Monthly Archives: April 2011

Garaipen bat baino gehiago

Jonathan Castroviejok irabazi du Romandiako itzuliko aitzin etapa. Ustekabeko emaitza da. Berak ere ezin zuen sinetsi. Getxoztarra beti ibili izan da ondo erlojupekotan, baina hain ondo inoiz ez. Dena egin du ondo baino hobeto. Erlojupekoetan oso zaila da ziklisten ibilerari antzematea, estiloak eta pedalkerak desberdinak dira oso. Izan liteke baldarra baino eraginkorra, baita dotorea eta kamutsa ere. Baina, Castroviejoren ibilian zerbait igartzen zen. Kadentzia altuko pedalkerari, aerodinamika ona, teknika aparta, ausardia eta kemena erantsi zizkion. Garaipenaren formula.

Gaurkoa du lehen garaipena Castroviejok, baina garaipen bat baino gehiago da. Esanahi asko ditu garaipen honek. Batetik, teorian bera baino hobeak diren eta batez ere palmares eta izen handiagoa dutenen aurrean ez delako kokildu eta hil ala biziko jarreraz jokatu duelako. Inoiz ez da etsi behar, ezta Munduko espezialistarik handienen aurrean ere. Hori erakutsi du bizkaitarrak. Bestetik, bere kirol bilakaerari bultzada handia emango diolako, orain, lehena irabazita, garaipena lor lezakeela jakin badaki, konfiantza izango du aurrerantzean. Eta garaipen hori euskal ziklismoaren garaipena ere bada. Talentu handiko ziklistek euren kabuz irabazten dute, Castroviejok euskal ziklismoaren formakuntza baliatu du gorenera heltzeko. Junior mailan Punta Galean hasi, afizionatu etan Seguros Bilbaon jarraitu (Beñat Intxaustiren itzalean hasieran), Orbeara jauzi egin eta handik Euskaltelera. Euskal ziklismoaren piramideko solairu guztiak igo ditut urratsez urrats, eta gailurrera bere 24. urtebetetze bezperan heldu da.

Elastiko horiak hain egun seinlatuak merezi duen disitra emango dio Euskaltelgoari.

Philippe Gilbert beste dimentsio batean sartu da

Atzoko garaipenaz geroztik Gilbet beste dimentsio batean sartu da. Klasikozalerik handien erreinura egin du jauzi. Eddy Merckx, Van Looy, De Vlaeminck, Kelly, Raas, Museeuw, Moser, Bartoli, Bettini eta beste banan banako batzuen aldamenean dago bere izena betirako. Lehen ere klasikozale porrokatua zen, baina orain beste neurri batekoa da, eta horretarako bi arazori eman behar izan die irtenbidea: bata erresistentzia, bestea jokabidea.

Orain pare bat urterarte Gilbertek irabazten zuen karrera orok ez zuen 200 kilometrotik gora. Handik aurrera behera egiten zuen, han zeukan langa. Horren lekuko dira Het Volkeko garaipenak edota Waloniako Sari Nagusia. Baina ez zen arazo fisikoa bakarrik, bere jokabide sutsuak ere energia garaia baino lehenago erre arazten zion. Gilbertek aske korritzen zuen, ia estrategiarik gabe. Kirioak lotu ezinik. Bihotz eta arima. Bururik ez. Erraiak botatzen zituen han eta hemen. Dena ematen zuen ezer gelditzen ez zitzaion arte. Horretan zetzan bere ikusgarritasunak, baina baita bere ahuldadeak ere. Beste edozein ziklistek askoz ere etekin hobea aterako ziekeen hain dohain aberatsei, garaipen gehiago izango zituzkeen. Ez hain ikusgarriak, nahi bada, baina bai gehiago. Eraso euforia etengabean bizitzeak hutsegite asko eragin dizkio. Liege-Bastogne-Liege da horren lekuko. Orain bi urte 25 kilometroren faltan oldartu zen, ero. 5 falta zirela ematen zuen, bere joa ikusita. Haren esfortzu keinu eta ahalegina!. Jakina, bakarrik zen, lasterketa buruan. Baina Andy Schleckek harrapatu zuenean bi errelebo baino ez zizkion eman ahal izan. Dena emanda zeukan ordurako eta artean 20ren bat kilometro falta ziren. Hala ere, gero, laugarren izan zen.

