Saririk ez

Titulurik gabe geratu da Athletic, Bartzelonaren aurka Kopako finala galdu eta aurtengo denboraldian izan duen bigarren aukerari agur esan ostean. 28 urte igaro dira zuri-gorriek azkeneko aldiz txapelketa bat irabaztea lortu zutenetik. Aurtengo bi finalekin, bilbotarren lehortearen amaierak inoiz baino gertuago zirudien, baina duela hilabete inork gutxik espero zuena gertatu da: Marcelo Bielsaren taldeak jokatutako bi finalak galdu ditu. Lehenengoa, Europa League-ekoa, 3-0, Atletico Madrilen aurka; eta joan den ostiralean, Kopakoa, emaitza berberarekin, Bartzelonaren kontra. Esku hutsik. Mingarria, hain gertu izan ondoren.

marcelo_bielsa_3

Baina athleticzaleek badute pozik eta harro sentitzeko motiborik. Izan ere, nahiz eta titulurik lortu ez, Bielsaren taldeak sekulako denboraldia burutu du. Ahaztezina. Zuri-gorriak Kopako finaleraino iritsi dira, beste horrenbeste egin dute Europa League-en, eta Espainiako Ligan amaierara arte izan dira Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukerekin. Hori guztia, gainera, mundu osoan zehar arrastoa utzi duen joko-proposamen biziki ausart baten eskutik. Marcelo Bielsaren taldeek izan ohi dituzten bereizgarriekin. Talde erasokorra izan da Athletic, oldarkorra, presioa oso goian egin eta arerioaren ate ingurura baloia ukituz iristen direnetakoa, espekulatzea gustuko ez duten horietakoa. Halaxe egin diete aurre zuri-gorriek munduko talde indartsuenetako batzuei, besteak beste, Bartzelona, Paris Saint Germain, Manchester United, Schalke 04 edota Lisboako Sportingi. Harro egoteko modukoa da.

Hala ere, Athleticen denboraldiak izan du alderdi negatiborik ere, eta komenigarria litzateke hauek kontutan hartzea. Bi gabezia nagusi izan ditu Marcelo Bielsaren lanak: Alde batetik, taldea ez da momentu jakin batzuetan emaitzaren arabera jokatzeko gai izan. Zalegoari ikuskizuna eskaini behar zaio, ados, txalogarria da une oro erasora joateko jarrera hori, baina futbola, maila honetan, lehiaketa da, txapelketa. Eta hor emaitzak hartzen dira kontuan. Athleticek puntu sorta handia galdu du aurten emaitza estuak ondo gestionatzen ez jakiteagatik. Beste alde batetik, nabarmena izan da zuri-gorriek denboraldi amaieran izan duten beherakada. Nabarmena bezain logikoa, kontutan hartuta Marcelo Bielsak 13 edo 14 jokalari besterik ez dituela erabili denboraldi osoan zehar. Ikasturtea luzea eta gogorra izan da bilbotarrentzat, eta ez da harritzekoa taldearen goitik beherako ibilbide hori. Entrenatzaile argentinarrak hamaikako bera erabili du ahal izan duen bakoiztean, eta indarrez eskas iritsi dira jokalariak azken txanpara. Athleticek denboraldiko azken sei partida ofizialak galdu ditu, horietatik lau 3-0eko emaitzarekin, bi finalen kasu, eta tarte horretan 14 gol jasotzeaz gain, ez da bakar bat ere sartzeko gai izan. Datu esanguratsuak.

Hurrengo denboraldiari begira, gainera, bada zalantzaren bat edo beste. Batetik, Fernando Llorente bezalako jokalari garrantzitsuen etorkizunaren inguruko zurrumurruak airean dira dagoeneko. Arsenal dela, Chelsea dela… Eta, bestetik, ikasturtea amaitu den honetan, Bielsak oraindik ez du argitu datorren urtean Bilbon jarraituko duen edo ez, eta athleticzaleak urduritzen hasiak dira. Baita zuzendaritzakoak ere. Eta ez da gutxiagorako. Dagoeneko uxatuta behar zuketelako zalantza horiek, datorren denboraldia prestatzeko lanetan murgildu aurretik entrenatzailea zein izango den jakitea komeni izaten baita. Zentzu horretan, errespetu gutxi erakusten ari da Rosariokoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *