Monthly Archives: April 2012

Itxarotearen bertutea

Cadel Evans erretiratu egin da. Simon Gerrans 20. postuan sailkatu da, Alejandro Valverde 22. eta Joaquin Rodriguez 24. Amstel Gold Raceko faborito askok huts egin dute, ez dute iragarritakorik bete. Ez dute euren mailarik onenean jardun. Karrera Enrico Gasparotto 30 urteko italiar batek irabazi ditu, ezustean. Zortzi urtean ez du dozena lasterketarik ere irabazi, ez da handietako bat, baina handietako bat irabazi du. Aurre ikusitako mailan ibili direnak Peter Sagan (hirugarren), Voeckler (bosgarren) eta Samuel Sanchez (zazpigarren) izan dira. Nik ez nuen uste Freire (laugarren) eta Gilbert (seigarren) hain ondo ibiliko zirenik.

Alejandro ValverdeGasparottok batzuetan itxarotea, zain egotea, zeinen garrantzitsua den erakutsi du. Bardet harrapatu eta gutxira Freirek egin du ihes, helmugarako zazpi kilometro faltan. Frantziarra hasierako ihesaldian izan da eta sekulako adore erakustaldia eman du. Oso maila onean aritu da. Freireren joera ez da ohikoa izan. Kantabriarra azerikerien maisua izan da. Beti azken unerarte zain egon eta behar beharrezkoa zenean agertzen zen, azken 25 metroetan. Gaur kontrakoa egin du. Ihes. Bere azken emaitzak ikusita, beharbada, ez zeukan beste irtenbiderik. Orain arte lasterketa horretan egin duena ikusita ere ez. Beti zain egoteak ez dio aparteko emaitzik eman. Bost aldiz sailkatu da aurreneko hamarretan, baina inoiz ez du irabazi, ez-eta podiumik lortu ere. Gaur esku eskura izan du. Ondo egin du, ze arraio!

Gilbert ez da Freire bezain goiztiar ibili, baina hura ere goizegi, zituen indarrentzako. Iaz leku berean jo eta harri txintxarrak altxa zituen, inork ezin izan zion jarraitu. Gaur hiru lagunek eutsi diote eta azkenean pasa ere bai. Hala ere oso denbora gutxian nabarmen egin du gora eta horrek erakusten du zenbat duen berezkotik. Litekeena da gaur zortzi, Liegen, doi doi egotea. Ona litzateke.

Belgikako txapeldunaren ostean Saganek jo du. Gilbert gainditu duela ikusita seguru garaile jo duela bere burua, baina hura ere bere esfortzuan ito da helmuga baino lehen. Lehertu egin da 20 metrora. Ez da harritzekoa 22 urterekin. Esperientzia falta ordaindu egiten da, larrutik ordaindu ere.

Ziur nago Gasparotto ez zihoala Sagan baino indartsuago, ez Gilbert eta Freire baino sendoago ere, baina litekeena da karrera gutxi irabazi izanak beldurra eragitea. Seguru bere burua ez duela inguruan zituenen pare ikusi eta horregatik zuhur jokatu du, lehertzeko beldurrez. Gaur zain egotea abantaila izan da.

Boonen, harbideetako jainkoa

Tom BoonenFabian Cancellara tropelean ez bada, Tom Boonenek ez du kontrariorik harbideetan. Paris-Roubaix klasikoan ikusi da. Haren oztoporik gabe inoiz erakutsi duen ausardiarik handiena izan du flandestarrak eta erakustaldi latza eman. Aurrez hirutan gailendua izan arren inoiz ez aurten adinako diferentziarekin. Sekula ez zituen aurkariak modu harrigarri horretan zapaldu. Harbideen azpian utzi ditu, bera bakarrik ibili da gainetik. Indarra beti izan du, naturak emana du hori. Abiadura ere bai. Inoiz ez zaio karrerako ikuspegi egokirik eta babestu duen talderik falta izan, baina litekeena da aurten adinako heldutasunik ez izatea. Ezaugarri hori aurreko hiruzpalau urtetan egindako akatsetatik ikasi du, amildegiaren ertzean ohartu zen nora zihoan.

Gaurko erakustaldiarekin Boonenek Roger De Vlaemick handiaren 4 garaipeneko marka berdindu du. Baina beste bat jarri. Berak bakarrik lortu du birritan Flandriako Tourra eta Roubaix denboraldi berean uztartzea. 2005ean egin zuen lehenbizikoz, aurten bigarrengoz.

Gaurko balentria ere historiako onenen parekoa izan da. Ia 55 kilometro buruan, bakarrik, ihes eginda. Beste modu batean ere gailendu zitekeen. Taldekideen lana gehiago baliatu zezakeen, edo aurkarien hutsegiteak aprobetxatu edo esprintaren zain gelditu, baita helmugatik gertuago zegoen harbideren batean ihes egin ere. Baina ez, gaur dena bakarrik egin nahi izan du. Eta egin du, gogotik egin ere. Harbideak alfonbra gorri bihurtu ditu bere ibili dotore indartsua luzitzeko. Talde ia osoen auzolana ezerezean utzi du eta Flecha, Ballan, Boom edo Pozzatoren ahalegina hutsaren hurrengo izan dira. Italiarra erori egin da, baina kolpe handiagoa eman dio harbideetako jainkoa bere gainetik pasa dela ikusteak.

Lortu du

Samuel Sanchezek lasai har dezake atseden. Lortu du bere itzulia, bere taldearena, zaleen nahia asetu du. Etxeko taldearen azken garaipena ia ia ahazturik dago. Iban Mayok lortu zuen 2003an. Samuelek aurten, orduan Mayok izan zuen ia nagusitasun berdina izan du. Horregatik izan da bidezkoa berak irabaztea, onena izan delako, indartsuena eta bere kirol bizitzak hainbeste merezi zuelako. Azken urteetan inork ez dio eman karrera honi Samuelek eman diona. Zazpi etapak, hiru podiumek eta beti garaipenaren lehian ibiltzeak merezi dute saririk. Samuelek aurten handiena lortu du.

Erlojupekoak bere nagusitasuna berrestea baino ez du egin. Bere errendimenduak, hori bai, zalantzak eragiten zituen. 2006ko ekitaldiak pisu handia izan du iragarleen artean. Orduan, garaipena bakarrik ez podiuma ere galdu egin zuen. Baina geroztik asko hazi da Samuel. Ondorengoak dira Olinpiar Jokoen garaipena, EHI-ko erlojupekoa, Vueltako lau etapa, bi podium, Tourreko etapa eta mendia, orain dena hobeto kudeatzen du, bere bertuteak, gabeziak, presioa, aurkariak, dena.

Itzuli honetan dena alde izan du asturiarrak. Bere gorputzaldia, Voltako etapa garaipenak emandako bultzada, aurkari arriskutsu batzuen parte hartze eza, ibilbidea, eguraldia eta erlojupekoa. Erlojupeko horrek ez du lekurik ziklismoan, ez erlojupeko gisa. Arriskutsuegia da. Ziriari zotza eta zotzari zipotza sartu diote antolatzaileek. Uste dut ibilbideen zeregina dela ahalik eta ziklista gehienei garaipenerako aukera berdintsuak ematea, bai eskalatzaileei eta bai erlojupeko espezialista edo etapa ehiztariei. Horretarako, uste dut, astebeteko itzulietan nahikoa dira 10-12 kilometro, edo gehienez 15. 20 asko dira eta hain arriskutsuak badira, gehiegikeria deritzot.

Hori bai uste dut errepideak hautaketa zuzena egin duela, aste osoan ikusi denaren laburpena da sailkapena. Lastima litzateke karrerari ekarpenik handiena egin dioten ziklistak, egunero jo eta jo aritu diren biak, merezitako saririk gabe gelditzea erlojupeko batengatik, eta hori behin baino gehiagotan gertatu da.

Garaipen honekin Samuel asebeteta gelditu bide da eta bere babesleak egitura horrek babesten jarraitzea merezi duela pentsatu beharko luke, herri oso baten izaeraren bertuteak erakusteko ez dirudi modu txarra.

Xabier Usabiaga: ‘Gustuko ziklismoa’

Euskal Herriko Itzulia iragarri ezina ari da izaten. Albiste ona da. Izan litekeen onena, aurre ikusi ezin diren gertaerak ari baitira jazoten eta horrek eragin du ikuskizuna zirraragarria izatea. Horretan zerikusi handia du ibilbideak. Baita ziklisten joak ere, jakina. Azken bi etapetan bi gauzak eman dira aldi berean, eta karrerak aldapa motz pikoen beharra berretsi du argi eta garbi.

Ibardingo azken 500 metroak Arrate baino erabakigarriagoak izan dira. Eta Garagaltzako aldapak Oñatiko amaiera Arantzazun amaituta baino ere erakargarriagoa egin du. Ziur nago. Ez dago baserri arteko malkar horiek adinako urduritasun eta mugimenduak eragingo dituenik mendate luzerik. Hori da arrakastaren formula.

Gaurko etapak, berez, arlotea behar zuen, garrantzi handirik gabeko ihesaldi bati erabateko protagonismoa eman behar ziona. Baina, ezta hurrik eman ere! Itzuliko onena izan da. Astanaren eta Kiserlowskiren meritua da hori, batez ere. Deskargan egin duten mugimentua zoragarria izan da. Kiserlowskik aurrera egin du ausardia handiz. Ez da normala lider batek, eta are gutxiago sailkapen nagusian laugarren postuan egonda, aurrera hain urrutitik jotzea. Petrov taldekidea eraman du berarekin, izan zezakeen lagingilerik onena.

Argazkia: EITB.Buruan berderatzi lagun elkartu eta ataka gaiztoan jarri dituzte beste lider guztiak. Egungo liderrek ez dakite zer egin morroirik gabe gelditzen direnean. Morrontza handiegia dute. Erasoren bat edo beste jo dute, baina ez gora, ez behera eta ez ordekan ez dira Kiserlowskirengana gerturatu. Meritu hori Dani Morenorena da, liderraren taldekidearena.

Jokabidez lortu ez dutena, abildadez erdietsi dute Joaquin Rodriguezek eta Samuel Sanchezek: Kiserlowski harrapatzea alegia.

Ziurtasunik ez daukat, baina egingo nuke helmugan sari banaketa egin dutela Joaquin Rodriguezek eta Samuelek: batek etapa, besteak, ustez, sailkapen nagusia. Tony Martini orain 47 segundo ateratzen dizkio Euskaltelkoak, baina haren mehatxua hor dago oraindik.

Xabier Usabiaga: ‘Galeraren irabazia’

Galera oro ez da mingarria. Batzutan ezinbestekoa da garaipenerako. Samuel Sanchezek amore eman behar izan du gaur Ibardin gainean, Joaquin Rodriguezek hartu dio aurrea, horrelako penditz gogorretan Munduko espezialistarik onenetarikoak. Lidertza ere eman behar izan du, baina hori ez da arazoa. Orain, azken garaipena, atzo, lider zenean baino, gertuago dauka.

Joaquin Rodriguez ez da berarentzat arazoa. Ez berarentzat eta ez atzetik dituen beste askorentzat ere. Erlojupekoren bat tarteko den kasu ia gehienetan ezingo du irabazi. Munduko eskalatzailerik onenetarikoa da, baina baita erlojupekoan txarrenetarikoa ere. Samuel Sanchezen kezka iturriak, Chris Horner eta Tony Martin ziren, eta biek ala biek, denbora galdu dute gaur. Asko ez, baina erabakigarriak izan daitezkeen segunduen galera izan dute.

Honer ez da erlojupekoetan espezialista. Egin lezake izugarrizko saioa, orain bi urte Orion egin zuenaren parekoa. Baina egin lezake huts, askotan egin duen moduan. Urrutira gabe orain gutxi Tirreno-Adriatikon. Baina arazo hori ez da Hornerrena bakarrik, Samuelek ere hanka horretatik egiten du herren. Gogoan izan 2006an, Euskal Herriko Itzulian bertan, lidertza ez ezik podiuma ere galdu zuela azken erlojupekoan.

Espezialitate horretan benetako espezialista Tony Martin da, egungo Munduko Txapelduna. Arazo bat dauka, ibilbidea. Luzera hori bera ibilbidea lauan balu, ezerezean utziko luke orain duen atzerapena. Baina Oñatiko erlojupekoa oso da gogorra eta konplikatua lehen eta azken zatian. Horrek atzerapena laburtzeko aukera mugatu egiten dio.

Hori guztia kontutan hartuta esan liteke Samuel Sanchezek gaurko galeran irabazia izan duela, baina inork ez daki nahikoa izango den.

Xabier Usabiaga: ‘Arrateko erregea’

Samuel Sanchezek Arraten irabazi du. Lortu du bere etapa. Ia urterekoa. Seigarrena. Bide batez, marka jarri du hirutan jarraian irabazita. Kostako da lorpen hori haustea. Ez da erraza Arraten irabaztea, are zailagoa da hirutan jarraian gailentzea. Arrateko errega izan bide da puska batean.

Iragarri gabeko ezer gutxi gertatu da. Nañabarduraren bat edo beste. Faboritoak, nagusiak behintzat, aurrean izan dira. Samuel Sanchez eta Chris Horner. Estatubatuarra izan da guztietan ausartena, inork baino lehen eraso egin duena. Eta eraso egin bakarrik ez, bere joari iraupena eman dio, txapeldunek egiten duten moduan. Besteren baitan egon gabe, eurek jorratzen dute komeni zaien bidea. Antzera jokatu du Joaquin Rodriguezek.

Samuel geroago heldu da lasterketa burura. Hotzagoa da, zuhurragoa, azeriagoa. Hori bai erraz heldu da bikoarengana, nahiz eta haiengandik metro batera geldituta nekatu itxurak egiten aritu den. Geroxeago, helmugatik gertu, berriro erreleboak emateari utzi egin dio, nagi ibili da eta Joaquin Rodriguezek jokabide zeken hori aurpegiratu dio. Uste dut kataluniarrak arrazoi zuela kasu horretan. Samuelek ez du inor engainatzen jada. Bere azpikeriak ezagunak dira eta noiz edo noiz larrutik ordaindu ditu. Uste dut iaz Alpe d’Huezen horregatik ez zuela irabazi, martingala gehitxo ibili zuelako Contador harrapatu zuenean. Txapeldun baten estatusa eta palmaresa ditu, baina beti ez du hala jokatzen.

Txapeldun gisa jokatu izan balu, uste dut Horner eta Joaquin harrapatzearekin bat segiko zuela lanean, aurkariak atzean uztea lehenetsiko zuela. Ez zuen egin eta etapa irabazi zuen. Beajondeiola, baina orain beste mehatxu bat dauka, Tony Martin, iazko erlojupeko garailea, Munduko Txapelduna.

Xabier Usabiaga: ‘Maila falta da’

Euskal Herriko Itzuli honi zerbait falta zaio. Gatza eta piperra seguraski. Orain arte behintzat bai. Gauza arraroak ikusi dira. Eskalatzaileak ia ia esprintean nagusitu dira (Wouter Poels), esprint bideratzaileak gailendu dira (Impey), eta itzulia irabazi edota podiumean izan diren ziklistak atzean gelditu dira lehen bi egunetan, etaparik gozonoetan. Gogorra da esatea baina aurtengo Euskal Herriko Itzulia bere historiari huts egiten ari zaio. Ziurrenik, azken urteetako ahulenetakoa ari da izaten.