Atzo ez zuen horrelako akatsik egin. Bere eraldaketa gauzatua dagoela ikusi zen. Faborito garbia zen, denek bere gurpila zuten begiz jota, baina azti ibili zen. Sua ez zuen berak piztu. Schelck gazteak jo zuen orain bi urteko leku beretsuan, 21 kilometroren faltan-edo, Cote de la Roche aux Faucons aldapan. Denek burua gira zuten, erasoaz beldurtuta. Bi salbuespen: Gilbert eta Frank Schleck.

Bi anaiek ezin izan zuten deus egin Gilbertek nagusitasuna zanpatzeko. Nahi eran ibili zen. Saint Nicholasen aztertu zituen belgikarrak. Andy atzera. Frankek doi-doi eutsi zion. Garaile sentitu zen eta garaile izan zen handik gutxira. Frank Schleckek podiumean egin zion agur ohorea izan zen Gilberten erregetzaren gorazarrerik egokiena.

Philippe Gilberten ametsa

Edonork esango luke Lombardiarko Giro bi, beste horrenbeste Amstel Gold Race, Paris-Tours eta Het Volk, Giroko bi etapa, Vueltako beste bat eta beste dozenaka proba irabazita, edozein ziklistak aseta izango lituzkeela bere handinahiak. Ziklista gehienek jakin badakite palmares hori ametsen esparruari dagokiola eta banan banako batzuen esku baino ez dagoela. Bada, palmares hori Philippe Gilberti dagokio, eta kontua da bera ez dagoela oraindik okituta, baduela, oraindik, egia bihurtu nahi duen amets bat: Liege-Bastogne-Liege irabaztea.

Egia esan ez da harritzekoa Gilbertek nahi hori izatea, ametsa baino gehiago lasterketa hori bere bizitza baita, ziklista izatearen arrazoia. Han hasi zen dena. Bere bizitza Remouchamps herrian, Liegeko mendaterik mitikoenaren magalean, 1982ko uztailaren 5ean. Eta bere kirol bizitza, La Redouten, 1992ko apirilaren 19an. Artean, 9 urte zituen.

Urte hartan La Redouteko malda pikoetara joan zen, familia lagun. Erraz irudikatu daiteke Gilbert txikia ziklisten zain, urduri, zirrara menderatu ezinik. Ez nahi ordurako baina halako batean agertu ziren bere idoloak. Dirk De Wolf izeneko ziklista belgikar bat pasa zen aurrena, gero karrera irabazi zuen bera. Kontua da orduantxe egin ziola kosk Gilberti ziklismoaren harrak. Irudia iltzatuta gelditu zitzaion memorian eta oraindik garden ikusten omen du. Hala esana du berak: “lasterka hori irabaztea da nire benetako ametsa”.

Harrezgero Gilbertek ez du denborarik alferrik galdu. Ikasketak utzi zituen amateur mailan. Profesionala izan nahi zuen. Zirt edo zart. Porrotaren amildegi ertzean beti, baina beti aurrera. Ez du bide errazik izan, jendea zain izan du. Goiztiarra izatearen eskaerak handiak dira. Baina, azkenik heldu da ametsa egia bihurtzeko garaia. Heldu da Liege irabazteko ordua.

Izenemate kontuak

Harrigarria da, lasterketa batzuetan zenbateko aurrerapenarekin izena eman behar dugun.
Gutxi gora behera berenganatuta dugu Behobia – Donostia lasterketan, maiatza aldera, izena eman behar dugula…6 hilabete lehenago!!
Baina badaude askosaz gehiago eta okerrena da hedatzen ari dela. Duela egun batzuk jaso dugu Donostiako 15km-tako klasikoan izena emateko gonbitea, lasterketa urrian da eta apirilean gaude…6 hilabete lehenago berriz ere.

Behobia – Donostian, lasterkariok burruka asko egin ostean, kasu batzuetan izenematea bertan behera uztea (beti ere diru galerarekin) edo hurrengo urterako dortsala gordetzea (oso aukera ona kasurik txarrenean) lortu zen. Baina lasterketa askotan, agian jende gutxiago mugitzen dutelako ez da hori gertatzen. Esperientziagatik esan dezakegu, pasadan urtean badaezpada ere abuztu aldean izenea eman genuela Donostiako Maratoian, baina lesio baten ondorioz izenematea bertan behera utzi behar izan genuela. Honek jadanik emandako diruaren %50 galtzea suposatzen zuen eta hori justifikate medikua eskatzen dutela.

Korrikalariok normalean korri egiten ez badugu ez da kapritxoagatik, ezin dugulako baizik.

Eredu bezala mendi lasterketak ditugu, adibidez, Zegama – Aizkorri mendi maratoian, izenematea bertan behera utzi ezkero emandako diruaren
%100-a bueltatzen dizute.

Philippe Gilberten arte lana Amstelen

Philippe Gilbert uste zena baino geroago hasi da goi-goi mailako probak irabazten. Horrek ez du esan nahi berandu dabilenik, oraindik 28 urte ditu-eta, teorian ziklista baten adinik onena. Kontua da berari buruzko goraipamenak eta iragarpen baikorrak goizegi hasi zirela. Baina bera aurre ikusitako guztia ari da betetzen. Seguraski ziklistarik anitzena da, edozein klasiko irabazteko gai den bakarra, baita Paris-Roubaix ere. Hori ezin du beste inork esan, ezta Cancellark edota Boonenek ere, haien gorputzkerarentzat Ardenetako edo Lombardiako Giroko ibilbideak gogorregiak dira.

Gilbertek binaka lortzen ditu garaipen handiak. Birirtan irabazi zuen Paris-Tours, gailendu zen lehen klasiko handia. Lombardiako Giro bi ditu eta atzoz geroztik baita bi Amstel Gold Race ere. Horietan denetan erakutsi du ausardia eta kirol maila handia, baina atzokoan, aurrekoetan ez bezala, zuhurtzia eta maisutasun estrategiko bikainak erabili zituen.

Izan ere ataka estuan zegoen, faborito argi izaten diren guztiak egon ohi diren moduan. Bestela, galde diezaiotela Fabian Cancellarari. Lasterketa buruko taldean gutxienez hiru taldeko ordezkari bat baino gehiago zuten gailentzeko moduan. Leopard-Trek taldeak Fuglsang eta Andy Schleck zituen. Katushak Kolobnev eta Joaquin Rodriguez, eta Rabobankek, Gesik, Freire eta Paul Martens. Gilbertek taldekide bi zituen, baina irabazteko gaitasuna berak barraik zuen. Apustu bakarra zeukan eta denak bere kontrako jarrera.

Joaquín Rodriguez mugitu zenean, Jurgen Vandenbroeckek zapuztu zuen haren ahalegina. Ondoren, ordea, Andy Schleck jo zuen. Han hasi ziren komeriak. Vannendert taldekidea ez zen nahikoa hura lotzeko eta Gilbert erreleboak ematen hasi zen. Eman zitzazkeen indartsuagoak, baina kalte izango zuen, aurkariei mesede egin eta batez ere taldekidea ito zuelako. Vannendertek ezin zuenean Gilbert bera ere atzera joan zen, taldekidea jipoitu beharrean errekuperatzeko beta emanaz, eta Gilbertek handik aurrera eman zituen errelebo guztiak aldapa behera izan ziren, esfortzuak aparteko nekerik eragingo ez zion lekuan alegia. Maisutasun handiko erabakiak izan ziren.

