Daily Archives: 17 May, 2012

Utzikeria

Lars Bak danimarkarrak ondo merezitako etapa eraman du. Bere kirol bizitzako garaipenik handiena da, normalean beste taldekide indartsuago batzuen morrontzan aritzen baita. Lottok ere merezi zuen horrenbeste sari. Azken bi urteotan Italiakoa ez den talde gutxik eman diote horrenbeste joko Giroari. Iaz etapa bat irabazi zuten Bart De Clercq-ekin, baina horretaz gain ez zitzaien ez goroldiorik itsatsi beste taldekideei ere, ihesean sarri ibili baitziren, batez ere Jan Bakelants, gaur ere, bitxia da, ihesaldian zen Radioshackeko flandestarra.

Argazkia: EFE.

Aurten bide beretik jarraitzen dute. Ez da Lottokorik ez den ihesaldirik. Etapa hasieratik zein amaieran, hamaika ahalegin egin dute eta saria gaur jaso. Garaipen zoragarria izan da, sufrimendua (mendateetan), indarra (ihes egin duenean), eta ikuspegi estrategikoa (eraso egiteko une egokia) uztartu baititu danimarkarrak.

Etapako laudorio ia guztiak Bakentzat dira, tropelak ez ditu merezi, ez behintzat Katushak. Utzikeria nabarmena izan dute eta ez dut uste opari merkeetarako daudenik. Iaz, aurrekonturik aberatseneko taldea izan zen Katusha, baina palmaresean pobreenetakoa. Aurten hobeto dabiltza, baina ez lidertzak gutxiesteko moduan. Badakit zein aitzakia jarriko zuten ez lanik egiteko, taldea ez zigortzea, ez nekatzea. Baina ze neke eta neke ondoko Ignatiev eta Brutt fundamentu pittin batekin lanean jartzea nahikoa zen-eta lotsagarri ez gelditzeko? Hala ikusi da euren erantzukizunak erabat baztertu arte. Biharko etapa, bestalde, esprinterrak dituzten taldeek kontrolatuko dute, batez ere Sky-k, eta mendateak heltzen direnean Liquigasek helduko dio zartaginari kirtenetik. Ikusiko duzue.

Ez dut uste datozen etapetan Katushak tiraka lehertu beharko duenik. Ihesaldiak izango dira, bai, baina sailkapenean atzean dagoen jendearena, eta haiekikoak egiteko ez dut uste erraiak bota beharko dituztenik. Eta azken mendateak heltzen direnean, seguru nago Szmyd, Capecchi, Agnoli eta konpainia izango direla bahea estutzen arituko direnak. Orain arte hala ikusi da eta azken astean ere beste horrenbeste izango delakoan nago.

JoaquĆ­n Rodriguezek lider jarraitzen duen arren, Katushak gaur harrika bota du elastiko arrosa, baina egunen batean litekeena da ez izatearen damua izatea.