Daily Archives: 9 March, 2011

Erlojuaren kontra

rabobank

Ezer baino lehen esan nahi dut ez nagoela erlojpekoen kontra. Oso proba interesgarriak iruditzen zaizkit. Ziklismoko espezialitaterik zailena da, norberak izatez dituen dohainez gain, beste hainbat jorratu behar direlako: kontzentrazioa, teknika, aerodinamika eta abar. Erlojupekoa taldean bada, zailtasunak areagotu egiten dira, ezaugarri eta maila desberdinetako txirrindulariak uztatu behar direlako. Izatez oso proba plastikoa da ikusteko.

Hori esanda ordea, uste dut alde handiegiak lortzen direla erlojupekoan eta lasterketak haren baitan gelditzen direla. Ez da egungo kasua baina orain urte batzuk erlojupekoan saio ona egitea ia ia nahikoa zen astebeteko zein itzuli handiak irabazteko. Exajeratua da adierazpena, baina esateko modua da.

Egungo joera bestelakoa da, zorionez. Nik uste jendeak askoz ere nahiago duela buruz buruko lehia, batez ere mendateetan ematen dena edo klasiko erako bilakaera duen proba, bestela. Hori dela-eta, erlojupekoak gutxitu eta distantziak laburtzeko joera nabarmentzen ari da. Baina, hara non, Tirreno-Adriatikok inoiz egin ez duena egin duen aurten. Bakarra ez bi erlojupeko jarri ditu, bat taldekakoa. Astebeteko itzulirako gehiegi da eta ondorioak berehala etorri dira. Alde handiak izan dira lehen etapan, eta horrek, uste dut, karrera salduta utzi duela Rabobanken mesedetan. Tropela lotzeko arrazoi asko dute.

Batetik, liderra, Lars Boom defendatzea. Bigarrenik, Oscar Freirerekin esprintean heltzea, eta hirugarrenik, Robert Gesinkek itzulia irabazteko dituen benetako aukerei eustea. Ez da ihes egiteko ahaleginik faltako, ibilibdea bikaina da horretarako, baina taldekako erlojupekoan izan diren diferentziak erabakigarriak izango dira bai azken emaitzan eta bai probaren bilakaeran. Lastima.

Australia puri purian dago

Orain urte batzuk UCI-k Australiako lasterketa bat korritzera joateko proposamena egin zien taldeei. Nazioarteko elkargoak ziklismoa mundu zabalean sustatzeko erabakia harturik zeukan ordurako baina ziklista eta batikbat taldeek ez zuten batere abegi onez hartu gonbitea. Dirua ordaintzen zuten, bai, baina ez zegoen Qatarren edo Omanen dagoen petrodolarrik. Ezta Frantziako Tour boteretsua ere gonbitearen atzean. Ordea, urte batzuren buruan Australia puri purian dago. Egindako esfortzuaren saria da.

Australiako ziklistek badaramate denbora pixka bat han eta hemen nabarmentzen. Gehientsuenak soslai beretsuko ziklistak dira: azkarrak, teknika onekoak eta erlojuaren kontra txukun moldatzen direnak. Pistan zaildutakoak dira, han dago Australiako ziklismoaren harrobia. Gehienak Australiako federazioaren semeak dira, Australian ez zegoelako ziklismo profesionalik, ez zegoen egitura sendorik eta ziklistak hezitzeko erantzukizuna federazioak hartu behar izan zuen bere gain. Britania Handia da beste adibidea, bi herrialde horiek hautsi dute lan sisteman zaharkituta gelditzen ari den Europaren tradizioa.

Ez dira denak izarrak, gehienek ziklismoaren ogibide ilunean egiten dute lan, izarrik distiratsuenen itzalean, baina dituzten aukerak ondo baliatzen dituztenak dira. Matthew Goss da adibide garbia, Paris-Nizako hirugarren etapa irabazi eta lider egon den ziklista. Baina badira askoz gehiago eta haiekin guztiekin talde bat eratzen ari dira hurrengo urterako, soilik australiarrekin osatutako taldea. Ezin izango dituzte denak fitxatu, baina Evans, Porte, Haussler, O’Grady, McEwen, Henderson, Matthews, Goss, Cameron Meyer, Rogers, Jesse Sergent, Allan Davis Mark Renshaw, Ben Swift, Chris Sutton, Jack Bobridge, Travis Meyer, Leigh Howard, Johnny Walker, Graeme Brown, Ben King, Simon Clarke, Wesley Sulzberger, Mitchell Docker, Adam Hansen, Matthew Lloyd, Rony Sutherland, Baden Cooke, Brett Lancaster, Simon Gerrans, Matthew Hayman, eta besteren batzuekin aise osatu daiteke Australiako ziklismoaren maila duintasunez ordezkatuko duen taldea.