Gainera argi eta garbi entzun zen taldekideari aginduak eta animoak berak ematen zizkiola zuzenean, ez autotik eta horrekin erakutsi zuen ziklista guztiak ez daudela pinganilloarekin autora lotuta.

Cauberg magalera heldu eta Andy Schleck eskura zutela, erleak loretan bezala ibili zen. Bere bertute aberatsen erakustaldi gozoa nahikoa izan zen bizikleta gaineko arte lana borobiltzeko.

Alberto Contadorren ñabardurak

Ez da ezer berezirik gertatu Gaztela-Leon itzuliko lehen etapan. Zazpi lagun, zazpi ziklista apal ibili dira ihesean ametsa bezala inoiz lortu ez duten helmugaren bila. Francisco Ventoso (Monvistar) gailendu da, esprintean. Ez da ustekabekoa. Gaztela-Leongo amaierak ondo ezagutzen ditu, aurrez ere lau aldiz irabazia baita bertan: hiru etapa 2007an eta bat 2008an. Aurten gainera, sasoiko dabil, hirugarren garaipena du.

Baina, izan da azpimarratzeko moduko ñabardurarik, Alberto Contadorren jarrera deigarria egin baitzait. Jarrera izaeraren ispilua bada Contador lasterketa irabaztera joan dela garbi dago. Aparteko premiarik ez bazuen ere, taldea ia ia beste inor baino lehen hasi da tiraka, eta behin iheskideak harrapatu dituztenean, ez da tropeleko 10. postutik atzeratu. Batetik haize babesaren arriskua zegoelako. Horretaz gain, mugimendu arrikutsu nimiñoenari arrapaladan erantzuten zion.

Jokamolde horrek bi gauza adierazen ditu. Batetik Sierra Nevadan egin dako kontzentraziotik sasoiko itzuli da. Bestetik karreran oso kontzentratua dago. Ondorioa: okerrik ezean hanka bakarrarekin irabaziko du.

Denak Cancellararen aurka

Johan Van Summeren belgikarrak irabazi du Paris-Roubaix. Denboraldiko ustekabekorik handienetakoa izango da. Seguru. Garmin-Cerveloko ziklistak zortzi urte daramatza profesionaletan eta bi karrera baino ez ditu irabazi, Poloniako Itzulia eta bertako etapa bat, biak 2007an. Hori bai, bere ahalegin eskergari esker bere taldekideek hamaika garaipen lortu izan dute. Morrontza lanerako gutxi dira bera bezalakoak, ibilide orotan egin baitezake lan eta une erabakigarrietan gainera, berdin harbideetako klasikoetan, Ardenetan edota itzuli handietako mendateetan.

Bere garaipenak bi giltzarri izan dituela esango nuke. Batetik bere kirol maila. Hori ez da gutxietsi behar. Orain bi urte bosgarren izan zen Paris-Roubaixen eta zortzigarren urtebete lehenago. Postu horiek ez daude edonoren esku, are gutxiago berak bezala lan eginaz gero.

Eta beste giltzarria ziklista guztiek Fabian Cancellararekiko duten obsesioa izan da. Denek bere kontra korritzen dute, baina logikoa da. Harelbekeko Sari Nagusian emandako erakustaldiak izutu egin zituen bere aurkariak eta orain haren ondorioak jasaten ari da. Horregatik gaur 45 kilometrora erasoa joa eta aurrena Hushovd eta ondoren Ballan berarekin eraman dituenean inork ez dio erreleborik eman. Eta berak, hori ere logikoa da, gogaitu eta lan egiteari utzi egin dio. Hori eta L’Arbreko harbidean motor batek egin dion enbarazua erabakigarriak izan dira karreraren bilakaeran.

