Australia puri purian dago

Orain urte batzuk UCI-k Australiako lasterketa bat korritzera joateko proposamena egin zien taldeei. Nazioarteko elkargoak ziklismoa mundu zabalean sustatzeko erabakia harturik zeukan ordurako baina ziklista eta batikbat taldeek ez zuten batere abegi onez hartu gonbitea. Dirua ordaintzen zuten, bai, baina ez zegoen Qatarren edo Omanen dagoen petrodolarrik. Ezta Frantziako Tour boteretsua ere gonbitearen atzean. Ordea, urte batzuren buruan Australia puri purian dago. Egindako esfortzuaren saria da.

Australiako ziklistek badaramate denbora pixka bat han eta hemen nabarmentzen. Gehientsuenak soslai beretsuko ziklistak dira: azkarrak, teknika onekoak eta erlojuaren kontra txukun moldatzen direnak. Pistan zaildutakoak dira, han dago Australiako ziklismoaren harrobia. Gehienak Australiako federazioaren semeak dira, Australian ez zegoelako ziklismo profesionalik, ez zegoen egitura sendorik eta ziklistak hezitzeko erantzukizuna federazioak hartu behar izan zuen bere gain. Britania Handia da beste adibidea, bi herrialde horiek hautsi dute lan sisteman zaharkituta gelditzen ari den Europaren tradizioa.

Ez dira denak izarrak, gehienek ziklismoaren ogibide ilunean egiten dute lan, izarrik distiratsuenen itzalean, baina dituzten aukerak ondo baliatzen dituztenak dira. Matthew Goss da adibide garbia, Paris-Nizako hirugarren etapa irabazi eta lider egon den ziklista. Baina badira askoz gehiago eta haiekin guztiekin talde bat eratzen ari dira hurrengo urterako, soilik australiarrekin osatutako taldea. Ezin izango dituzte denak fitxatu, baina Evans, Porte, Haussler, O’Grady, McEwen, Henderson, Matthews, Goss, Cameron Meyer, Rogers, Jesse Sergent, Allan Davis Mark Renshaw, Ben Swift, Chris Sutton, Jack Bobridge, Travis Meyer, Leigh Howard, Johnny Walker, Graeme Brown, Ben King, Simon Clarke, Wesley Sulzberger, Mitchell Docker, Adam Hansen, Matthew Lloyd, Rony Sutherland, Baden Cooke, Brett Lancaster, Simon Gerrans, Matthew Hayman, eta besteren batzuekin aise osatu daiteke Australiako ziklismoaren maila duintasunez ordezkatuko duen taldea.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *