Daily Archives: 13 May, 2012

Karrera kaskarra

Ez dakit zein den arrazoia baina aurtengo Giroa ez zait askorik gustatzen ari. Oraingoz ez. Gauza erakargarririk ez da ari gertatzen eta kritikarako arrazoiak baino ez ditut ikusten. Goraipamenerako gutxi, ez behintzat liderrentzat. Garailerik gabeko Giroa izango zela esan nuen lasterketa hasi aurretik, ez zegoela benetako faboritorik eta uste dut lehenbiziko asteak arrazoia eman didala. Hasteko, lider izan diren guztiak, lider ahulak izan dira, eta Phinney, Navardauskas eta Maloriz gain, Ryder Hesjedal bera ere larri ibili da soinean duen elastikoari eusteko. Karranpak ematen ditu antza aurten elastiko arrosak. Ozta ozta eutsi dio.

Ryder Hesjedal

Karrerako ustezko gizon indartsuek dagokien bezala jo izan balute, kanadiarrak lehen postua ia seguru galduko zuen. Ezinean ibili da igoera guztian, baina inork ez du jo eta hori da ulertzen ez dudana. Izan ere, mendate magala bitartean sekulako erakustaldiak, beldurra eragiteko modukoak, eman dituzte Katushak eta Astanak, eta baita mendatean Liquigasek ere. Baina, eraso egiteko unea heldu denean, ezer ez. Ezta ezertxo ere. Morrontza lanean aritzen direnen menera igo dira denak, Giroa irabazi asmotan diren bakar batek ere ez du eraso egiteko imintziorik txikiena ere egin.

Ezin izan dutelako pentsatzen dut, bestela a ze jarrera!! Hori bai, Giroko irabazi nahi duenak, une batzuetan ehuneko 10eko penditza duen mendate batean 30 laguneko taldetxoa hautsi ezin badu, ederki gaude!! Hori horrela bada morrontza lanean zintzo ari diren batzuei erantzukizun handiagoak ematen hasteko moduan dira talde bat baino gehiago.