Daily Archives: 22 May, 2012

Zentzuzkoena zen

Philippe Montanier

Joan den astean berretsi zuen Realak Philippe Montanier entrenatzaile karguan. Liga amaitu eta handik bi egunera. Jakinarazpena deigarria suerta liteke, frantziarrak kontratua urtebete gehiagorako sinatuta zuela kontutan hartuta. Hala ere, eta Montanierren jarraipenaren inguruko giro nahasia zela-eta, egokia da Realaren zuzendaritzak hartutako erabakia. Bi zentzutan egokia. Lehenik eta behin, asmatu dutelako jakinarazpen ofiziala eginda, ur nahasiak baretzeko balio izan baitu. Eta, era berean, erabakiaren oinarrian ere aukera onena egin dutelako.

Realaren denboraldia hotzean aztertuta, ezin esan genezake ikasturte hasieran jarritako helburuak bete ez direnik. Martin Lasarte kargutik kendu eta Philippe Montanier ekarrita, klubak bi helburu nagusi bete nahi zituen: gazteekin lan egin, eta mailari iaz baino larritasun gutxiagorekin eutsi. Denboraldi hasierako gorabeherak alde batera utzita, Realak soberan bete ditu bi helburu nagusi horiek. Egia da lehen jardunaldietan taldea noraezean aritu zela, 13. jardunaldian hondoa jo eta sailkapeneko azken postura jaisteraino, baina Sevillan Betisi irabazi ondorenetik, talde txuri-urdinak 38 puntu pilatu ditu 26 partidatan. Ez da edonolako marka. 2002-2003 denboraldi magikoaz geroztik puntu sorta handiena pilatzea lortu du Realak aurtengo sasoian, 47 guztira, eta, hori gutxi balitz, Anoetako zaleek aspaldian ez bezalako gol festez gozatzeko aukera izan dute aurtengo denboraldian. Besteak beste, Sportingen aurka 5-1 irabazi zuen Realak, Rayoren kontra 4-0, eta Zaragozari 3 gol sartu zizkieten txuri-urdinek. Honi guztiari IƱigo Martinezen agerraldi zoragarria edota Imanol Agirretxeren eztanda gehitzen badizkiogu, pozik egoteko motibo asko daukate Donostia aldean.

Baina, hala eta guztiz ere, Montanierrek ez du realzaleen gehiengoaren konfiantza bereganatzerik lortu. Seguruenik, ez dutelako ikusi klubak udaran saldu zuen kalitate salto hura. Alderdi batzuei dagokienean, nabarmena izan da taldearen aurrera pausoa; baloiaren jabe denean iaz baino errekurtso gehiago dituela erakutsi du, eta defentsa lanean ere txukunago aritu da. Baina badago zer hobetu ere. Zaleek oldarkortasun handiagoa eskatzen diote taldeari, erregulartasuna ere hobetu beharreko zerbait da, eta entrenatzaileak partida bat baino gehiagotan egindako gestio eskasak zaleen haserrea azaleratu du. Hori gutxi balitz, Montanierrek Joseba Llorente edota Diego Ifran bezalako jokalari kuttunenganako erakutsi duen konfiantza faltak ere ez du lagundu zaleen eta entrenatzailearen arteko harremana goxatzen. Gainera, emaitzei dagokienean, lehen aipatutako garaipen sendo horiez gain, ezin daitezke ahaztu Granada (4-1), Bernabeu (5-1) edota Mallorcan (6-1) jasotako porrot mingarriak. Azken honek bereziki egin zion kalte taldearen kemenari, dena alde zuela Kopako final-laurdenetatik kanpo geratu baitzen Reala. Etxetik kanpo pilatutako emaitzak ere ez dira oso onak izan, eta, iaz bezalaxe, talde txuri-urdina ez da bigarren itzulian Anoetatik urrun garaipen bakar bat ere lortzeko gai izan.

Argi-ilunak, beraz, Philippe Montanierrek Realean bete duen lehen urtean. Denboraldia bere osotasunean kontutan hartuz gero, ordea, garbi dago frantziarrak bigarren aukera bat merezi duela. Taldearen behetik gorako ibilbidea nabarmena izan da, indartsu bukatu du denboraldia Realak, eta datorren ikasturteari begira, gainera, aurrera pauso bat espero daiteke jokalarien zein entrenatzailearen partetik. Urtebete gehiagoko eskarmentua izango dutelako Lehen Mailan. Martin Lasartek bere agurrean esan bezala, gogorra da hazia erein eta lurra landu ostean fruitua jasotzeko aukerarik ez izatea. Hark merezi zuen. Honek ere bai.