da, indartsu bukatu du denboraldia Realak, eta datorren ikasturteari begira, gainera, aurrera pauso bat espero daiteke jokalarien zein entrenatzailearen partetik. Urtebete gehiagoko eskarmentua izango dutelako Lehen Mailan. Martin Lasartek bere agurrean esan bezala, gogorra da hazia erein eta lurra landu ostean fruitua jasotzeko aukerarik ez izatea. Hark merezi zuen. Honek ere bai.

Utzikeria

Lars Bak danimarkarrak ondo merezitako etapa eraman du. Bere kirol bizitzako garaipenik handiena da, normalean beste taldekide indartsuago batzuen morrontzan aritzen baita. Lottok ere merezi zuen horrenbeste sari. Azken bi urteotan Italiakoa ez den talde gutxik eman diote horrenbeste joko Giroari. Iaz etapa bat irabazi zuten Bart De Clercq-ekin, baina horretaz gain ez zitzaien ez goroldiorik itsatsi beste taldekideei ere, ihesean sarri ibili baitziren, batez ere Jan Bakelants, gaur ere, bitxia da, ihesaldian zen Radioshackeko flandestarra.

Argazkia: EFE.

Aurten bide beretik jarraitzen dute. Ez da Lottokorik ez den ihesaldirik. Etapa hasieratik zein amaieran, hamaika ahalegin egin dute eta saria gaur jaso. Garaipen zoragarria izan da, sufrimendua (mendateetan), indarra (ihes egin duenean), eta ikuspegi estrategikoa (eraso egiteko une egokia) uztartu baititu danimarkarrak.

Etapako laudorio ia guztiak Bakentzat dira, tropelak ez ditu merezi, ez behintzat Katushak. Utzikeria nabarmena izan dute eta ez dut uste opari merkeetarako daudenik. Iaz, aurrekonturik aberatseneko taldea izan zen Katusha, baina palmaresean pobreenetakoa. Aurten hobeto dabiltza, baina ez lidertzak gutxiesteko moduan. Badakit zein aitzakia jarriko zuten ez lanik egiteko, taldea ez zigortzea, ez nekatzea. Baina ze neke eta neke ondoko Ignatiev eta Brutt fundamentu pittin batekin lanean jartzea nahikoa zen-eta lotsagarri ez gelditzeko? Hala ikusi da euren erantzukizunak erabat baztertu arte. Biharko etapa, bestalde, esprinterrak dituzten taldeek kontrolatuko dute, batez ere Sky-k, eta mendateak heltzen direnean Liquigasek helduko dio zartaginari kirtenetik. Ikusiko duzue.

Ez dut uste datozen etapetan Katushak tiraka lehertu beharko duenik. Ihesaldiak izango dira, bai, baina sailkapenean atzean dagoen jendearena, eta haiekikoak egiteko ez dut uste erraiak bota beharko dituztenik. Eta azken mendateak heltzen direnean, seguru nago Szmyd, Capecchi, Agnoli eta konpainia izango direla bahea estutzen arituko direnak. Orain arte hala ikusi da eta azken astean ere beste horrenbeste izango delakoan nago.

Joaquín Rodriguezek lider jarraitzen duen arren, Katushak gaur harrika bota du elastiko arrosa, baina egunen batean litekeena da ez izatearen damua izatea.

Karrera kaskarra

Ez dakit zein den arrazoia baina aurtengo Giroa ez zait askorik gustatzen ari. Oraingoz ez. Gauza erakargarririk ez da ari gertatzen eta kritikarako arrazoiak baino ez ditut ikusten. Goraipamenerako gutxi, ez behintzat liderrentzat. Garailerik gabeko Giroa izango zela esan nuen lasterketa hasi aurretik, ez zegoela benetako faboritorik eta uste dut lehenbiziko asteak arrazoia eman didala. Hasteko, lider izan diren guztiak, lider ahulak izan dira, eta Phinney, Navardauskas eta Maloriz gain, Ryder Hesjedal bera ere larri ibili da soinean duen elastikoari eusteko. Karranpak ematen ditu antza aurten elastiko arrosak. Ozta ozta eutsi dio.