Badakit jakin, tropelean dabiltzanen ustea justu kontrakoa izango dela, inor ez dela bat etorriko esandakoarekin. Badakit. Badakit, errealitatearen pertzeptzioa oso dela desberdina tropelaren barruan eta kanpoan. Eta badakit haiena zehatzagoa dela. Badakit. Azken batean ikusleok, eta pedalak ematen ez ditugun guztiok gara kasu honetan ikusleak, ez daukagu bizikleta gainean sufritzen denaren aztarnarik ere. Eta sufritu izan dugunoi ere ahaztu egiten zaigu. Baina, aldi berean jakin badakit ziklistek aurreko urteetako garaileen zerrendari erreparatuko baliote bat etorriko liratekeela esandakoarekin, alegia, ia inoiz ez direla bi etapetan jarraian hain profil baxuko ziklistak nagusitu. Ez da iritzia. Errepasatu datuak eta ikusiko duzue.

Daryl Impey, bigarren etapako garailea da adibiderik garbiena. Aurretik esan nahi dut asko poztu nauela bere garaipenak, ziklista hori bizitza galtzear egon baitzen orain hiru urte. Turkiako Itzulia irabaztear zela, azken etapan, Theo Bos izeneko ziklista holandar batek bizkarretik heldu eta hesien kontra jaurti zuen Impey. Txikituta gelditu zen. Orno hezurrak eta matrailezurra hautsi zituen. Bi hilabete egon zen ohean, dieta likidoari esker iraun zuen bizirik. Gaurko garaipenarte, horixe zen bere kirol bizitzako daturik aipagarriena.

Xabier Usabiaga: ‘Aurten behar du’

Samuel Sanchezek behin baino gehiagotan izan du Euskal Herriko Itzulia irabazteko aukera. Ibili, beti ibili izan da ondo. Bost etapa garaipen ditu eta hirutan igo da podiumera, beti hirugarren. Baina, irabazteko aukerarik onena 2006an izan zuen. Azken etapara, Zallako erlojupekora, lider heldu zen, baina huts egin eta azkenean seigarren amaitu zuen. Garaipenetik ez da inoiz hain gertu egon.

Aurtengo ekitaldia gaur jarriko da abian eta auskalo zer postutan amaituko duen, baina, teorian, inoiz baino aukera hobea du sailkapen nagusian gailentzeko. Bera sasoiko da. Hori ezinbestekoa da. Kataluniako Voltan etapa bat irabazi zuen eta bigarren amaitu sailkapen nagusian. Azken bi astetan, normalean, gora egingo zuen, prestaketa hartarako doitu duelako. Ibilbidea, eta batez ere azken erlojupekoa aldeko ditu. Garaipena lortzeko kontutan hartu beharreko beste ezaugarria aurkariak dira, eta horretan ere abantaila handia izango du beste urte batzuekin alderatuz.

Aurtengo itzuli txiki onenetan nagusitu diren ziklista bakar bat ere ez da izango bertan. Ez Wiggins (Paris-Niza), ez Nibali (Tirreno-Adriatiko), ez Valverde (Andaluzia), ez Evans (Nazioarteko Kriteriuma), Leipheimer (San Luis). Hori alde handia da.

Beldurrik handiena Chris Hornerrek eman bide dio. 2010an nagusitu zen eta Tirrenon oso oso ondo ibili zen, irabazteko zorian izan zen. Izenei begiratuz gero Andreas Klodenek ere errezeloren bat sortuko dio baina alemaniarra ez da iazkoa. Ez dirudi behintzat. Iaz 5. Izan zen Algarven, ondoren 2. Paris-Nizan eta gero Euskal Herriko Itzulia eraman zuen. Aurten, ez da inon agertu.

Aurkariak ordea, etxeko atarira atera orduko sortzen dira. Joanquin Rodriguez, Cunego, Scarponi, Jurgen Van den Broeck, Robert Gesink, Dan Martin edota Peter Velits eta beste batzuk aintzat hartzeko moduko izenak dira, baina Samuel Sanchezek ez lioke inori beldurrik izan behar. Aurten du, inoiz izatekotan, irabazteko aukera.