Halere, Cancellara bigarren sailkatu da eta beste behin erakutsi du bera izan dela indartsuena, baina onena Johan Van Summeren. Berak bakarrik erabili ditu beharrezkoak ziren baliabide guztiak neurri egokian.

Andreas Kloden, metodologiaren garaipena

Alemaniarrek buru gogorrak izatearen fama dute. Andreas Kloden, hortaz, alemaniar peto petoa da. Euskal Herriko Itzuliaren garailea oso ziklista metodikoa da. Gauza bakoitza bere lekuan eta neurrian behar duen horietakoa. Justua. Bere errendimentuan zerikusirik izan dezakeen ñabardura oro hartzen du kontuan. Eta ustekabean gerta litekeen aldaketaren batek sobera aztoratzen du.

Maniatikoen ezaugarriak ditu, baina ez dira, preseski, kapritxo hutsak. Adibidez, bizikletako materialari dagokionez, taldekide guztiek ez bezala berak zela desberdina erabiltzen du. Pedalak ere bai. Bere oinetakoak ere ez dira taldeak ofizialki erabiltzen dituenak, konpetentziakoak dira eta horregatik daramatza itxuraldatuta. Eta Zallako erlojupekoan ere ez du eraman arautegiak agintzen zion elastiko zuria, bere taldeko erlojupeko buzoa baizik.

Entrenamendu eta egutegiari dagokionez ere antzeko zorroztasuna du. Inori ez zaio gustatzen egutegia bapatean aldatzea, baina Klodeni ezin zaio aldatu. Jaikoak guarda! ezinbestekoa ez den aldaketaren bat proposatuz gero.

Baina bitxikeria horiek denak ez dira txoriburu baten burutazio arinak, bere onena eman ahal izateko ñabardura ororekin obsesionatuta dagoen perfekzionista baten baldintzak dira. Betidanik izan da horrelakoa Kloden, eta orain, 35 urterekin, ez da noski aldatuko. Ez dauka, gainera, zertan aldaturik, jokabide zuzen horri esker lortu baitu urteetan ziklismoaren pulpitoan irautea. Eta hori gutxi batzuen esku baino ez dago.

Samuel Sanchez aztia da

Mendateek indarraren legea bakarrik onartzen dute normalean. Ezer gutxirako balio izaten dute azpijokoek, aldapa gora bertuteak eta gabeziak, denak bistan gelditzen dira. Lege horretan oinarriturik Samuel Sanchez Arraten gora igo zen ziklistarik indartsuena dela pentsatu beharko genuke, baina ez da egia. Irudiek argi utzi zuten. Erasoetan ez zuen parte hartu, aldaparik gogorrenetan imintziorik ere ez zuen egin, nahikoa lan zuen aurkarien erasoei erantzuten. Ohi baino motelako irteten zen gainera, asturiarrak jakin badaki beroago jokatzen, arrapostu azkarreko ziklista da-eta.

Erasoak eraso ordea indarrak oso parekatuta daude. Ahalegina handiagoa zen ahalmena baino. Helmugara inoiz baino jende gehiago heldu zen elkarrekin, hamaika. Inoiz ez da horrelakorik gertatu. Horrelakoetan, indarrek ezer erabaki ezin dutenean alegia, beste ezaugarri batzuk sartzen dira jokoan, eta horretan asmatu zuen Euskaltelgoak. Beste inor baino aztiago izan zen. Ez zuen alferrikako indarrik xahutu, neurri egokian erantzun eta itxaron zuen, erantzun eta itxaron behar zen garaian. Horretan maisua da, zuhurtziaren errege.

Eta helmuga aski ondo ezagutzeaz gain (iaz garaile eta orain urte bi hirugarren izan zen) jaitsieran beldur gutxi eta trebetasun handia duenez, indartsuena izan gabe ere, gailentzeko beharrezkoak diren ezaugarrien uztarketari esker nagusitu da.