Ryder Hesjedal

Karrerako ustezko gizon indartsuek dagokien bezala jo izan balute, kanadiarrak lehen postua ia seguru galduko zuen. Ezinean ibili da igoera guztian, baina inork ez du jo eta hori da ulertzen ez dudana. Izan ere, mendate magala bitartean sekulako erakustaldiak, beldurra eragiteko modukoak, eman dituzte Katushak eta Astanak, eta baita mendatean Liquigasek ere. Baina, eraso egiteko unea heldu denean, ezer ez. Ezta ezertxo ere. Morrontza lanean aritzen direnen menera igo dira denak, Giroa irabazi asmotan diren bakar batek ere ez du eraso egiteko imintziorik txikiena ere egin.

Ezin izan dutelako pentsatzen dut, bestela a ze jarrera!! Hori bai, Giroko irabazi nahi duenak, une batzuetan ehuneko 10eko penditza duen mendate batean 30 laguneko taldetxoa hautsi ezin badu, ederki gaude!! Hori horrela bada morrontza lanean zintzo ari diren batzuei erantzukizun handiagoak ematen hasteko moduan dira talde bat baino gehiago.

BMC-ren gabeziak

Vincenzo NibaliTxirrindularitzak BMC bezalako taldeak behar ditu, epe luzerako asmoarekin sortutako egitura sendoak. Orain asko ez dela jakin dugu Andy Rihs taldeko ugazabak taldearen biziraupena 2016. urterarte ziurtatu duela eta Munduko talderik indartsuena egiteko intentzio tinkoarekin jarraitzen duela. Jakin berri da, bestalde, Vincenzo Nibali ere fitxatu nahi duela denboraldiko 2,5 miloi euroren truke. Beste harribitxi bat izango litzateke Gilbert, Evans, Hushvod, Ballan, eta besteak beste Taylor Phinney Giroko liderra dauden taldean.

Fitxaketak beharrezkoak dira talde indartsua egiteko, baina errealitateak askotan erakutsi izan du diru hutsarekin ez dela fundamemtuzko taldea osatzen. Beti ez behintzat. BMCren aurtengo emaitzak oso dira kaskarrak, oso. Gilbertek oraindik ez du proba bakar bat irabazi. Hushvodek ere ez. Evansek bakarra, Nazioarteko Kriteriuma. Ballanek beste bat, Toscanako Giroa, eta nahi bada, erantsi daiteke Trentinoko Giroan lortutako taldekako erlojupekoa. Denak ere ezer gutxi dira hain talde sendo eta aberatsarentzat. Orain egia esan, Phinney gaztearen garaipen eta elastiko arrosak apur bat estali du denboraldi hasiera ezin kaskarragoa.

Taldeak gabeziak ditu, antza. Non ez dakit zehatz mehatz, baina bat behintzat asko nabarmendu da Giroko lehen bi etapotan. Talde gisa hutsaren hurrengo dira. Taylor Phinneyren ibilia ikusi besterik ez dago. Salduta uzten dute egunero. Bigarren etapan bere kasa ibili zen beste taldeak haize babeserako prest zeudenean. Gero, gainera, helmugatik 7 kilometrora matxura izan eta bakar bakarrik utzi zuten. Eskerrak, bezperan bezain azkar ibili zen tropeleratzeko. Nik uste, Hushvod eta Pinotti ez beste guztiek matxura izan bezain azkar behar zutela bere ondoan. Baina, utikan!, ia ia pelotoian sartu zenean gelditu ziren zain, alferrik zenean alegia. Gaur beste horrenbeste gertatu da. Ballan bakarrik izan du aldamenean uneren batean, beste guztietan berak egindako esfortzu eskergak eman dio tropel buruan dagokion lekua.

Helmugan izan duen eroriak ez dauka zerikusirik arestian esandako guztiarekin, taldekideak inguruan izan edo ez esprintean beti dago erorien arriskua, baina halako talde handi batek itzuli handi bateko liderra, taldearen filosofiaren Iker izan daitekeena gainera, salduta uztea salatzekoa da.

Xabier Usabiaga: ‘Garailerik gabeko Giroa’

Michele ScarponiBihar hasiko den Giroak ez dirudi garailerik izango duenik, ez dago ohore hori merezi duen ziklistarik. Ez dago ziklista bakar baten alde ezer positiboa esateko arrazoirik. Baina, hain justu horregatik gertatu daiteke oso Giro ikusgarria, kontrol zorrotzik gabeko lasterketa izan daitekeelako, eroa, gora beheratsua eta ustekabekoz betea. Hori bai, kirol maila bestelako gaia izango da.

Psikologoek diotenez pentsamendua bi maila handitan bereizi daiteke; pentsamendu analitikoa eta intuitiboa. Giro honetan protagonista izan daitezkeen ziklista guztiak intuiziozko pentsamendutik aztertu beharko dira, ezer arrazionalik topatu nahi izanez gero hutsaren hurrengoa baino ez genuke-eta aurkituko.

Giro hau ez da ibilbidez aurreko urteetakoa bezain basatia izango baina garaileak eskalatzailea izan beharko du. Sei etapa amaituko dira mendatean eta erlojupeko gutxi izango da, 40 kilometro inguru baino ez, beste 32ak taldeka baitira eta hor espezialista ez direnek ez dute hainbesteko galerarik izaten. Ustea aintzat hartuz, beraz, Michele Scarponi izan bide da erreferentzia nagusia. Berari eta Joaquin Rodriguezi buruz bakarrik egin daiteke aipu onik. Scarponik adinako daturik ez du inork Giroan azken bi urteetan. Joaquim RodríguezLaugarren izan zen 2010ean eta bigarren iaz, baina Contadorri garaipena kendu diotenez bera da garailea eta hala izendatuko dute karrera abian jartzen denean. Egiari zor Bassok emaitza hobeak ditu, birritan irabazia baita (2006 eta 2010), baina oso irudi kaskarra eman du denboraldi osoan. Aurrean baino gehiago ikusi da atzean. Romandiako itzulia jokatu arte ez du erabaki Girora joango zenik, zalantza gehiegi lasterketa irabaztera joan bide den ziklista batentzat. Karrera atarian ondoegi ibiltzea ez da ona, baina ezin dut sinestu hain denbora gutxian hainbeste hobetuko duenik.

Konfiantza gehiago dut Joaquin Rodriguezengan. Kataluniarrak oso lasai ekingo dio probari, garaipen zakuan dituen lau garaipen garrantzitsuk ematen diote baldintza hori. Eskalatzaile petoa izan arren, mendate luzeetan baino askoz hobeto moldatzen da motz tenteetan, baina aurkariak zeintzu diren ikusita heburu handiak jartzeko moduan da.

Frank SchleckAskoz ere izen gehiago egon badaude, baina izenarekin bakarrik ez da ezer lortzen ziklismoan. Frank Schleck han izango da, baina ez dago ez buruz ez fisikoki lasterketari bete betean ekiteko moduan.

Jakob Fuglsang min hartutako taldekideak utzitako lekua beteko du eta taldean duen giroa ere ez da egokiena.

Izenak aipatzen hasita bota daitezke John Gadret (laugarren iaz), Roman Kreuziger (seigarren), Rujano (hirugarren 2005ean) edota Pozzovivo, Trentinoko Giroa hanka batekin irabazi berri Roman Kreuzigerduen italiarra, baina ez pentsamendu analitikoz ez intuitiboz ez nintzateke ausartuko horiek garaile edo podiumean izan daitezkeela esaten.

Giroak horiek dutena baino gehiago eskatu ohi dio bere garaileari.